Edukira zuzenean joan

Alex Reynolds. Bada lege bat, esku bat, abesti bat

Film & Bideo

[Alex Reynolds: Bada lege bat, esku bat, abesti bat]

Izenburua:
[Alex Reynolds: Bada lege bat, esku bat, abesti bat]
Erakusketa:
Alex Reynolds. Bada lege bat, esku bat, abesti bat
Gaiak:
Artea eta musika | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Dantza | Musika | Musika-tresnak | Zentzumenak
Aipatutako artistak:
Reynolds, Alex

Alex Reynolds artista eta zinemagilearen hiru obra berrik osatzen dute: bi filmek eta egokitutako diapasoi batek. Pieza horiek, Reynoldsen ekoizpenean ohikoa den bezala, gorputza jartzen dute erdigunean, eta ikergai dute gorputzaren mugak nola leundu edo gogortu daitezkeen erritmoaren, kodeen, enpatiaren, narrazio kolektiboaren eta arretazko entzuketaren bidez. Reynolds Bilbon jaio zen, eta Bruselan bizi da gaur egun. Performancea, instalazioa, zinema, testua eta soinua uztartzen dituzten obrak sortzen ditu sarritan. Haren lanak badu jolasetik zerbait, eta esperimentazioaren eta narrazioaren arteko banaketarekin apurtzen du. Horri esker, bere piezek nolabaiteko kutsu emozionala dute, eta, aldi berean, amaiera irekikoak eta kontzeptualki probokatzaileak dira.

Aretoko gelaurrean sartzean, Palais filmaren proiekzioa aurkituko duzu. Pieza hori Bruselako Justizia Jauregi monumentalaren barruan dago grabatuta, XIX. mendeko eraikin batean, alegia. Zutabe dotoreen eta luxu handiz apaindutako sabaien atzean, bertako mila eta bostehun ateek agerian jartzen dute eraikinaren egitura hondatuta dagoela eta ozta-ozta jarraitzen duela funtzionatzen. Obraren helburua arkitektura eta eremu publikoa esperimentatzea da, gorpuztutako prozesu zinematografiko bat balitz bezala. Reynolds labirinto-itxurako eraikinean zehar doa, eskuko kamera txiki batekin, ibilbidea isilgordeka dokumentatzen, bere eskuak eramango balu bezala. Eraikinak gorputzean eragiten duen efektua helarazten du kamerak sentsazio ezberdinen bidez: jakin-mina, ziurgabetasuna, ezinegona eta umorea. Artistaren eskua soilik ikusten dugu, erabakitasunez ateak zabaltzen eta igogailuko botoiak sakatzen, batzuetan halako komedia-kutsuaz. Aldi berean, artistaren pausoen erritmoak beldurrezko filmak ekartzen dizkigu gogora, hutsean oihartzun egiten baitute; eta eraikinaren berezko zaratek ere gauza bera gogorarazten digute, bertako administrazio-bulego ilunetako korridore, igogailu, eskailera, gelaxka eta irteerarik gabeko bide triste horietan barrena goazen heinean. Itxuraz norabiderik ez duen ibilbide horretan, Palais obrak aztertu eta zalantzan jartzen ditu justiziaren boterea eta horren atzeko aurpegirik gabeko sistema burokratiko barneraezina.

Gelaurreko horman, diapasoi bat dago instalatuta. Objektu hori, tradizioz, musika-tresnak afinatzeko erabili izan ohi da, baina zientzian, medikuntzan eta kuartzo-kristalezko erlojuetan ere baliatzen da. Gainazal bat kolpekatzean, bi punta bikiek frekuentzia egonkor batekin durundatzen dute. Igortzen duen musika-tonu puruan oinarrituta, tresna baten soinua doitu daiteke, baita gizakion ahotsa ere. Ildo horretan, musikaren legeen sinbolo ona da, eta gauzak harmonian dauden edo ez ere adierazten du; hain zuzen ere, gai hori behin eta berriz agertzen da artistaren lanetan. Diapasoi hori, denboran zehar luzatutako erretratu moduan sortua, aldatu eta aktibatu egin dute, artistaren ezagun baten ahotsaren tonu berean egin dezan dardara. Pertsona horren izena du obrak: Justine.

Areto nagusian Eskua kantari filma ikus daiteke. Guggenheim Bilbao Museoak koproduzitu du filma, eta erakusketa honetan estreinatu da lehen aldiz. Reynolds bera eta Suediako koreografo Alma Söderberg dira egileak. Artista biak proiektu askotan aritu dira elkarrekin azken aldian, eta bada gauza bat biak ahala biak liluratzen dituena: begiratzea eta entzutea batera egin daitezkeen ekintzak izatea, batak besteari kalterik eragin gabe. Filmean, estankotasunaren eta hierarkiaren aurka egiten dute zentzumenen bidez, eta eraldaketan jartzen dute arreta, prozesu horretan zentzumen guztiak erabiliz. Elkarrekin, jolas eta inprobisazio sorta bat egiten dute, hala gune naturaletan nola hiriguneetan: esaterako, Extremaduran, urteroko kortxo-bilketan, artelatzen azala ateratzen denean; eta Bruselan, Justizia Jauregira begira dagoen teilatu batean grabatutako eszenan. Batzuetan, Söderbergen ahotsak eta haren eskuaren mugimenduek elkar imitatzen dute, eta badirudi bere buruarekin hizketan ari dela, gorputzaren, soinuaren, paisaiaren, kameraren, hitzen eta pantailaren arteko erantzun-kate bat aktibatuz.