- Izenburua:
- Alex Katz. Hemen eta orain
- Data:
- 2015ko urriak 23 - 2016ko otsailak 7
- Komisariotza:
- Petra Joos
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Ibilbide artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Lerroa | Tamaina | Paisaia | Ingurunea eta natura | AEB | Maine
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia | Arte Figuratiboa | Arte Garaikidea
- Erakusketa birtuala:
- http://alexkatz.guggenheim-bilbao.eus/eu/
Alex Katz (Brooklyn, 1927) margolariaren obra gerraondoko arte estatubatuarraren kanonari eta gaur egungo pinturaren abangoardiari oso lotua dago. 1950eko hamarkadan eman zen ezagutzera margolari figuratibo gisa, abstrakzioa nagusi zen garai batean, artean imajinagintza –bereziki figura– baztertzen zuten kritikoei aurre eginez. Katz Espresionismo Abstraktuaren berezko irudiak baztertzearen aurka bazegoen ere, bere energia eta logika formala gustukoak zituen.
Katzek pintura azkarra eta fisikoki aktiboa bilatzen zuen, Jackson Pollock-en dantzaren antzeko mugimenduan inspiratua. Honen konposizio integralak esanguratsuak izan ziren. Katzek bere helburua “denboraren igarotze azkarra” bere obran jasotzea bezala deskribatzen zuen. Kolore-plano lisoengatik, gainazaleko pintura-espazio batengatik, eta lerro inklinatu eta erredukzionista baina oso deskribatzaileengatik nabarmenduta, gaur egun oso pertsonaltzat jotzen den pinturaren bitartez, Katzek gauzen itxura “orainaldian” sentitzen eta jasotzen diren bezala erakutsi nahi zuen.
Katz batez ere erretratuengatik ezaguna den arren, hasieratik estudioaren barruan eta kanpoan paisaiak margotu ditu. Alex Katz. Hemen eta orain erakusketak Katzen ibilbide artistikoan paisaiak izan duen eboluzioa arakatzen du, bere hasierako lanaren oinarrizko gai bat izatetik hasi eta azken hogeita bost urteetako obran izan duen garrantziraino.
Ingurumen-margolanak
Katzek “ingurumen-margolana” espresioa sortu zuen Egunsentia 3 (Dawn 3) (1995), Larrea (Meadow) (1997), Amaren ametsa (My Mother’s Dream) (1998), eta Neguko paisaia 2 (Winter Landscape 2) (2007) lanetan margotzen dituen eskala handiko paisaia monumentalei buruz hitz egiteko. Ingurumen-margolanetan Katzek tamaina esponentzialki handitzen du eta haien neurriak bideragarriak diren mugetaraino handitzen ditu, mihise zabalekin ikuslea bere ikus-eremu guztia okupatzera gonbidatzeko. Gainera, bere margolan monumentalak irudimenez beteak daude, eta murgilketa- eta kontenplazio-esperientzia bat eskaintzen dute, ikusleak margolanaren espazioan bizitzen ari dela imajina dezan. Ikusleak Katzen aurreneko lan askotan irudikatutako figuraren papera hartzen du eta paisaiaren zabalera itzelean murgilduta geratzen da. Bere paisaia monumentalak ingurumen-margolan deituz, Katzek margolanaren lau aldeen bidez mugatuta ez dagoen konposizio ireki eta integral baten kontzeptuan ere sakontzen du. Ezaugarri hori funtsezkoa da 1950eko hamarkadan Jackson Pollocken obra ezagutu zuenetik.
Negua
Maine-ren paisaia Katzen lanaren funtsezko elementua da 1949az geroztik, eta bertan aire zabalean margotzeko diziplinak eraginda, udazken, negu eta udaberriko hilabeteetan Manhattanen ere aire librean margotzera eraman zuen. City Hall Park areto honetan erakusten den neguko paisaia baten bi aldakuntzen gaia da: Urtarrila 3 (January 3) eta Neguko paisaia 2 (Winter Landscape 2).
