Guggenheim Bilbao Museoak Cristina Iglesias eskultore euskaldunaren azken lanen erakusketa aurkeztuko du aurki. Erakusketan 20 artelan azalduko dira. Erakusketa bera ederki egokituko zaio hartuko duen eremu arkitektonikoari; izan ere, ikusgai izango diren piezetariko batzuk Guggenheim Bilbao Museorako berariaz sortu ditu egileak.
Cristina Iglesias industri materialekin aritzen da, ormigoiarekin, burdinarekin eta kristalarekin, esaterako, eta gai horiek landareekin konbinatzen ditu: banbua, orbelak... Sarritan, orbel-patroiez estaltzen ditu bere lanen gainazalak. Hala bada, Izenbururik gabe (Banbu-basoa) lanean, 1995–1997, motiboa behin eta berriro errepikatuz pieza dagoen gelaren eremua beste era batera definitzen du eta ikusleari gonbidapena egiten dio basoan barna abiatzeko. Eremu baten barruko eremuaren ideia ohiko aztergaia da egile honen jardunean.
Cristina Iglesiasek atsegin du, orobat, informazio gehigarria ere, hau da, jendearen arretan nahita galarazten duten datuak, pertzepzioa forma abstraktutik urruntzen dutenak. Eta hortik dator hainbeste xehetasun ezartzea —lore exotiko eta ezaguterraz ugari—, narrazioko edo irudipengarritzat jo daitezkeenak. Artistak berak esan duen bezala, ehundura-jokoak ez dira antzematen urrunetik, baina lanera hurbildu ahala orduan eta konplexuago ageri zaizkio ikusleari. Izan ere, Nancy Princenthal-en ustez “Cristina Iglesiasen arreta ez da mugatzen formaren eta irudiaren arteko uztardurara, irudiaren eta apainduraren artekoa ere kontuan hartzen baitu. Berak, batasun horretaz diharduenean, ‘apaindura irudikapen-eremura eramatea’ dela esaten du”.
Izenburu gabea (Sabai eseki makurra), 1997, plano uhinkari handia da, lanaren eta ikuslearen arteko espazio-erlazioa irauli ahal duena, ikuslea parez pare gertatzen delako aldi berean sabai eta lurzoru, hondo eta gainazal den bolumen lurtsuarekin eta urtsuarekin.
Eskulturetan lurra industriarekin eta formatu handia konposizio mota anitzekin bateratzeak elkarrizketa sortzen du ikuslearekin: ikusleari keinuak egiten dizkio artelanaren inguruan ibil dadin, eta are barruan sar dadin ere. Cristina Iglesiasek arreta berezia ematen die formaren eta espazioaren arazoei; hain zuzen, naturan bertan egon dauden gaiak eta ehundurak hartzen ditu aztergai bere gisako paisajea asmatzeko.
Eskulturekin batera Cristina Iglesiasen serigrafia handiak ere baditu ikusgai, zetaren edo kobreren gainean eginak. Lan horiek benetako instalazioen argazkiekin irarrita daudela ematen dute, baina benetan beraren eskulturen miniaturak irudikatzen dituzte. Hiru dimentsioko lanen ondoan, hauek espazio-hondotasunaren sentsazioa sortzen dute eta are gehiago narriatzen dute natur ingurunearen eta eraikitako gunearen arteko bereizketa. Izenburu gabe (Triptikoa VIII) lanean, 1997, artistak aldi berean nabarmendu ditu argazkiaren eremua eta irudia, hura baino ostenduagoa eta sakonagoa. Obrak erraz atzemateko modukoa ematen du eta ikusleari hurbiltzeko gonbidapena egiten dio, baina ondoren berehala mozten dio bidea: irudiak ez du aurrerabiderik, ez baitago inongo sarrerarik.
Cristina Iglesias 1956ko azaroan jaio zen, Donostian, eta egun Madrilgo Torrelodones herrian bizi eta ari da lanean. Lehenbiziko erakusketak 80ko hamarkadaren hasieran egin zituen; harrezkero 60tik gora erakusketatan hartu du parte, banaka zein taldean, Europako, Ipar Amerikako eta Japoniako galeria eta museoetan. Haietarik ondokoak nabarmendu behar dira: Veneziako Bienaleko Espainiako Pabiloikoa, 1986 eta 1993 bitartean; Bernako Kunsthallekoa 1991n; Eindhovengo Stedlijk Van Abbemuseumgoa 1993an; Berlingo Martin Gropius-Baun Metropolis izenburupean 1991n egin zena, eta Pittsburgh-eko Carnegie Museum of Art museoan 1995ean Carnegie International izenburupean egin zena.