Edukira zuzenean joan

Cristina Iglesias

Atalak

Cristina Iglesias

Guggenheim Bilbao Museoak Cristina Iglesias artista euskaldunaren azken lanak erakusgai ditu. Erakusketak 20 artelan jasotzen ditu eta erakusketa bera ederki egokitzen zaio hartu duen eremu arkitektonikoari; izan ere, ikusgai dauden piezetariko batzuk Guggenheim Bilbao Museorako berariaz sortu ditu egileak.

Cristina Iglesias era askotako materialekin aritzen da. Batzuetan, Titulurik gabea (Banbu-basoko gela) lanean bezala, 1995–1997, motiboa behin eta berriro errepikatuz pieza dagoen gelaren eremua beste era batera definitzen du eta ikusleari gonbidapena egiten dio basoan barna abiatzeko. Eremu baten barruko eremuaren ideia ohiko aztergaia da egile honen jardunean.

Cristina Iglesiasek atsegin du, orobat, informazio gehigarria ere, hau da, jendearen arretan nahita galarazten duten datuak, pertzepzioa forma abstraktutik urruntzen dutenak. Eta hortik dator hainbeste xehetasun ezartzea —lore exotiko eta ezaguterraz ugari adibidez—, narrazioko edo irudipengarritzat jo daitezkeenak. Artistak berak esan duen bezala, ehundura-jokoak ez dira antzematen urrunetik, baina lanera hurbildu ahala orduan eta konplexuago ageri zaizkio ikusleari. Izan ere, Nancy Princenthal-en ustez “Cristina Iglesiasen arreta ez da mugatzen formaren eta irudiaren arteko uztardurara, irudiaren eta apainduraren artekoa ere kontuan hartzen baitu. Berak, batasun horretaz diharduenean, ‘apaindura irudikapen-eremura eramatea’ dela esaten du”.

Titulurik gabea (Sabai eseki makurra), 1997, plano uhinkari handia da, lanaren eta ikuslearen arteko espazio-erlazioa irauli ahal duena, ikuslea parez pare gertatzen delako aldi berean sabai eta lurzoru, hondo eta gainazal den bolumen lurtsuarekin eta urtsuarekin.

Eskulturetan lurra industriarekin eta formatu handia konposizio mota anitzekin bateratzeak elkarrizketa sortzen du ikuslearekin: ikusleari keinuak egiten dizkio artelanaren inguruan ibil dadin, eta are barruan sar dadin ere.

Eskulturekin batera Cristina Iglesiasen serigrafia handiak ere badaude ikusgai, zeta edo kobreren gainean eginak. Lan horiek benetako instalazioen argazkiekin irarrita daudela ematen dute, baina benetan beraren eskulturen miniaturak irudikatzen dituzte. Hiru dimentsioko lanen ondoan, hauek espazio-hondotasunaren sentsazioa sortzen dute eta are gehiago narriatzen dute natur ingurunearen eta eraikitako gunearen arteko bereizketa. Titulurik gabea (Triptikoa VIII) lanean, 1997, artistak aldi berean nabarmendu ditu argazkiaren eremua eta irudia, hura baino ostenduagoa eta sakonagoa. Obrak erraz atzemateko modukoa ematen du eta ikusleari hurbiltzeko gonbidapena egiten dio, baina ondoren berehala mozten dio bidea: irudiak ez du aurrerabiderik, ez baitago inongo sarrerarik.

Cristina Iglesias 1956ko azaroan jaio zen, Donostian, eta egun Madrilgo Torrelodones herrian bizi eta ari da lanean. 60tik gora erakusketatan hartu du parte, banaka zein taldean, Europako, Ipar Amerikako eta Japoniako museo eta galerietan.