Edukira zuzenean joan

Jenny Holzer. Zera deskribaezina

TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE TAG_Tirudiak_VALUE
Izenburua:
Jenny Holzer. Zera deskribaezina
Data:
2019ko martxoak 22 - 2019ko irailak 9
Komisariotza:
Petra Joos
Erakusketa mota:
Banakakoa
Gaiak:
Gizakia | Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta literatura | Artea eta politika | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Argia | Materiala | Irailaren 11 | Ingurunea eta natura | AEB | Gogoeta | Indarkeria
Mugimendu artistikoak:
Arte Kontzeptuala
Erakusketa birtuala:
https://jennyholzer.guggenheim-bilbao.eus/eu/

Testua

Arte-ikasketetako ikasle gisa, pinturan espezializatu zen Jenny Holzer. Kazimir Malevich, Ad Reinhardt, Mark Rothko eta Barnett Newman bezalako pintore abstraktuen obra miretsi zuen. 1970eko hamarkadaren amaieran, ordea, Whitney museoko ikasketa-programa independentean zegoen bitartean, New Yorken, Holzer arte publikoan arreta jartzen hasi zen, eta testua erabiltzen, adierazpide nagusi gisa.

Hautu horri buruz, honakoa adierazi du artistak: “Hizkuntza aukeratu dut pertsonek —ez ezinbestean artearen mundukoek— nire obren edukia uler zezaten”.

Artistaren sailik goiztiarrena, Truisms (1977—1979) deiturikoa, esaldi bakarreko 250 adierazpenek osatzen dute. Aforismo, esakune eta klixeen antzeko, Holzerren “topikoek” jarrera teoriko, filosofiko eta politiko sorta zabala biltzen dute beren barruan. Truismo bakoitzak polemikoa izan litekeen ideia bat aurkezten du, egitate zintzo bat balitz bezala. Truismoen multzoak hainbat ikuspuntu eskaintzen ditu, eta ikusleari aukera ematen dio aztertzeko nola egituratzen diren sozialki balioak, sinesmenak eta errealitatea.

1977. eta 2001. urteen artean, berdingabeko 13 testu-bilduma ekoiztu zituen Holzerrek, eta hainbat bitartekoren bidez erakutsi ditu publikoaren aurrean. 2001eko irailaren 11ko gertakarien ondoren, Amerikako Estatu Batuetako Gobernuak Informazio-Askatasuneko Legeari jarraiki zabaldutako dokumentuak aztertu zituen, egun hartan gertatutakoan gehiago sakondu eta jasoera horrek ekarri zuen Ekialde Hurbileko inbasioa hobeto ulertzeko. George W. Bush-en agintaldi-garaian egindako operazio militarren eta Guantanamoko presondegian egindako atxiloketen inguruan; halaber, FBItik eta beste iturri batzuetatik ateratako dokumentuak ere bilatu zituen artistak, mehatxu terroristen eta ziberkontraespioitzaren ingurukoak; mota guztietako dokumentuak bildu zituen: memorandumak, autopsia-txostenak, mapak, komunikatu diplomatikoak, galdeketa-agiriak eta atxilotuek eskuz idatzitako apelazioak. Gero, dokumentu guzti horien edukia fidelki islatu zuen olio-pinturetan, LED errotuluetan eta argi-proiekzioetan.

Mende berria hastearekin batera, aldaketa jasan zuen Holzerren lanak: berak sortutako testuak soilik erabiltzetik beste autore batzuen poemak eta prosa erabiltzera pasa zen. Fadhil Al-Azzawi-ren, Yehuda Amichai-ren, Joseph Brodsky-ren, Henri Cole-ren, Mahmoud Darwish-en, Anna Świrszczyńska-ren, Wisława Szymborska-ren eta Adam Zagajewski-ren testuak maiz erabili izan ditu Holzerrek. Berrikiago, irabazi-asmorik gabeko erakundeekin lankidetzan aritu da —tartean, Human Rights Watch, Save the Children, Nazio Batuen Erakundearen Errefuxiatuentzako Goi-Mandataritza, Not Forgotten Association eta Protect Our Defenders—, munduan barrena zuzeneko testigantzak jasotzeko: hainbat eta hainbat bizitzari eragiten dieten indarkeria eta injustiziaren berri ematen dute horiek, baina badira, era berean, eta oztopoak oztopo, ausardiaren eta esperantzaren lekukotza bizi.

