
Seurat, Georges
Biografía
Georges Seuratek Puntillismoa sortu zuen: mihiseetan, irudia sortzeko, kolore-nahasketarik gabeko puntuak modu metodikoan erabiltzean datzan pintura-teknika. Puntu horiek optikoki nahasi egiten dira eta horrela sortzen dituzte irudiak. Kolorearen inguruko bere ikerketek pertzepzioaren inguruan egin zituen azterketetan dute jatorria eta, bereziki, Michel-Eugène Chevreul, Charles Henry eta Odgen Rood-ek kolorearen teoriaren inguruan egindako idazketa-lan garaikideetan. 1877 eta 1880 artean Seuratek egindako marrazki eta zirriborro-koadernoetako gaiek erakusten dute Naturalismoa asko interesatzen zitzaiola: nekazariak, langileen erdi mailako klasea, baserriko animaliak, landa-inguruneko paisaiak eta hiriko industria--auzoak sarri irudikatu zituen. 1880ko hamarkadaren hasierarako, marrazketan egiten zituen lanak haren margolan puntillistak izango zirenen oinarri ziren, baina teknika fintzen jarraitu zuen akabera formalari eta tonu kontrastatuei arreta jarrita.
Seuratek, 1880ko hamarkadaren hasieran, conté arkatzarekin testura handiko paperean marrazteko zaletasuna zuen eta hori ondo islatuta geratu zen lan hauetan: Atezaina (Concierge, 1884, 120. or.) eta Artistaren ama, eserita (La mère de l’artiste, assise, 1882, 121. or.). Askotan egiten dituen emakume isolatuen irudikatze tipikoak dira horiek: aurpegiak ilunduta daude eta testuinguru lasaietan azaltzen dira. Erraz identifika daitezkeen jarreretan, atezaina kanpoaldean dago zutik, atarian; aldiz, Seuraten ama etxe bateko barnealdean azaltzen da. Seuratek gogokoen zuen bitartekoaren inguruan egiten zuen manipulazioari esker, lerro eta itzaldura ugari sortzen zuen zehaztasunik gabeko giroa sortzeko, eta beltzez eta zuriz egindako tonu-gradazio leunak erabiltzen zituen horretarako. Paperaren gainazal pikortsuan egindako lerroek efektu argitsua sortzen dute eta forma modu garbian eta soiltasunez definitzen dute. Aldiz, zati ilun leunek dentsitatea eta kontrastea gehitzen dute, eta lausodura leunek eta ezabatze kontrolatuak erdi-tonuak eta kolore zuriak nabarmentzen dituzte. 1886. urterako, prestigio handia lortua zuen Puntillismoaren maisulan honekin: Igande arratsaldea Grande Jatte irlan (Un dimanche après-midi sur I’Île de la Grande Jatte, 1884–86, 9. or.). 1880ko hamarkadaren amaiera aldera, honako hauek irudikatu zituen: itsasaldeak, itsasargiak, portuak, biluziak, kafe-kontzertuak eta zirkoa. Seurat 1891n hil zen arren, bere garaikide batzuek, Henri-Edmond Cross eta Paul Signac artistek, adibidez, kolorearen ikerketaren inguruan utzi zuen ondareari jarraipena eman zioten.
Parte hartutako erakusketak
- Durero-tik Rauschenberg-era: marrazkiaren muina. Albertina eta Guggenheim Bildumetako maisulanak
- 1999ko martxoak 9 - 1999ko maiatzak 16
- Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
- 2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17
- Serra/Seurat. Marrazkiak
- 2022ko ekainak 9 - 2022ko irailak 6