- Izenburua:
- Albert Oehlen. Irudiaren atzean
- Data:
- 2016ko urriak 21 - 2017ko otsailak 5
- Komisariotza:
- Petra Joos
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Artea eta umorea | Artea eta teknologia | Artea. Teoria | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erretratua eta autorretratua | Natura | Alemania | Gogoeta
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa | Arte Garaikidea | Arte Kontzeptuala | Espresionismoa
- Erakusketa birtuala:
- https://albertoehlen.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketa#erakusketa
Albert Oehlen (Krefeld, Alemania, 1954) azken hamarkadetako pintore gailenetako bat da, baita Bigarren Mundu Gerra osteko Alemaniako artista polemikoenetako bat ere. Gaur egungo artearen erakusle den estiloa du, eta hura sortzeko hainbat iturri eta baliabide uztartzen ditu: publizitatearen teknikak, espresionismoaren pintzelkada, surrealismoaren keinua eta ordenagailuz sortutako irudiak. Artista kontzeptuala da Oehlen, pintura baliabidetzat duena; haren artegintzarekin, hots, margotuz, ekarpena egin dio arte-giroan XX. mendearen erdialdetik aldian-aldian sortzen den eztabaidari, alegia, pintura “zaharkitutako” baliabidea dela. Haren lanen interpretazioari buruz honakoa esan du artistak: “Bakoitzak nahi duena pentsa dezala. Aspergarria da esanahien inguruan hitz egitea. Publikoaren ulermena eta publikoarekiko konplizitatea ez zaizkit ardura. Norberak nahi duena senti dezala”. Azken urteetan, Oehlenek askatasuna landu du —artistak berak azaldu du horixe duela gai nagusi—; mihisea jorratzeko ausardia eta kontrolik eza askatasun horren erakusle dira. Antzinako pinturaren hiztegia gordetzen duten teknika berriak erabiltzen ditu eta horrek sentsazio bitxia sorrarazten du, paradoxikoa, zerbait berria baina ezaguna dela sentitzen baitugu.
Hiru seriez, bi autorretratuz eta collage-pintura sortu berri batez osatutako erakusketa honek ez du atzera begirako arrunt bat izateko asmorik, adierazpen artistiko bat baizik. Lehenengo seriea abstraktua da, 1980ko hamarkadakoa; bigarrena, 1990eko hamarkadan ordenagailuz egindako lanek osatzen dute; eta 1989an hasitako eta oraindik amaitu gabe dagoen hirugarren serieak zuhaitzen gaia jorratzen du. Erakusketak “irudiaren atzean ikusten zenbateraino gai garen” aztertzen du. Erakusketa honetarako aukeratutako pinturak, hasiera batean, formalki diferenteak badira ere, hiru serieek nukleo komun bat dute, elkarren artean erlazionatzen dituena eta elkarren artean loturak finkatzen uzten duena. Oehlen lanetan irudiak ironia eta iradokizun bihurtzen dira. “Diletante” batek egindako keinu bidez sortutako “margolan txar” horiek pintura klasikoaren idealak betiko apurtzen dituzte. Pinturaren irekitasun hori artistak aukeratutako gaietan ere antzeman daiteke.
Autorretratuak
Bere ibilbidean, Albert Oehlenek hainbat autorretratu egin ditu. Lan horietan, artearen esanahiari eta artistaren nortasunari buruzko gogoeta planteatzeko abiapuntu gisa bere irudi propioa erabiltzen du.
Lan horietan, margolaria figurazioaren eta abstrakzioaren arteko oreka-puntu bat bilatzen saiatzen da, genero klasiko baten bitartez, praktika artistikoaren arauak, eta betebehar kultural, estetiko eta artistiko tradizionalak zalantzan jartzeko.
Autorretratu hauetan, subjektua ez da garrantzitsuena; izan ere, kasu honetan artistari bere ideiak azaltzeko baliabide bihurtzen da gaia. Normalean, Oehlenen erretratuak kolore-gama gutxirekin eginak daude –tonu marroiak, okreak eta grisak nagusi dira–, eta keinuzko estilo zuzen batekin margotuak daude, teknika “antibirtuosoa” nahita erabiliz.
Norbera udaberri (Selbst als Frühling), 2006, lanean Oehlenek pintura-gai tradizional bat berriro interpretatzen du, udaberriaren eta bizitzaren ospakizuna alegia; eta itxurek egia erakusten ez duten eszena idiliko bat azaltzen dute. Margolaria bera irudikatzen duen gizonezko pertsonaia batek –Bako jainkoaren lekua hartu du– begiratzen gaitu; baina ez da une zoriontsu bat ospatzen ari den jainko alai bat bezala agertzen, begitarte serioarekin baizik. Oehlenek jainkoaren lekua hartzen du, bere burua sortzaile gisa aurkeztuz —pinturaren sortzailea—, baina, aldi berean, bere esanahi tradizionalaren suntsitzaile gisa. Artistak gaur egungo bizitzaren elementuak sartzen ditu, ardoaren ordez garagardo botilatxoa hartuz, eta mahatsondo-hostoz egindako koroa baten ordez maukarik gabeko elastiko zuri bat jarriz.
Oehlenek autorretratuak erabiltzen ditu oso zabalduta dagoen margolaria jainko moduko bat dela uste dutelako iritzi zabaldua kritikatzeko. Horrela, ez bere buruarengan ezta bere obra propioaren gainean —estudiotik atera den unetik— ere kontrolik ez duen artista bat bezala aurkezten da.
Ordenagailu bidezko pinturak (1990eko hamarkada)
“Ez zait anabasa interesatzen, kontrolik gabeko ordena baizik” Albert Oehlen.
