Bere karreran zehar, artearen indar zinetikoak lehentasunezko interesa izan zuen Alexander Calder-entzat. Abstrakzioaren mintzaira erabiliz, mugimendua atzeman zuen zenbait eskulturatan. Eskultura hauek, garai hartako eskulturari buruzko nozioekin alderatuz, muturreko alternatibak eskaintzen zituzten eta XX. mendeko artearen historian eragin sakona izan zuten. Bigarren solairuko aretoetan kokaturiko Calder. Grabitatea eta grazia erakusketa honek, artista berezi honen ikuspuntua aztertzen du, forma abstraktuari emaniko bost hamarkadatan zehar sortu zituen hirurogeita bost eskultura baino gehiagoko aukeraketaren bidez. Erakusketak, Calderri, bizitza gogora ekarriko zuen arte-mota sortzeko desioak eragin zion grabitatearen indarrarenganako, airearen zirkulazioarenganako eta zoriaren esku-hartzearenganako etengabeko kezka uzten du agerian.
Calder Filadelfian jaiotako bi artistaren semea izan zen eta bere formazio akademikoa ingeniaritza mekanikoa izan bazen ere, arterako zuen joera gailendu zitzaion aurrekoari. 1923. urtean New Yorkeko Art Students League delakoan sartu zen eta Ashcan Eskolako pintoreekin ikasi zuen, hala nola John Sloan-ekin eta George Luks-ekin. Irudiak egiteko zuen gaitasunari esker, irudigile-lana lortu zuen hurrengo urtean National Police Gazette izenekoan eta 1925. urtean egunkari honek berak Ringling Bros. and Barnum & Bailey zirku-ikuskizunetako ilustrazioak egiteko ardura eman zion. Bi asteko lan honek zirkuko gaienganako irrika piztu zuen berarengan eta horren ondorio izan zen, azkenerako, bere Calder Zirkua (Cirque Calder). Aipaturiko hau, performancea zen eta bertan alanbrez sorturiko figurek hartzen zuten esku. Artistak berak ere zeremonia-maisuarena, pistako nagusiarena nahiz mekanismoa eskuz eragiten duen titiriteroarena egiten zuen tarteka, betiere musika eta soinudun efektuak lagun zituela. Calder Zirkuak, Parisen izan zuen estreinaldia 1926. urtean, artista bertara aldatu zenean hain zuzen ere eta ondorengo urteetan ere izan zuen segida Atlantikoaren bi aldeetan. Calderrek bestelako jarduerak egiten jarraitu bazuen ere —hots, pintura, marrazketa eta eskultura— performance hauek izan ziren Parisko abangoardiako zenbait kiderekin harremanetan jartzeko aukera eman ziotenak; horien artean aipatzekoak dira Le Corbusier, Fernand Léger, Joan Miró, Piet Mondrian eta Theo van Doesburg.
Calderren estetikak aldaketa esanguratsua izan zuen 1930. urteko udazkenean Parisko Mondrian-en estudiora egin zuen lehen bisitaren ondoren. Artista holandarrak bere estudioaren bakardadean eginiko konposizio geometriko soilak ikusi zituenean, Calder txunditurik gelditu zen forma haien indarra ikusita eta mugimenduan zihardutela irudikatu zituen bere buruan. Une hartatik aurrera, 1926. urtez geroztik egiten ziharduen alanbrezko eskultura figuratiboak egiteari utzi eta guztiz abstraktua zen mintzaira eskultorikoa lantzen hasi zen. 1931. urtean, figurazio eza oinarri zuen eta talde sortu berria zen Abstraction-Création-eko partaide egin zen eta urte hartan bertan Galerie Percier-eko erakusketa batean naturaren munduari eta hau zuzentzen duten lege fisikoei erreferentzia egiten zioten zenbait artelan abstraktu jarri zuen ikusgai. Alanbrez eta egurrez eginiko artelan hauetariko askok unibertsoaren antolamendua ekartzen dute gogora. Gurutzaldia (Croisière, 1931) delakoan, adibidez, hagatxo fin batzuek esfera itxurako bolumena delineatzen dute eta hauei alanbre bidez loturik egurrezko bola txikiak aurki daitezke. Metalaren malgutasunaren eraginez egurrezko bolek dar-dar egiten dute eta gisa honetan, eskulturak gas-kosmikoen etengabeko mugimendua ekartzen du gogora.