Ada, Katzen emaztea, 1957an elkar ezagutu zutenetik artistaren obran gehien agertzen den subjektuetako bat da eta Urtarrila 3 (January 3) lanean erretratatu zuen. Bertan, City Hall Parkeko neguko irudi hotz batean murgilduta agertzen da. Adaren txanoaren fuksia kolore bizia eta ezpain-margo bermiloia nabarmentzen dira zuhaitzen eta zeruaren tonu grisen artean. Gainera, emaztea paisaiatik bananduta agertzen da, film bateko fotogrametako jauzi bat irudikatuko balu bezala, paisaiaren lerro horizontala etenez eta pinturaren denbora linealaren sentsazioa aldatuz.
Orainaldia
Katzek margolanean pertzepzioaren unea aprobetxatu nahi du, irudiak bere horretan dokumental moduan irudikatu beharrean. Irudia enfokatu aurretik, une hau “flash” leherkor gisa deskribatzen du eta “orainaldia” bezala kalifikatzen du. Adibidez, 10:30 (10:30 am) izeneko artelanak eguzkiaren argi tantotuak animatutako urki-ilara baten esperientzia limurtzailean eta epikoan eraldatzen du behaketa-unea.
Katzen ekonomia formala bere orainaldi kontzeptuaren funtsezko ezaugarria da. Lerroen inguruak eta formak elkarren ondoan jartzea nahita eginak dira eta estudioan egindako prozesu luze baten emaitza dira. Bertan, jatorrizko konposizioa hobetzen eta aztertzen du irudi zuzena eta kontzentratua lortzeko.
Baina Katzen iritziz bere estiloak abstrakzioan du sorburua. Izan ere, 10:30 (10:30 am) (2006) bezalako lanak konposizio integrala dutelako bereizten dira. Konposizio horrek, hasieran, espontaneoa dirudi, normalean Jackson Pollock bezalako artistei lotu zaien keinu bidezko pintura-estiloa bezala. Baina Katzek bere lanaren konposizioa aldez aurretik erabakitzen zuen. Horrek, pintura modu fisikoan eta azkarrean erabiltzeko askatasuna ematen zion. Ezaugarri hau bereziki ikus daiteke “orainaldia” jasotzen saiatzeko pinturaren azalera osoan hostoei ematen dien tratamenduan.
Loreen margolanak
1968ko elkarrizketa batean, Katzek bere loreen margolanak erretratatu ohi zituen coctel-eszenen handitze bat bezala deskribatzen zituen. Berak zioen loreak “bolumen gainjarriak” direla, bere figura-taldeetako gizabanakoak bezala; izan ere, gizabanako hauek margolanaren espazio piktorikoan murgiltzen diren neurrian elkarren artean gainjartzen dira. Hala ere, loreak subjektu gisa aukeratuz obran mugimendu-maila handiagoa sartu nahi zuen, mugitzen ari zen zerbait literalki irudikatu gabe eta arrosa-kimu batek osatutako forman zentratuz. Adibidez, Arrosa Zuriak 9 (White Roses 9) (2012) lanean mihisearen gainazalean banatzen diren bolumenen eta hutsuneen konposizio bat osatzen du.
Bere lanean, Katzek lengoaia fisikoki poetikoa erabiltzen du, dantzaren antzekoa, ikusleak egitura bere aldartera eta emozio-jokabidera egokitu dezan. Argiak eta formak ezusteko mugimendu-sinkopa bat sortzen dute artistaren loreen margolanen gainazal osoan. Azkar eta zalantzarik gabe akuarela hezeko teknikarekin marraztutako loreak, normalean giza gorputzarekin lotutako baldartasunaren eta dotoreziaren artean ibiltzen dira. Petalo mamitsu eta hosto horzdunekin, Katzen arrosak oldarkorrak eta basatiak dira, eta loreek eragin ohi duten sentsazio atseginaren aurkakoa eragiten dute.
