Edukira zuzenean joan

Toulouse-Lautrec, Henri de

Albi (Frantzia), 1864 | Malromé (Frantzia), 1901

Toulouse-Lautrec, Henri de

Toulouse-Lautrec, Henri de

DOKUMENTUAK IKUSI

Biografía

Henri de Toulouse-Lautrec Albiko aristokraziako familia aberats batean jaio zen, Frantzia hego-mendebaldean, eta artean umea zela ikasi zuen zaldiz ibiltzen. Sarritan, bere aitarekin joaten zen zaldi lasterketetara eta, bertan piztu zitzaion hipikarako grina, bizi izan zen artean iraun ziona. Hala ere, lehiaketa horietan ikusle gisa baino ez zuen parte hartu, osasun arazo batzuek behar bezala haztea eragotzi baitzioten nerabezaroan, bai eta ondorio mingarriak utzi ere. Kirolekin lotura zuten gaietan arreta ipinita hasi zen artista lanetan: zaldiketa, batez ere zaldi lasterketak, eta ehiza bezalako gaiak landu zituen. 1882an Parisera lekualdatu zen Léon Bonnat eta Fernand Cormon artista frantses famatuen tailerretan ikastera eta, bertan, Louis Anquetin, Émile Bernard eta Vincent van Gogh ezagutu zituen. 1884an, Montmartreko estudio batean kokatu zen, baita bertako gaueko bizitza animatu eta endekatuan ibiltzeko ohitura hartu ere, hara bildutako bezero aberatsekin, langileekin zein artistekin ondoz ondo. Tartean zen Aristide Bruant kantaria ere, Toulouse-Lautrec-en hainbat publizitate karteletan identifika dezakeguna, Enbaxadoreak, edo Aristide Bruant (Ambassadeurs, Aristide Bruant, 1892, 131. or.) lanetan, adibidez. Bere irudikapenetan, kafe-kontzertuak, kabaretak, music hallak eta putetxeak zein hara bildu ohi zirenak modu ez sentimentalean baina enpatiaz margotzen zituen, eta XIX. mende amaierako Parisko gaueko bizitza erakusten dute. Zirkoa izan zen bere gai gogokoenetako bat, zaldi ikuskizunak batez ere. Bere enkoadraketa berritzaileengatik eta kolore lauko gainazalengatik, ikuskizun publiko zein pribatu popularrei buruzko ortodoxia eskaseko eszena hauek japoniar grabatuetatik edaten dutela uste da. Nola bere pinturetan, hala bere marrazkietan eta, geroago, karteletan zein litografietan, Toulouse-Lautrecek estilo adierazkor baten alde egin zuen: naturalismo eskaseko kolore biziak eta lerroetan jarritako indarra, lan hauek agerian uzten duten bezala: Moulin Rougen, La Goulue eta bere ahizpa (Au Moulin Rouge, La Goulue et sa sœur, 1892, 133. or.), Divan Japonais (1892 – 93, 31. or.), Eglantine andereñoaren tropela (La Troupe de Mademoiselle Eglantine, 1895 – 96, 137. or.), eta Jane Avril, 1899 (134. or.).

Parte hartutako erakusketak

Francis Bacon: Picassotik Velázquezera
2016ko irailak 30 - 2017ko urtarrilak 8
Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
2018ko irailak 21 - 2019ko martxoak 24