Edukira zuzenean joan

Calder. Grabitatea eta grazia

katalogoa

Aurkezpena (Erakusketako katalogorako hitzaurrea)

Carmen Giménez

Izenburua:
Aurkezpena (Erakusketako katalogorako hitzaurrea)
Egilea:
Carmen Giménez
Argitalpena:
Madril: TF. Editores, 2003
Neurriak:
27 x 29 cm
Orrialdeak:
308
ISBN:
84-89162-13-1
Lege gordailua:
M-11588-2003
Erakusketa:
Calder. Grabitatea eta grazia
Gaiak:
Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Mugimendua | Pisua | Erakusketak | Dualtasuna
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura | Grabatua | Pintura
Aipatutako artistak:
Calder, Alexander

Picasso and the Age of Iron erakusketa niretzat izan zen esperientzia pizgarriaren ostean, –1993an erakutsi zen New Yorkeko Guggenheim Museoan– hainbat bider parte hartu dut bertan bildutako bost artistetako baten erakusketa monografikoetan. Hala gertatu zitzaidan bi bider David Smith-ekin, lehenengo 1962ko Spoletoko Jaialdian izan zuen parte-hartze gogoangarriaren oroitzapeneko erakusketa baten arduraduna izan nintzenean, eta gero, David Smith 1906-1965 asmo handitako atzera begirako erakusketarena, Valentziako IVAMen eta Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían hurrenez hurren 1996ko lehenengo seihilekoan aurkeztutakoa. Orain, lehenengo esperientzia hartatik justu hamar urte igaro direnean, orduan ere bertan zeuden eskultoreetako baten obra Espainian erakusteko erronka dut nire esku: Alexander Calder. Giacometti-ren kasua salbu, bere bizitza batez ere Suitza jaioterriaren eta Parisen artean eman baitzuen, New Yorkeko erakusketak edukiaren gaitzat zuen “Burdin Aro” horrek bi espainiar –Picasso eta Julio González– eta bi estatubatuar –Smith eta Calder– izan zituen protagonista. Bi bikoteok gainera, harreman estua eta oparoa izan zuten elkarrekin. Adibidez David Smith izan zen Julio González inspirazio-iturritzat eduki zuen lehenengo artista, baita bere memoria aldarrikatu zuen lehenengoa ere; Alexander Calderrek aldiz, Picasso, González, Joan Miró eta Parisko Eskolako beste artista batzuekin harreman emankorra izateaz gain –Gargallo eta Jose de Creft adibidez–, Madrilen eta Bartzelonan erakusketa bana egin zituen 1933. urtean. Gero, halaber, salbuespen moduan eta era hunkigarrian, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen Espainiaren Pabiloian bere Merkuriozko Iturria ospetsuarekin. Hori gutxi balitz bezala, II. Mundu Gerraren ostean aitzindari horiei esker burdinazko eskulturen erabilera zabaldu zenean, nazioarteko bultzada berri horren protagonista izandako bi eskultorek, Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza euskal herritarrek, lehengo espainiar eta estatubatuarren arteko lotura pozgarri eta sendo hori biziberritu egin zuten nolabait.

Dena dela, Picasso, Gonzalez, Smith eta Calder –XX. mendeko burdinazko eskulturaren atal garrantzitsuaren bultzatzaile nagusiak–, lau artista handi horien arteko adiskidantzazko harreman artistikoaren eta moralaren sendotasuna nolakoa zen alde batera utzita, beharrezkoa da bakoitzaren tratamendu bereizia egitea, bakoitzaren nortasuna hain adierazgarria eta berezia izanda.

Nolanahi ere, hasieran Picasso and the Age of Ironen esperientzia aipatu badut, arrazoia hau da: bertan, Frank Lloyd Wright-ek sortutako eraikin eder horretan, bere espazioaren erdigunea osatzen duen argi-kiribil zoragarri eta zailak balio izan zuela giro txundigarri eta ezusteko horretan abangoardiako errementari horien artelanen nolakotasun latzak, mozketa adierazkorrak eta plastika malgua nabarmentzeko. Horiek guztiek euren dialogo bitxia aldi berean ezartzen zuten bere obra biltzen zuen espazio dinamiko hartan; hala ere, nabarmenena, Calderren mugikorrek espazio hori menperatzeko zuten fintasun dotorea, ia magikoa iruditzen zait, berau betez bete gabe, egonez egon gabe, eta euren presentzia era espontaneoan Kundera-k aipatutako “izatearen arintasuna mugagabe”ra egokitzen zela zirudiela.