5 ordu
Katzen seme Vincent Katz poetak eta arte-kritikoak eta Vivien Bittencourt argazkilari eta zinegileak –pintorearen erraina– filmatu eta zuzendutako 5 ordu (5 Hours) bideoan Katz Urtarrila 3 (January 3) marrazten ikus daiteke (inguruko areto batean ikus daiteke). Bideoan artista hiru zatitan banatuta dagoen margolan paisajistiko handi honetan lanean ikusten da. Ada, Katzen emaztearen erretratua erdian kokatua dago, eta bere bi aldeetan neguko eszena elurtuak ikus daitezke.
Filmak Katzen marrazteko modu atletikoa erakusten du. Mihise batekin hasten da, eta honen gainera eskala handiko marrazki edo kartoi bat ekartzen du (Italiako Errenazimenduan garatutako teknika). Kartoiek azken konposizioa finkatzeko balio dute. Horrek Katzi azkar pintatzeko aukera ematen dio. Katz prestaketa-moduan erabiltzen duen marrazki txiki bat kontsultatzen eta staccato-ari pintzelkada “bakartuak” irmotasunez eransten ikus daiteke. Zintaren izenburuak jada aditzera ematen duen bezala, pintura guztia bost ordu eskasetan amaitua dago.
Uda
Skowhegan School of Painting and Sculpture-ra joateko lehen beka jaso zuen 1949az geroztik, Katzek urtero Mainen igarotzen ditu udak. Leku honetan, askotan, familiarekin lotutako gaiak erabiltzen ditu, hala nola, kostaldeko eszenak, izeiak ilunabarrean, eta bere jabetzako lurrak gurutzatzen dituen “black brook” izeneko erreka.
Mainek Katzi aire zabalean lanean hasteko ingurune natural bat eskaini zion. Tradizio piktoriko hau Barbizon School-ek ezagun bihurtu zuen XIX. mendearen erdialdean, olio-pintura hodi eramangarrietan ipintzen hasi zirenean. Orduz geroztik ingurumenari lotutako bere azken pinturen lehen faseetan erabiltzen jarraitu du. Aire librean lan eginez, Katzek ikusi zuen argiaren, kolorearen eta mugimenduaren aldiberekotasunak ia jabetu gabe pintatzeko aukera ematen ziola, bertatik bertara irudi bat sortuz, natura ikusten zuen moduari berehalako erantzun bezala.
Erakusketan ikus daitezkeen aire libreko hainbat zirriborro Black Brook seriearekin lotuak daude. Paisaia txiki hauek pertsonalak dira tamainari, eta pintura- eta keinu-lengoaiari dagokienean, eta begien bitartez baino azkarrago artistak irudiak harrapatzeko artistaren saiakeren premia erakusten dute.
Black Brook serieko pinturak
Mainen hogei uda baino gehiago igaro ondoren, Katz Lincolnville-ko bere estudioaren eta etxearen ondoko “black brook” izeneko erreka txiki bat marraztera itzuli da. Black Brook serieko lanek tamaina diferenteak dituzte, pintura txiki eta intimoetatik hasi eta pintura monumental eta limurtzaileetara. Serieko lan askok, irudi alderantzikatuaren bidez, errekaren gainazalean inguruko paisaiaren isla ebakia erakusten dute. Motibo bereziki anbiguo honen bitartez, Katzek pertzepzioaren fenomenoa modu eraginkorrean adierazten du: korneatik igarotzean irudiak alderantzikatu egiten direla baina buruan buruz gora jasotzen direla.
Ondorengo aretoan erakusten den Black Brook 16ren izugarrizko horizontaltasuna, staccato eran mihisean zehar bertikalki margotutako hainbat pintzelkadek eta bere gainazalean paisaiaren isla alderantzikatuak eteten duten uretako burbuilek apurtzen dute. Errekaren ertzean hazten diren zuhaitzen enborrak irudikatzen dituzten pintzelkada lodi baina arinek agerpenak dirudite, obraren iluntasun zeharkaezina zipriztintzen duten oroitzapenak. Pintura monumental honen hastapen xumeak Katzen aire zabaleko zirriborro txikitan aurkituko ditugu, besteak beste erakusketa honetan ikus daitekeen Black Brook 16rako zirriborroa (Study for Black Brook 11) (2001) lanean.