1931. urtean, Calder, beren artean independenteak ziren zati mugikorrak zituzten eskulturak eraikitzen hasi zen; motor elektrikoaren edota esku-biraderaren bidez aktibatzen zirenak. Marcel Duchamp-ek mobiles (mugikor) izena jarri zien. Frantsesez esanahi bikoitza duen hitz-joko honek, arrazoia ez ezik mugimendua ere hartzen du bere baitan. Calderren kezka nagusia mugimendu autonomoari zegokiona zen. Dena den, 1932. urterako aireak baino aktibatzen ez zituen artelan zintzilikariak sortzen hasia zen. Gaur egun guztiz onarturiko molde artistikoa bada ere, Calderren mugikorrak lorpen abangoardista handitzat hartuak izan ziren garai hartan; aurretikako molde eskultoriko estatikoekin alderatuz arras bestelakoak baitziren. Calderren lehen mugikorrak, alanbre bidez loturiko egurrezko zati zizelkatuek edota metalezko puskek osaturikoak dira. Zati edo puska hauek bere artean loturik dauden euskarri horizontaletatik egon ohi dira dilindan eta sabaitik zintzilikatu ohi dira. Ebanozko konoa (Cône d’ébène, 1933) artelanean, esaterako, maila ezberdinetan zintzilikaturiko ebanozko zintzilikariak airearen eta grabitatearen arabera kulunkatzen dira eztiki.
Handik gutxira, gero eta landuagoak ziren bere egiturak osatzeko, industria-materialak erabiltzen hasi zen Calder; zenbaitetan okertu edota margotu egin ohi zituen metalezko pieza lauak gaineratuz. Egitura hauek, Miró-ren koadroetako figura biomorfo higikorren eta Jean Arp-en erliebe amorfoen baliokide eskultorikoak dira. Mugikorra (Petalozko arkua) [Mobile (Arc of Petals), 1941], moldeen inspirazio-iturri bizitza organikoa hartu zuen garaiko artelanetariko bat da. Artelan hau, margoturiko aluminiozko “petaloz” osaturiko ur-jauzi itxurakoa da; zenbait molde handi eta pisutsu, egituraren goiko aldean kulunkatzen dira poliki, bien bitartean, “kimu” txiki batzuk beherantz erortzen dira mugimenduan. Mugikorrak dituen diskoen dantzak eta biraketak, aipaturikoak mugimenduan jartzen dituen airearen ezaugarri ukiezinak ekartzen ditu gogora. Disko hauek inguruarekiko izan ohi dituzten erantzun ezustekoek, berriz, bizirik den izakia dakarkigute oroimenera. Calderren hitzetan “Guztia ondo atera ohi denean, mugikorra, bizitzaren eta honen ezustekoen alaitasunaz baliaturik dantza egiten duen olerkia da”.
Arp izan zen, Calderren unibertso mugiezinei buruz ari zela stabile (egonkorra) terminoa sortu zuena 1932. urtean. Nolanahi dela ere, Calder stabile delakoen moldea gorpuzten joan zen, eskuz margotzen eta batzuk besteekin angelu ezberdinetan lotzen zituen metalezko xaflak gehitu ahala. Piezak mugiezinak badira ere, stabile delakoaren hiru dimentsioko molde dinamikoak bere indar zinetikoa ematen du aditzera eta ikuslearen mugimendu fisikoa eskatzen du; artelana inguratu behar baitu ikusi ahal izateko. Calderrek mugikorra eta stabilea nahasiz hibridoa sortu zuen: standing mobile (zutik den mugikorra) izenekoa. Aipaturikoak oinarri finkoa dauka eta pieza mordoa du zintzilik libreki. Aluminiozko hostoak, zutoin gorria (Aluminum Leaves, Red Post, 1941) deritzan artelanean, adibidez, oinarri egonkorrak “hostoei” mugikortasun aparta ematen dien hagatxo irtenen sistema konplexua sostengatzen du.
