Edukira zuzenean joan

Art in the USA: 300 urteko berrikuntza

Sarrera

Art in the USA: 300 urteko berrikuntza

Art in the USA: 300 urteko berrikuntza erakusketak bere burua definitzeko borrokan ari den nazio baten artea aztertzen du. 180 artelan inguru dira esperientzia iparramerikarra, euren mitoak, ametsak, bizitako zailtasunak eta ahuleziak erakusten dizkigutenak. Erakusketa sei aldi kronologikotan dago antolatuta, garai bakoitzeko artea herrialdeko historiaren isla izan baita, aurkikuntza-, hazkunde- eta esperimentazio-garai baten narrazio konplexuaren zati izan den heinean. Pinturaren garapenari jartzen zaio arreta eta nortasunaren, sormenaren, berritzearen eta eskalaren inguruko gaiak aztertzen ditu; ezaugarri horiek estatubatuarren kontzientziari atxikitakoak dira eta, hein batean, AEBko kultura, joera politiko, etnia, ekonomia eta natura-paisaia ugariren ondorio.

Garrantzi historikoa eta artistikoa dute erakusketako obrek. Kolonialismo garaiko lurjabe aberatsen eta aita sortzaileen erretratuetatik, Mundu Berriko lur zabal basatien paisaietara; Urrezko aroan bereizgarri zen bizimoduaren irudi idilikoetatik, Depresio Handiko errealismo sozialera; espresionismo abstraktuaren garaipen eztabaidaezinetik, Pop artean laudatutako kitsch estilora eta minimalismoaren estilo sotilera; eta arte kontzeptualetik, XXI. mendean margora egindako itzulerara, Art in the USA erakusketak esperimentu demokratikoaren ugaritasun eta berrikuntza zirraragarria aurkezten ditu.

Lankidetzan antolatu dute Solomon R. Guggenheim Foundation-ak eta Terra Foundation for American Art-ak eta Espainian inoiz izan den Estatu Batuetako artearen erakusketa garrantzitsuena da Art in the USA: 300 urteko berrikuntza. Guggenheim Bilbao Museoaren 10. urteurrena ospatzeko antolatu zen eta Museo honen Bildumaren garrantzia testuinguruan kokatzen du II. Mundu Gerra osteko arte estatubatuarraren funts aipagarriak ere erakusten baititu.

Gakoak

Erakusketa hau herrialdearen bilakaeran aipagarrienak izan diren sei aldi kronologikoetan dago antolatua.

Erakusketako artelanek balio historikoa nahiz artistikoa helarazi nahi dute.

Funtsean, pinturaren esparruan egindako aurrerapenetan oinarritzen da erakusketa, baina erakusketaren aurreragoko ataletan badira, halaber, bestelako adierazpideak.