Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

katalogoa

Aurkezpena

Richard Armstrong

Izenburua:
Aurkezpena
Egilea:
Richard Armstrong
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2018
Neurriak:
29 x 24 cm
Orrialdeak:
171 p.
ISBN:
978-84-95216-84-7
Lege gordailua:
BI 238-2018
Erakusketa:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia
Gaiak:
Artearen historia | Joko Olinpikoak | Kultura eta globalizazioa | Txina
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea

Artea eta Txina 1989ren ondoren: Munduaren antzerkia erakusketak arte-mugimendu garaikide ausart baten adierazpen kritikoak eta sormenezkoak aurkezten ditu; 1989 eta 2008 urteen artean garatu zen arte-mugimendu hori, inondik ere Txina modernoaren eta munduaren azkenaldi honetako historiaren epealdirik eraldatzaileenean. Erakusketa honek arte txinatar esperimentalaren interpretazio-analisi berrizale bat eskaintzen du, gerra hotzaren amaieraren, globalizazioaren hedapenaren eta Txinaren oparotasunaren testuinguruan. Nazioarteko historia horren arkuak, Pekingo Udako Olinpiar Joko entzutetsuekin goia jo zuenak, osatzen du Guggenheim Museoko erakusketaren markoa. Arte kontzeptualeko praktikei arreta berezia eskainita, Munduaren antzerkia erakusketak aztertzen du Txinan nahiz atzerrian lan egiten zuten bi artista-belaunaldik nola iragarri, kontatu eta eragin zuten Txina elkarrizketa globalaren erdigunean ipini duen aldaketa erabatekoa; hala, aldaketa horrek artista haien esperimentuak testuinguru historiko-artistiko global batean finkatu ditu. XXI. mendeko hirugarren hamarkadara hurbiltzen ari garen heinean, gero eta garrantzitsuagoa gertatzen da museoek betetzen duten zeregina herritar globala izateak esan nahi duenaren ikasketa-leku gisa. Publikoari geure mugetatik harantzago sortutako ideia, probokazio eta kosmobisioekin topo egin eta haiekin trukean aritzeko aukera emanez, edo geure historia berriz planteatzeko gunea eskainiz, denbora honetan guztian gurekin bizi eta lan egin duten beste lekuetako artisten begiradaren bitartez, Guggenheim Museoak sendotu egin du bere egitekoa: kultura bisual eta modernoari buruzko ikusmolde berritzaileak eta nazioartekoak eskaintzea.

Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa Frank Gehryk diseinaturiko eraikinaren bigarren solairuan instalatuta dago, eta hirurogeita bi artista eta talderen lorpen kontzeptual eta artistikoak azpimarratzen ditu, bitarteko esperimental sail batekin: besteak beste, zinema eta bideoa, tinta, instalazioak eta Land art, baita pintura, eskultura, argazkigintza, performancea eta arte eta aktibismo parte-hartzaileak eta sozialki konprometituak ere. Berebat tartekatu dira erakusketan artxiboko materialak, une eta mugimendu nagusiak dokumentatu eta beren testuinguruan ipintzeko. New Yorken egindako erakusketaren aldi berean, Guggenheim Bilbao Museoak dokumental-sail bat aurkeztu zuen, hamar astean zehar luzatu zena, eta Ai Weiwei eta Wang Fen komisario zituena: Turn It On: China on Film (Piztu: Txina filmetan). Beren ekarpen garrantzitsua eskertzen diegu Ai eta Wangi, dokumental-sail hori baita erakusketaren jendaurreko programa nagusia, baita dokumental-sail hori Bilborako egokitu izana ere. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu Asia Art Archive-ko (Hong Kong eta New York) Batzorde Nagusiaren lehendakaria den Jane DeBevoise-ri eta Asia Art Archive-ko zuzendaria den Claire Hsu-ri, bere laguntzagatik eta katalogo honetako Dokumentazio sailari egin dion ekarpenagatik.

