Edukira zuzenean joan

Chillidaren omenez

Sarrera

Chillidaren omenez

Eduardo Chillida-ren (Donostia, 1924–2002) lehenengo erakusketa Parisen egin zen 1950ean. Ordurik hona, hainbat erakusketa eskaini izan zaizkio Houstonen, Berlinen, Madrilen, Caracasen, Londresen, Palermon eta Bilbon (zehazki Guggenheim Bilbao Museoan). Gaur egun bere lana mundu guztiko hogeita hamar museo baino gehiagotan dago ikusgai. Bere eskulturak Donostiako itsasoaren parean, Japoniako mendietan eta hiri ugaritan daude, besteak beste Washingtonen, Parisen, Lunden, Münsterren, Madrilen, Palman, Gernikan edo Berlinen. Bere bizitzan zehar, dauden ia sari guztiak jaso zituen Chillidak: Veneziako Bienalaren saria, Kandinsky saria, Wilhem Lehmbruck saria, Príncipe de Asturias saria, Alemaniako Kaiserring saria eta Japoniako sari Inperiala.

Bere obra ugari omenaldiak izan ziren, eta berarekin nolabaiteko lotura zuten artistei zuzendu zizkien hark; adibidez, Braque, Calder, Giacometti, Miró, Twombly eta beste hainbat idazle, filosofo eta laguni bere laguntasuna, errespetua eta gorespena adierazteko. Guztira, 80tik gora eskultura, 58 estanpa eta bi marrazki egin zituen Chillidak pertsona haien oroimenez eta ageriko erreferentzia duen lehenengo obra Vivaldiren omenez I da, 1951koa. Zehazki, poetarik kutunena zuen san Joan Gurutzekoari eskainitakoak dira bi marrazkiak, eta nolabait ere gaztelau mistikoaren zenbait bertsoren transkribapen grafikotzat har daitezke. “Eskainitako” lan horietako gutxi batzuk lagunei (Rafael Elósegui, Manolo Millares, Rafa Balerdi, Annely Juda, Cristobal Balenciaga eta abarri) eta familiartekoei (emazte Pilar-i, alaba María-ri haur txikia besterik ez zenean eta abar) dagozkie; gainerako guztiak, berriz, erakarpena sentitu izan zuen idazle (poeta edo filosofoei), musikari edo artistei eskaini zizkien, eta horiek ere besteen eskulturak edo pinturak interpretatzeko saiakeratzat har daitezke.

Euskal eskultorea 2002an hil zen eta haren heriotzak agerian utzi zuen bere adineko artistek eta beste gazteago batzuek zioten estimu eta errespetu izugarria. Hala, Chillidarekin lotura zuten artistek, haren lanarekin kidetasuna zutenek eta eskertu nahi zutenek, haren omenezko erakusketa bat egiteko aukera aztertu zen. Eta, errespetu hori bera erakutsiz, erakunde sustatzaile batek, Urvasco taldeak, proiektuan burubelarri eta desinteresatuki sartzea erabaki zuen bere Fundazioaren bitartez.

Orain, 45 artistak Chillidari eskaintzen dioten omenaldi hau ez da hitzen erretorikan oinarritzen, hemen agertzen den artista bakoitzaren hizkuntza berezian baizik, Chillidari hitz egiten dioten lanen apaltasunean baizik. Haietako bakoitzaren estetikaren ezaugarriak darien lanak dira, zenbaitetan euskal eskultorearen lanari buruzko erreferentzia zuzenen batekin jolas egiten dutenak. Eduardo Chillidarekiko eta bere lanarekiko kidetasun eta oroitzapen bisual horren erakusgarri dugu erakusketa hau.