Bitartekoak

Bere ibilbidean zehar, hainbat formatutan aurkeztu ditu testuak Holzerrek: erregistro ofizialean eta neurritsuan, nahiz modu jostarian eta arruntean. 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran kartelak jarri zituen Holzerrek New Yorkeko kaleetan barrena. Oinezkoek maiz gehitzen zituzten beren hausnarketa propioak euskarri horietara, edo kritikak egin, edo testu-zatiak kendu. Denboraren poderioz, posterrak hondatu edo urratu egiten ziren. Poliestirenozko erabili eta botatzeko edalontzietan, preserbatiboen bilgarrietan eta kamisetetan ere inprimatu zituen bere testuak Holzerrek, egunerokotasun arrunta eteteko bere eduki probokatzaile eta goxoekin. Lehen lerroko erakundeen eta mundu mailako ospea duten eraikinen eskutik lan egiteko gonbita jaso ahala, kokaleku zehatzetan hasi zen bere obrak gauzatzen; obra iraunkorrak, harriz landuak, LED errotuluetan gauzatuak edo beste material batzuekin eginak.

Harrian landutako lanen inguruan hau dio artistak: “Efimeroa eta gorpuzgabea dena estimatu eta harez fio naiz; baita harkaitz gogorrez ere […] Hitzak harrian zizelkatzen direnean, ukitu egin daitezke, eskuarekin irakur daitezke; paperean ez bezala antzeman daitezke. Marmolak eta granitoak denbora harrapatzen dute; errotulu elektronikoek, aldiz, beste modu bateko zeinuak igortzen dituzte. Banku-lerroek itxarongelak, auzi-gelak, ospitaleak eta elizak irudikatzera eraman dezakete jendea, onerako edo txarrerako”. Zizelkatutako harrizko lanak prestatzeko erabilitako marrazkiek, aitzitik, itxura hauskorragoa dute, palinpsestoen antzekoa. Irudi horietan artistaren oharrak ikus daitezke, eta bai kalko-paperetik harrira igarotzean testuak utzitako beste ekoizpen-marka batzuk ere.

Holzerrek sorkuntza galkorrak produzitzen jarraitzen du, eta horien artean aldi baterako eta kokapen zehatzeko argi-proiekzioak dira nabarmenenak: proiekzioetako letrak eraikin bateko fatxadan barrena mugitzen dira, edo zuhaitz baten adarren artetik, gaueko zeruan galdu baino lehen. Galera-, ausardia- eta esperantza-mezu puntualak ere aurki daitezke bere azken proiektuetan, kamioietan inprimatuak, Amerikako Estatu Batuetako hiri handietako kaleetan barrena eta monumentu garrantzitsuen aurretik igarotzen diren artean.

Lekua

Holzerren obrak ezusteko lekuetan harrapatzen dute publikoa, eta gonbita luzatzen du ikusleak gai polemikoen inguruan hausnar dezan. 1990eko hamarkadan memoria-monumentuak sortzeko gonbidapenak jasotzen hasi zen artista, nazismoari eta Bigarren Mundu Gerrako gertakariei lotutako lekuetan, hiesaren epidemiari lotutakoetan, edo, zabalago, bakeari lotutako gaien inguruan. Obra horietako ugaritan, Holzerren argi-proiekzio askotan bezala, artelanak hartzen dituen toki zehatzetako historian sakontzen duten testuak aurki daitezke (batzuk, bereak; beste batzuk, ordea, iturri literario eta artxibo desberdinetatik hartuak).

Holzer natura-inguruneetan ere aritu izan da lanean. Inguru horietan beste formatu batzuetara egokitzen dira bere instalazioak, paisaiaren edertasunak, testurek eta beste ezaugarri batzuek egokituta, izan basamortuan edo basoan. Bere ibilbidearen hasieran kalean jartzen zituen kartelen antzera, obra berriago hauek ere ideia eta emozio indartsuak sortzen dituzte toki harrigarrietan. Harkaiztiak euskarri bikain gisa agertu zaizkio esku-hartze zoli baina bizi horietarako.

Obra guzti horietan, funtsezkoa da testua leku publiko batean aurkitu eta irakurtzearen esperientzia. Artistaren beraren hitzetan: “Kaleko kartel batekin, pertsona batek metro batzuk egiteko behar duen denbora-gunea duzu. […] segundo gutxian funtzionatzen duena eskaintzen dut, edo bloke apur bat luzeagoetan, kontzentratu nahi eta ahal duten pertsonentzako. [...] Gogoan izan behar duzu ikusleak boluntarioak direla. [...] Esaldi batzuk mezu osoak dira, istant bakarrean xurga ditzakezunak, baina norbaitek luzaroago geratu nahi badu, sail oso bat dago hiru segundoko lerro horiek txertatuak dituena, eta hori konplikatuagoa bihurtzen da”.