Guggenheimi dagokionez, Munduaren antzerkia dagoeneko hogei urtez luzatu den Txinarekiko konpromiso batean oinarritzen da, eta erakusketa eta kulturarteko ekimenen bitartez garatu da. Guggenheimen lehen proiektua Txina: 5.000 urte (China: 5,000 Years, 1998) izan zen, eta harekin batera aurkeztu zen erakusketa: A Century in Crisis: Modernity and Tradition in the Art of Twentieth-Century China (1998). Bi erakusketa horiek Txinako agintari kulturalekin elkarlanean antolatu ziren; eta aipatutako bigarren hori izan zen Estatu Batuetako museo batek arte moderno txinatarraren analisiari eskainitako lehen erakustaldia. Erakusketa handi horrek Guggenheim Bilbao Museora bidaiatu zuen gero, hark ateak zabaldu zituen urte berean. Art in America: 300 Years of Innovation (Artea Estatu Batuetan: 300 urte berrikuntzan), Guggenheimek eta Terra Foundation for American Art erakundeak elkarlanean antolatu zuten erakusketa bat izan zen, eta Pekinen aurkeztu zen, Txinako Arte Museo Nazionalean, eta Shanghaiko Museoan 2007an; bi erakusketa horiek sendotu egin zuten Guggenheim Museoak Txinako museo-, akademia- eta arte-komunitateekin zuen harremana.

2006an, Guggenheimek Asian Art Initiative (Arte Asiarraren Ekimena) zabaldu zuen, eta Alexandra Munroe doktorea izendatu zuen Arte Asiarraren komisario seniorra; arte modernoari eskainitako nazioarteko museo batean era honetako lehen komisario-postua da. Munroe doktorearen zuzendaritzapean, arte asiarrari buruzko erakusketa berrizaleak eta argitalpen akademikoak eskaini ditu museoak, beti ere testuinguru global batean, eta aldi berean bere zeregina zabaldu du, Mendebaldeko mundua baino harantzagoko artea aztertu, erosi eta ikusgai jartzeko. Bereziki aipagarriak dira biribilgune handiko erakusketak: Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut, 2008an Bilbora bidaiatu zuena; The Third Mind: American Artists Contemplate Asia, 1860–1989 (2009); Lee Ufan: Marking Infinity (2011); eta Gutai: Splendid Playground (2013). Arte Asiarraren Ekimena erakundeak bultzatuta, Sandhini Poddar arte arduradun laguntzaileak ere aurkeztu ditu Asiako hegoaldeko arte modernoan eta garaikidean espezializaturiko zenbait erakusketa, tartean: Being Singular Plural (2012) eta V. S. Gaitonde: Painting as Process, Painting as Life (2014). Erakusketa horiek artearen historia global dinamiko eta elkarrekin gurutzatutako batean nahi zituzten kokatu artisten edo mugimendu asiarren lorpenak, gure arte moderno eta garaikidearen narratiba tradizionala zabalduz era horretan.

Guggenheim Abu Dhabiko arte ardurarako lantaldearen kidea zelarik, Alexandrak ikerketa zabal bat egin zuen txinatar arte kontzeptualaren historiaren gainean, Guggenheim Abu Dhabiko bildumarako 1990 eta 2000 hamarkadetako obra ikoniko sail bat identifikatu eta erosteko. Obra horiek argi islatzen dute etorkizuneko museorako orain osatzen ari den bildumaren ikuspegi transkulturala eta seriotasun akademikoa. Guggenheim Abu Dhabirako erosketa garrantzitsu horretarako egindako ikerlanak inspiratu zuen partez proiektu zabalago hau. Guggenheimeko langileek eta babesleek zorionak ematen dizkiote Alexandrari, haren uste sendoak, ikuspegi egokiak eta zorroztasunak modu berezian tankeratu baitute Guggenheimek bere eginbeharra garatu duen modua, arte garaikideko museoa den neurrian: oso bizkor hazten ari den arte globalaren historiaren alorraren zerbitzura jarriz, eta arte globala sustatuz. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiogu Samsung Foundation of Culture erakundeari, bereziki RaHee Hong Lee andreari eta RaYoung Hong-i, haien adiskidetasuna eta babesa funtsezkoak izan baitira Arte Asiarraren Ekimenaren arrakastan. Jack Wadsworth babesle emeritua eta Susy haren emaztea funtsezkoak izan dira Guggenheimek Asiarekin egin duen lanaren etapa bakoitzean, eta haien esperientzia handiak gidatu eta ospatu ditu gure aurkikuntzak.

