Alberto Durero (Nuremberg, 1471–1528) Alemaniako Errenazimentuko artista handientzat dute. Haren obrak aldaketa garaia islatzen du, garai hartako munduari buruzko ikusmolde berria aditzera eman baitzuen artearen bidez. Gainera, bere garaiko beste inork ez bezala lortu zuen Alpeetako iparraldeko Behe Erdi Aroko tradizio artistikoak eta Italiako Errenazimendua elkartzea —azken hau arte klasikoak piztu zuen interesagatik bereizi izandako aldia— eta artistaren zeregin soziala eta espirituala berriro definitu zituen pentsamendu humanistaren eraginpean. Dureroren obra bere garaiaz haraindi doa eta eragin handia izan du artearen garapenean, batik bat Alemaniakoan, aro modernoraino.
Dureroren lan grafikoen multzoak ehunetik gora grabatu barne hartzen ditu kobrezko xafla bidez eginak eta 330 bat zurezko xaflarekin, liburuetako ehunka ilustrazioak alde batera utzita. Städel Museum-eko Bilduman bere lan grafiko gehienak ditu jasota eta aleen estanpazioaren kalitatea apartekoa da oro har. Erakusketak balio handiko fondo horietatik aukeratutako lan-sorta bat jarri du ikusgai, eta gehienak Museoaren sortzaile eta Frankfurteko bankari Johann Friedrich Städelen (1728–1816) bildumakoak dira. Aipatzekoa da artistaren lan grafiko nagusiak izango direla bertan ikusgai, Durerok grabatzaile gisa izandako eboluzioaren ikuspegi orokorra eta adierazgarria eskaintzearren.
Nurembergeko urregile baten seme, Durerok txikitandik ikasi zuen metalean grabatzeko teknika. Pintore izateko prestatu zen Michael Wolgemut-ek Nurembergen zuen tailerrean, liburuetarako zur-grabatuetarako ilustrazioak diseinatzen zituenak, alegia. 1495. urtearen inguruan, “ikasketa-amaierako bidaia” egin eta gero eta Italia lehen aldiz bisitatu ondoren, Durero ospea lortzen hasi zen “baliabide berrietan”, hau da, XV. mendean garatutako kobre-grabatuen eta zur-grabatuen tekniketan. Bezeroek eskatu ahala egiten zituen marrazkiekin edo pinturarekin baino gehiago, bere kontzeptuen arabera eta bere kabuz sortzen zituen grabatuen bidez garatu ahal izan zituen Durerok bere ideia berriak. Grabatu haien ale ugari estanpatu zituzten eta han eta hemen zabaldu zituzten; beraz, diru-sarrera handiak lortzeaz gain Europa osoan ezagutzera emana ahal izan zen Durero. Zurezko xaflan oinarritutako grabatuen sail handiei, adibidez, Apokalipsia (1496–98 inguruan) eta Pasio Handia sailaren parte handi bati esker ospe handiko artista bihurtu zen mende aldaketa baino lehen, baina baita kobre-grabatu bikainei esker ere, erabat berriak ziren gaiak eta pinturarekin lehiatzen zen teknika landu zituelarik haietan. 1504an Adam eta Eva grabatua argitaratu zuen; bertan, arte klasikoaren ereduari jarraituz, giza irudiaren proportzio idealak finkatzen saiatu zen. Dureroren hiru “grabatu nagusiak” Zalduna, heriotza eta deabrua, San Jeronimo bere gelan eta Malenkonia I, 1513–14koak, kobre-grabatuko teknikaren historian izan den goren unetzat hartzen dira. Grabatuaren maisulan horien ondoren, Durerok teknika grafiko berriak jorratu zituen, besteak beste punta lehorra eta akuafortea, eta beste artista batzuekin elkarlanean aritu zen zur-grabatuko proiektu handietan haren babesle eta mezenas Maximiliano I enperadorearentzat. Artistaren azkeneko urteetan natura ulertu eta irudikatzeari buruzko tratatuak eta proportzioei buruzko teoria idazten jardun zuen.