Calderrek, naturaren munduaren lege fisikoekiko zuen interesa sakonduz, bere “konstelazioak” sortu zituen 1942–43 urteetan. Gerrak eraginiko material eskasia zen garaian eginiko konstelazio hauek, eskuz zizelkaturiko egurrezko moldeak (margoturik batzuk, margotu gabe besteak) altzairuzko hagatxo zurrunen muturretan lotuz sortu zituen. Garai hartan, hogeita bederatzi bat konstelazio sortu zituen eta horietako bakoitzaren egitura ezberdina da nabarmen. Solomon R. Guggenheim Museum-ak bere esku duen Konstelazioa (Constellation, 1943) pieza, iltze bakarrarekin horman zintzilik jartzeko eginiko artelan hauetariko bat da; beste zenbait, oinarri exentuak dituztenak izaki, bertikalki zabaltzen dira eta mugi daitezkeen edota izaeraz mugikorrak diren piezak dituztenak ere badira.
1951. urtean Calderrek mugikor/stabile nahaste berria asmatu zuen; bere konstelazioekin lotura zuen egitura. “Dorreak” izenez ezagutzen dira eta hormari iltze bidez lotzen zaizkio. Hagatxoz osatutako egitura bat izan ohi dute, hormatik bertatik duten alanbrezko hanka gisakoekin, eta objektu mugikorrak zintzilikaturik dituzte. Une hartan, 1932tik Calderren prozesuaren zati izan zen soinua, bere orduko miaketen gune izatera igaro zen. 1984az geroztik egindako “gongs” delakoek kolpekari bat ez ezik soinua ateratzen duen plater bat ere badute zintzilik. Gisa honetan, piezen ausazko mugimenduek, soinu txundigarriak sortzen dituzte. Koloreak ere garrantzia berezia du Calderren beranduko artelanetan. Artista, kolore zuria eta beltza erabiltzera mugatzen zen, espektroaren kontrako muturren adierazgarri baitziren. Hauen atzetik gorria zen bere kolorerik gustukoena zuriarengandik eta beltzarengandik asko bereizten delako; honen atzetik, berriz, oinarrizko kolore diren urdina eta horia bereizten zituen. Batzuetan bigarren mailako koloreak erabili izan bazituen ere, Calderrek azkenik erabaki zuen eratorri kromatikoek efektu estetikoa nahastea besterik ez zutela lortzen.
Erakusketa honetarako Museoaren Atrioan kokaturiko Igebelar gorriak (Nénuphars rouges, 1956) artelana, artistak artelanari ikusmen bidezko presentzia emateko kolore bizia nola erabiltzen duen ikusteko adibide bikaina da.
50eko hamarkadatik aurrera, Calderren artelanen neurria handituz joan zen; hein batean, kanporako edota atari handietarako eskulturak eginarazten zizkiotelako. Egitura erraldoi hauek beren kokalekuekin loturak ezartzen dituzte hainbat modutan: molde zurrunetan inguruko espazioa iradokitzen duten zulo eta irekidurak eginez; azpian dagoen ikuslearengan zirrara sortzen duten tamaina handiko mugikorrak jarriz; nahiz stabile delakoen inguruan, azpian edota horretan zehar pertsonak mugiaraziz. Sarri, tamaina handiko artelan hauek sortzeko, erabilgarriagoa zen neurrira egiten zituen maketak. Hala findu ahal izaten zituen bere moldeak.
Behin batean hala esan zuen Calderrek: “Nire helburua txakurra den edota sugarrak diren bezalako zerbait sortzea da; berezko bizitza duen zerbait”. Bere eskultura abstraktuek naturatik eratorririko bizitasun berezia gordetzen dute eta ikuslea txunditzen dute oraindik ere, behin eta berriz. Frank Gehry-ren artelana den Guggenheim Bilbao Museoaren gaur egungo egituraren testuinguruan aurkezturiko erakusketa honetan, Calder. Grabitatea eta grazia erakusketak, era berean berritzailea eta dinamikoa den ingurune arkitektonikoaren barruan, eskultorearen molde organikoak berraztertzeko aukera eskaintzen dio ikusleari. 1964. urtean New Yorkeko Frank Lloyd Wright eraikin enblematikoan Alexander Calderren atzera begirakoa egin zenetik, artearen eta arkitekturaren arteko halako elkartzerik ikusteko aukerarik ez da izan.
Erakusketaren komisarioak: Carmen Giménez eta Alexander S. C. Rower