Duela gutxi, The Robert H. N. Ho Family Foundation Chinese Art Initiative erakundearen sorrerak, 2013an, Guggenheim Museoak proiektu horrekin duen konpromisoa berretsi du. Ekimen horrek Txina osoko artisten obra berriak eskatzen eta erosten dihardu batez ere, eta orain arte bi erakusketa aurkeztu ditu: Wang Jianwei: Time Temple (2014) eta Tales of Our Time (2016); erakusketa horiek txinatar arte garaikidearen azterketa akademikoa eta interpretazioa sustatu dute, funtsezkoa gertatzen den nazioarteko ikuspegi batetik. Eskerrak eman nahi dizkiegu Robert H. N. Ho Family Foundation erakundearen fundatzaile eta presidentea den Robert H. N. Ho-ri, Ted Lipman zuzendari nagusiari eta Anita M. F. Chung operazio-zuzendariari, Guggenheim Museoko ikerketa eta komisariotza-esparrua sustatzen egin duten lan handiagatik, museoak sendotu dezan gaurko arte globalaren gune dinamiko eta eraginkorrenen artearekin eta kulturarekin duen konpromisoa.

Alexandra Munroeri 2012an otu zitzaion Munduaren antzerkia antolatzeko ideia, txinatar arte garaikidearen historiaren analisi kritiko eta interpretatibo berri bat egiteko premiaren adierazpen gisa. 2014an, Philip Tinari gonbidatu zuen Alexandrak, Ullens Center for Contemporary Art erakundearen zuzendaria eta txinatar arte garaikidearen aditua, berekin elkarlanean erakusketaren komisario-lanak egitera. Hou Hanru, txinatar arte garaikidearen historia aktiboki osatu duen protagonista eta aspalditik diharduena arteen esparru globalean haren zirkulazioa sustatzen, 2015ean hasi zen Guggenheimen lanean, The Robert H. N. Ho Family Foundation Chinese Art Initiative erakundearen komisario eta aholkulari gisa. Handik gutxira, Munduaren antzerkia erakusketaren komisario-taldearen hirugarren kide nagusi izatera igaro zen. Alexandrak gidaturik, Xiaorui Zhu-Nowell ikerlari eta arte arduradun laguntzailearekin batera, elkarlan estuan aritu ziren nazioarteko Aditu Batzorde Laguntzaile batekin, humanitateetako disziplina-sail batean, erakusketaren, katalogoaren eta zabalkundeko heziketa-programen garapena bideratzeko xedeaz. Bisualki eta didaktikoki oso aberatsa den kontakizun historiko bat eskaintzen du erakusketak, publiko zabalari hobeto ulertzen lagunduko diona Txinaren aldaketa politiko, sozial eta ekonomiko bizkor baina desorekatuaren lekuko kritikoak diren artisten adierazpen kulturalak eta sormen-lorpenak; izan ere, aldaketa geopolitiko horrek gero eta neurri handiagoan definitzen du Estatu Batuen posizio eta identitate globala. Harrotasunez eta emozioz betetzen gaitu New Yorketik harantzagoko publikoak ere erakusketa hau ikusteko aukera izango duela jakiteak, Bilboko Guggenheim Museoan eta San Francisco Museum of Modern Art-en aurkeztuko baita 2018–2019 urteetan.

