Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

Sarrera

Artea eta Txina 1989 ondoren: munduaren antzerkia

2018ko maiatzak 11–irailak 23

Erakusketa honek arte garaikideko mugimendu ausart baten sormen-adierazpenak aurkezten ditu; azkenaldiko historiaren aldirik eraldatzaileenean sortu zen mugimendu hori.

Gerra Hotzaren amaiera, 1989an, eta Pekineko Olinpiadak, 2008an, ditu mugarri Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia erakusketak, eta izeneko erakusketak esperimentazio artistikoa aztertzen du, globalizazioaren hasierak eta Txinak munduko potentzia izaterainoko goraldiak ezaugarritutako epealdikoa. Txinan nahiz munduko gainontzeko herrialdetan lan egiten duten 65 artista eta funtsezko talde baino gehiagoren lanak biltzen ditu erakusketak; horiek guztiek, haien probokazio erabakigarriekin, ideologiarik gabeko errealitate bat eraiki nahi dute, banakoak taldearen aurrean duen zeregina indartu, eta Txinako esperientzia garaikidea zehaztu, ikuspegi unibertsal batetik.

Historia modernoan ez dago, erakusketak aztertzen dituen bi hamarkadetan, Txinak jasandako eraldaketa sozial eta ekonomiko orokorra izan duen bestelako naziorik. 1989. urtea, halaber, amaiera eta hasiera izan zen artearentzat eta Txinarentzat. 1989ko ekainaren 4an, ikasle-mugimenduak Tiananmen plazan jasandako errepresio gogorrak amaiera eman zion esperimentazio politiko, intelektual eta artistikoz betetako hamarkada nahiko ireki bati. Halaber, erreforma sorta baten hasieraren mugarri ere izan zen gertakari hura; erreforma horiek baldintza autoritarioen menpe burutu baziren ere, aldi berri bat sortu zuten, non garapen grinatsua, nazioartek o interkonexioa eta norbanakoaren aukera berriak nagusi bilakatu ziren. Artistak gertatzen ari ziren aldaketa handien katalizatzaileak izan ziren, nahiz eta horien aurrean eszeptiko agertu.

Nazioarteko Arte Kontzeptualaren jarrera kritikoa eta proposamen irekiak hartu zituzten, performanceak, argazkiak, instalazioak eta bideoarte piezak egiteko, eta aktibismo proiektu desberdinak abian jarri zituzten gizartea bertan aktiboki inplikatzeko helburuarekin.

Hemen erakusgai gauden artistek eta lanek ezinbesteko zeregina izan zuten arte garaikide orokorraren gorakadan.

Erakusketa sei atal tematikoetan eta kronologikoetan antolatuta dago, eta horiek Museoko bigarren solairuko aretoetan zehar banatzen dira. Artista hauen sormenari esker, arte garaikideaz gero eta zabalagoa den gure ikuspegia garatu, eta pentsatzeko era berriak sustatu ditzakegu, egile hauek jorratutako gaiek (nortasuna, berdintasuna, ideologia eta kontrola) premiazko garrantzia duten une batean.

Alexandra Munroe, Arte Asiarreko ‘Samsung’ arte arduradun seniorra, eta Arte Globalen Aholkulari seniorra, Solomon R. Guggenheim Museoa
Philip Tinari, Ullens Center for Contemporary Art-en zuzendaria, Pekin
Hou Hanru, MAXXI, XXI. mendeko Arteen Museo Nazionalaren zuzendari artistikoa, Erroma