Edukira zuzenean joan

Cy Twombly

Atalak

Cy Twombly

Cy Twombly Lexington-en, Virginia-n, jaio zen orain laurogei urte. Egun, arte garaikideko artistarik gailenen artean dago, berrogeita hamar urtez baino gehiago historian, mitologian eta literaturan sustraitutako lanak sortu baititu; izan ere, bai pinturak bai eskulturak egiteko inspirazio-iturria iraganean bilatu du.

1950eko hamarkadako artista den aldetik, Twomblyren lana Jackson Pollock-ek, Franz Kline-k edo Willem de Kooning-ek garatutako Espresionismo abstraktuaren eta Robert Rauschenberg eta Jasper Johns ordezkari nagusi zituen Pop-artearen tartean dago. Azken horien lana AEBri lotua dago, baina, Twomblyk, ordea, haren ibilbidea hasi berri zuela Erromara joatea erabaki zuen eta 1957an bertan kokatu zen. Ordutik aurrera, eta Europara alde egitearen ondorioz, haren lana Alberto Giacometti eta Jean Dubuffet artisten gisako abangoardia europarraren eta garai hartako abangoardia amerikarraren sintesi bihurtu zen. 1963an Twomblyk bere ibilbideko sail nagusietako bat sortu zuen: Nine Discourses on Commodus (Komodori buruzko bederatzi gogoeta). Bederatzi mihisez osatua dago lan hori eta Aurelio Komodo (k.o. 161–192) enperadore erromatarraren bizitzaren gorabeherak iradokitzen ditu eta haren erotasunaren edo buruko gaitzen inguruko hausnarketa egiten du.

1964an aurkeztu zuen New Yorkeko Leo Castelli Gallery-n eta Donald Judd-ek kritika gogorra egin zion; izan ere, oro har, ez zuen harrera onik izan arte-munduan, Pop-artea eta Minimalismoa une gorenean baitzeuden. Twombly AEBko arte-munduan murgilduta ez egoteak, jadanik garai hartan, bere pertsona eta lanak misterioz inguratu zituen. Gaur egun, Twomblyren lanekiko jarrerak guztiz bestelakoak dira iraganean jasotakoekin konparatuz gero: gorago aipatutako lanak eta Twomblyren obra osoak beste esanahi bat hartu dute eta arte garaikidearen historian funtsezko erreferentzia puntu bihurtu dira, lehenaldiaren eta orainaldiaren arteko lotura zuzena ezarri baitute.

Arte modernoak bere lekua baduela finkatu nahi dut: sustraiak, tradizio bat eta jarraitze bat dituela, alegia. Niretzat, iragana da iturri (arte oro garaikidea baita izatez). Primitiboa denak, errituek eta fetixek erakartzen naute, baita ordena simetrikoak eta plastikoak ere (horiek guztiek berezi baitute kontzeptu primitiboen eta klasikoen oinarri izatea, beraz, harremanetan jartzen dituzte).— Cy Twombly, 1952

Erakusketa Guggenheim Bilbao Museoak antolatu du Londreseko Tate Modern-ekin lankidetzan.