Munduaren antzerki honek mugarri bat ipiniko du Guggenheimek azkenaldi honetan egin dituen ahalegin garrantzitsuenetan, aurrera egiteko eta bere programazioa eta bilduma zabaltzeko xedeaz. Arte Asiarraren Ekimenarekin eta The Robert H. N. Ho Family Foundation Chinese Art Initiative-rekin elkarlanean, museoak artisten, komisarioen, hezitzaileen eta publikoaren arteko interakzio interkulturalak areagotzea lortu du Guggenheim UBS MAP Global Art Initiative-k, eta aldi berean Asiako, Latinoamerikako, Afrikako iparraldeko eta Ekialde Hurbileko hegoaldeko eta hego-ekialdeko obra garrantzitsuak erosi ditu. Halako arduraz finkaturiko oinarri horien gainean eraikitzen jarraitzen dugun bitartean, Solomon R. Guggenheim Fundazioaren Patronatuari gure planteamenduei eskaintzen dien babes sendoa eskertu nahi diogu.

Arte txinatar garaikideari eskainitako erakusketarik handiena antolatzea ezinezkoa gertatuko zen guztiz emaile-komunitate bat gabe, eta harixe igorri nahi diogu gure esker onik beroena. Oso eskertuta gaude erakusketaren Zuzendaritza Batzordearekin, bereziki haren presidente-kide Thomas eta Lynn Ou eta Liam Wee Tay-rekin eta Cindy Chua-Tay babeslearekin, hala nola Karen Lo, Sophia Ma, Jane Yong, Rachel eta Jean-Pierre Lehmann, Jun Jun Lin, Yasko Tashiro Porté eta Thierry Porté, Akiko Yamazaki eta Jerry Yang, Qinglan Ying, Jane Q. Zhao, eta beren izena jakinarazi nahi ez duten pertsona guztiekin. New Yorkeko erakusketari dagokionez, gure esker onik beroena adierazi nahi diegu The National Endowment for the Humanities eta The Henry Luce Foundation erakundeei beren diru-laguntza garrantzitsuengatik, baita W.L.S. Spencer Foundation, E. Rhodes eta Leona B. Carpenter Foundation, The Nancy Foss Heath eta Richard B. Heath Educational, Cultural and Environmental Foundation, eta National Endowment for the Arts, The Rosenkranz Foundation erakundeei ere, hala nola, New York State Council on the Arts erakundeari, haren laguntzari esker aurkeztu ahal izan baitugu arte txinatar esperimentalaren panorama garrantzitsu hau. Horrez gainera, bere laguntza eskertu nahi diegu Gagosian-i eta Stephen eta Yana Peel-i.

Era berean, aitortu nahi dugu estimatuak gaudela hirurogeita bederatzi erakundetako gure lankide eta bazkideekin, eta beren bildumetako obrak maileguan utzi dizkiguten pertsona partikularrekin. Funtsezkoak izan dira haien babesa eta lankidetza-espiritua, lehenago inoiz ikusi ez diren artelanak hiru egoitzetan aurkezteko garaian. Zehatzago, oso estimatuak gaude Hong Kongeko M+ Sigg eta Uli Sigg bildumekin, txinatar arte garaikidearekin duen konpromisoak zerikusi handia izan baitu oraintxe zabaltzen ari den esparru honen oinarriak ipintzeko.

Bukatzeko, Guggenheim Museoak bere esker ona adierazten die beren obra hemen aztergai duten artista hauei. Artista horien ikusmoldearen zabaltasuna eskertu nahi dugu, baita guri inspiratzen diguten ausardia ere. Biziki estimatzen ditugu gogo sortzaile horiekin zertu ditugun erlazioak, eta erlazio horien bidez aurrera egitea espero dugu arte garaikidearen praktikak babesten, aurkezten eta interpretatzen Guggenheimek egiten duen aitzindari-lanean.

Richard Armstrong
Solomon R. Guggenheim Museoaren eta Fundazioaren zuzendaria

[Itzultzailea: Rosetta;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

PDF-a JAITSI