- Izenburua:
- Alex Reynolds. Bada lege bat, esku bat, abesti bat
- Data:
- 2021ko otsailak 19 - 2021ko ekainak 13
- Komisariotza:
- Manuel Cirauqui
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Artea eta musika | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Dantza | Musika | Musika-tresnak | Zentzumenak
- Erakusketa birtuala:
- https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/alex-reynolds-bada-lege-bat-esku-bat-abesti-bat
Guggenheim Bilbao Museoaren Film & Video aretorako programatutako erakusketak mugimendudun irudiari lotutako praktika artistikoei buruzkoak dira, beti ere arte bisual garaikideen testuinguruan.
Alex Reynolds (Bilbo, 1978) artista eta zinemagilearen lanak etengabe ikertzen ditu harremanak eraikitzeko eta maitatzeko ditugun moduak, bereziki hizkuntza zinematografikoaren bidez adierazten diren heinean. Artistak egitura narratiboak, jarraibideak eta ekoizpen-erritmoak aldatzen ditu; antzezpen-ohiturekin, kontakizunarekin eta ikusleak haietan duen zereginarekin jolasten du; eta erronka botatzen dio gure pertzepzioari, pantailaz eta irudien munduaz harago. Horrela, erakusketa-eremuko objektuak eta gertakariak eraldatzen ditu, eta gure ulermenaren automatismoak etenda uzten.
Erakusketa honek Reynoldsen azkenaldiko hiru obra aurkezten ditu. Hiru obra horiek ideien triangelu bat aktibatzen dute etengabe: araua, mugitzen ari den eskua eta abesten duen ahotsa. Palais filma Bruselan egina da, Justizia Jauregiaren berealdiko arkitekturaren barruan. Filmak isil-isilik garamatza XIX. mendeko eraikin hartako labirinto-itxurako bulegoetan barrena; badirudi jakin-mina, umore bihurria eta halako asaldura arraro bat gainjartzen direla, ikonografia inperialak markatutako eremu monumental batean zehar kamerari jarraitzen diogun bitartean. Areto nagusiaren gelaurrean diapasoi bat ere badago, airean dar-dar, nahiz eta ia ez hauteman. Tradizioz musika-tresnak afinatzeko erabilia, honako hau artistaren ezagun baten ahots-tonua zehatz-mehatz erreproduzitzeko egina da berariaz. Eta, hain zuzen ere, pertsona horren izena darama piezak: Justine.
Areto nagusian Reynoldsen film berriena dago ikusgai, Alma Söderberg koreografo suediarrarekin elkarlanean egina eta Guggenheim Bilbao Museoarekin batera ekoiztua. Eskua kantari (The Hand that Sings) izeneko lan horrek denboran lotuta dauden keinu, ahots eta irudien sare bat sortzen du. Itxuraz, elementu horiek mimetizatu egiten dira, sekuentzia ireki bati jarraikiz: urtero, kortxoaren uztaldian, Extremaduran artelatzaren azala erauztetik su txiki baten ondoan laranja bat zuritzera, edo norbaiten eskua garbitzera; hostoen dardaratik ahotsarenera, tartean txori batek urrunean hegoak nola astintzen dituen entzuten dela; edo, are, interpretearen abestiaren eta eskuaren mugimenduen artean sortzen den elkarrekintza errepikakorra. Teilatu baten gainean, zenbait hitz entzuten dira gaztelaniaz eta ingelesez, Bruselako zeruertzean Justizia Jauregia erdizka ikusten dugun bitartean. Zentzumenek finkotasunarekiko eta hierarkiarekiko duten erresistentzia, eraldaketarekiko interesa eta prozesu horretan zentzumen guztiak barneratzea obra berri honen funtsezko alderdiak dira. Eskua kantari askea da eta, aldi berean, xehetasunez osatuta. Korrespondentzien jolas liriko bat proposatzen du, eta, jolas horretan, gorputzek, paisaiak eta kamerak elkarrekin lan egiten dute, erabateko sintonian.