Edukira zuzenean joan

Cy Twombly

Sarrera

Cy Twombly

Cy Twombly (Lexington, Virginia, 1928) gaur egungo arte munduan eragin handieneko artista da. 1950eko hamarkadaren hasieran Boston-eko School of the Museum of Fine Arts-en, New Yorkeko Art Students League entzutetsuan eta Ashville inguruko Black Mountain College-en (Ipar Carolina) trebatu zen. Art Students League-n, Robert Rauschenberg artista ezagutu zuen. Adin antzekoak eta interes bertsuak izanik, biek adiskidetasun sendoa izan zuten urteetan zehar. Europako eta AEBko arteaz arduratzeaz gain, hasiera-hasieratik literatura klasikoaren eta historiaren unibertsoekin liluratua zegoen Twombly eta horrek eragin handia izan zuen bere hizkuntza artistiko eta artelanetan.

Guggenheim Bilbao Museoak artista horren obra biltzera ekin dio eta orain gutxi Nine Discourses on Commodus (Komodori buruzko bederatzi gogoeta), 1963, lana eskuratu du eta horren inguruan antolatu da erakusketa. Lan hau bana ez daitezkeen bederatzi mihisek osatzen dute eta Cy Twomblyk osotasun gisa sortu zuen lehenengoa da. Erakusketan artistaren sailak izango dira ikusgai, esaterako, 5 mihisek osatutako Ferragosto (1961) non, honetan bai, pinturak banandu daitezkeen. Erakusketako beste sail garrantzitsu batzuk 1984ko Hero and Leandro (Hero eta Leandro) eta 1993/94ko Quattro Stagioni (Lau urtaroak) dira.

Aukeratu diren ehun bat obrek —pinturak, marrazkiak eta eskulturak— artistaren ibilbide zabala eta bere lanen berezitasunak aztertzen dituzte. Cy Twombly erakusketak artista zoragarri horren arimara hurbiltzen gaitu, eta Carmen Giménez-ek, erakusketaren komisarioak, esan duen legez: “ez dario magia pertsonal liluragarria soilik, horrez gain, pintura garaikidearen muga nahasietaraino eraman gaitu”.

Gakoak

Cy Twomblyren indar adierazlea sinbolo ugariz beteriko hiztegi metaforikoan datza. Horrela aditzera ematen ditu gai mitologikoak, denboraren igarotzea eta berarentzat garrantzi berezia duten lekuak.

Besteak beste, historia, poesia, mitologia klasikoa eta Mediterraneo aldeko paisaia dira artistaren inspirazio-iturri sortze-prozesuan. Izenburu askok sortze-iturria zein izan zen adierazten dute.