Pintorea, grabatzailea, eta zentzu askotan, arkitekto-ingeniari antzeko bat da Calder, baina batez ere, eskultorea (hori bai, metalikoez gain material mota guztiak lantzeko gai zen eskultorea zen, eta noski, baita estatikoa zein dinamikoa, astuna zein arina). Calderren aberastasun eta aldakortasun hau, bere obraren hautapen antologikoa egiten duenaren ikuspegitik, erronka kitzikagarria eta aldi berean arriskutsua da. Bestalde, bere erakusketa batean bere ibilbidetik ordezkatuta zer egon behar den hautatzerakoan, ez dira kontuan hartzen soilik faktore estetikoak, baizik eta baita funtzionalak, historikoak eta kulturazkoak diren beste asko ere, adibidez non egon behar den kokatua edota proiektua zein publikorentzat dagoen zuzendua. Horrek guztiak zalantzarik gabe edozein artistaren aurkezpen antologikotan eragiten duen arren, onar dezagun Calderren kasuan pisu handiagoa duela. Izan ere, Calderren obra hain da anitza zeina hainbat ikuspuntuetatik plantea baitaiteke bere ibilbidea aztertzen duen erakusketa bat.

Ildo horretan, orain aurkezten dugun erakusketan, Calderren produkzio luzearen eta anitzaren alderdi adierazgarri eta nabarmen ia guztiak laburki biltzeko beharra bete nahi den arren, ez zaio uko egin artista proteiko honen ikuspegi jakin bat planteatzeari. Ikuspegi hori, deialdiaren izenburuan geratzen da bilduta –Calder. Grabitatea eta grazia–, Simone Weil pentsalari frantsesaren hil osteko liburu ospetsu baten izenburu ezagun bat erabiliz. Emakume horrek hain zuzen obsesio bizia zuen “estasi” mistiko batean edo lebitazio egoeran grabitatearen lege naturalak itzurtzen dituen prozesu fisikoarekin. Simone Weilek natura osatzen duten era askotako elementuen nolakotasun eta esanahi ezberdinei erreparatu aurretik, greziar presokratikoetatik hasi eta San Agustin-eraino antzeko gogoetak egin zituzten ere bai. “Gorputzek, euren pisuagatik, eurena duten tokira itzultzeko joera dute –idatzi zuen Hiponako San Agustinek bere Aitormenak liburuan–; hala ere, pisu batek ez du berez beherako joera; aldiz, berezkoa duen tokirako joera du. Suak gora egiten du, harria erori egiten da… Nire pisua, ordea, maitasuna da, naramaten tokira naramatela ere, berak narama…”.

Tradizio kristau honetan argudiatutako arrazoi eta bitarteko zeharo ezberdinekin, baina ez halabeharrez arrotzekin, Alexander Calderrek lebitazio magikoaren antzeko gardentasun eta grabitate-ezeko egoerara eraman zuen XX. mendeko eskultura, eta hartara, hasiera eman zion espazioa ikuspegi kosmiko, aeroespazial, kosmonautiko batetik ikusteko moduari. Palanka eta motorren bidez, batzuetan Calderrek mugimendua eman zion eskulturari. Hala ere, bere ekarpen zoragarriena gorputzek espazioan “motorrik gabeko hegaldia” deituko nukeena egitea da. Hartara, eskultura astuna, masa zein bolumena, mugikor peto-peto bihurtzen da. Horregatik, oraingo erakusketa soilik bere “mugikorrei” buruzkoa ez den arren –horrek bere obrako oinarrizko alderdiak alde batera utziko lituzke–, esan daiteke bertan nagusitzen direla grabitate-ezaren goresmena eta arintasun horrek geroko eskultura guztiari ekarri zizkion aukera berriak. Pisuzko arrazoiengatik beraz; Calderren ekarpena neurtzeko eta tratatzeko era, berak pisua eta arintasunaren artean, grabitate eta graziaren artean sortu zuen tentsioa erakusteko nahiaren arabera egin da: horrexek eraman du eskultura estatua klasikoetatik espazioko keinu bat, ia-ia ezereza, izatearen mirarira.

[Itzultzailea: Bitez-Logos®]