1992an, Oehlen ordenagailuz diseinatutako margolanak egiten hasi zen. Pixelatuak eta bereizmen txikikoak izateagatik nabarmentzen ziren. Mugak izan arren, ordenagailuen potentzial teknikoak hainbat arau eta patroi sortzen zituen. Hauetan oinarrituz, artistak inprobisatzeko aukera zeukan. Marrazketa digitaleko oinarrizko programek abstrakzio modu berri baterako aukera eman zioten. Oehlenek eskuak ordenagailuaren saguarekin egindako mugimenduek sortutako patroiak aztertu zituen. Patroi horiek keinu espresibo pertsonala islatzen jarraitzeko aukera eman zioten.
Bere ironia eta bat-batekotasuna erakutsiz, artistak margolan hauek “bioniko” gisa definitzen ditu, egiaz itxura futurista baino primitiboagoa duten arren. Mundu digitalaren jargoia erabiliz, irudi hauek “datuen gainkarga” pairatzen dute. Lan hauetan kolore beltza bakarrik erabiltzea, artistak planteatzen duen erronka nagusietako bat bezala interpreta daiteke.
Marrazki hauek ordenagailu eramangarri batean egindako hainbat motibo bezala sortu ziren. Gerora, marrazki horiek handitu eta mihise batean inprimatu ziren. Hainbat teknika uztartuz –ordenagailu bidezko inprimaketak, serigrafia eta pintzel bidezko pintura– sortu ziren. Gaur egun zenbait prozedura konbinatzeko joera hau oso zabaldua badago ere, Oehlen benetako aitzindaria izan zen 1990eko hamarkadan. Izan ere, eskura zeuden baliabide teknologiko konplexuak garai digitaleko margolarientzako teknika egoki bat asmatzeko helburura egokitu zituen.
Margolan abstraktuak (1980ko hamarkada)
Albert Oehlenen margolan abstraktuak figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugan kokatzen dira, eta artistak kolorea erabiltzeko duen modu oldarkorragatik eta asaldatuagatik, eta pintzelaren keinu pertsonalagatik eta ausartagatik bereizten dira. Oehlen 1988an hasi zen koadro abstraktuak margotzen, Martin Kippenberger artistarekin batera Andaluzian bizitzen hasi zenean. Bere estiloak jasaten duen aldaketa honi buruz, Oehlenek honakoa adierazi du: “Zentzu batean, nire ustez, artearen historia figuratibotik abstraktura mugitzen ari zen. Eta nik berdina egin behar nuen. Nire bizitzan, artearen historian gertatutako bilakaera berdina bizi behar nuen”.
Olio-pinturaz egindako lan hauek –pintura-metodo tradizionalena– lasaitasun-sentsazioa ematen dute, artista bere benetako gaitasun teknikoa ezkutatzen egongo balitz bezala, kolore indartsuko enpaste distiratsuak erabiliz. Ez dute finkatutako araurik edo edertasuneko kanon konbentzionalik jarraitzen.
Oehlenen koadro abstraktuak ez dira ez politak ezta erakargarriak ere. Bere lanari buruz egiten dituen adierazpenetan, artistaren sarkasmoa nabaritzen da: “Koadro batean hilabetez lan egiten duzunean, munduko irudi itsusienaren aurrean pasatzen duzu hogeita hamar egun. Nire lanean, irudi izugarriz inguratuta nago etengabe. Benetan. Zarpail ezin zatarragoak ikusten ditut, magia artez bezala azken unean zerbait ederra bihurtzen diren arren”.
Zuhaitzak (2013─2016)
1989an, Oehlenek margolari abstraktu bihurtzea erabaki zuen eta zuhaitzaren motiboa hasi zen erabiltzen bere pinturaren gai bezala. Piet Mondrian-ek zuhaitzetik abiatuta forma figuratiboaren desegitea ikertu zuen moduan, Oehlenek baliabide hau erabiltzen du “artelanak metodikoki edukiz biluzteko”.
Serie honetako irudiek zuhaitzen itxura eta kolore beltza duten eskema-formak erakusten dituzte: enborrek eta adarrek Oehlenek ordenagailuz egindako marrazkien antzeko silueta dute, pintzel eta olioz eskuz arreta handiz margotu diren arren. Egilearen ustez: “Lerro beltz horiek hondo magenta baten gainean jartzen ditudanean, zerbait kezkagarria gertatzen da. Magenta histeriaren kolore bat da, nolabait esateko. Niretzat, zuhaitz psikopatikoak ematen dute: giza zuhaitz psikopatikoak”.
Zuhaitzen adarren egitura kaotikoak eta eragabeak pintzelkadek nora eramango duten jakin gabe lan bat sortzen hasteko aukera ematen diote artistari. Erditik abiatuta, adar bakoitza aurreko elementuaren erreakzio bat denez, aurretik ez dago ezer finkatuta, Oehlenek erabiliko dituen koloreak besterik ez.
Koadro horiek polietilenoz estalitako aluminiozko xafla baten gainean pintatu zituen. Material horiek publizitate-panelen itxura ematen diete. Margolariak berak haien inguruan honako hau dio: “Gustuko dut zurruntasun hori; ematen du teknologia modernoa dela, eta askoz errazagoa da material horren gainean pintatzea mihisean baino. Ez nuen beste gainazal baten bilatzen, besterik gabe probatu eta gustuko izan nuen”. Ezusteko aldaketa hauek ohikoak dira Oehlenengan, eta senak bultzatzen dituen arren, kalkuluaren emaitza ere badira.