Edukira zuzenean joan

Andy Warhol. Itzalak

Atalak

Andy Warhol. Itzalak

Andy Warhol (Pittsburgh, Pennsylvania, 1928–New York, 1987) “gauza aspergarriak” gustatzen zitzaizkiola aldarrikatu izanagatik egin zen ezaguna eta haren lanarekin 1960ko hamarkadaren kronika egin zuenetik, egunkari, aldizkari eta irudi-artxibategietatik ateratako irudiak baliatu zituen horrelakoak topatzeko. 1978an, 50 urte bete zituenean, Itzalak (Shadows) izeneko lan eskergari ekin zion Factoryko kideen laguntzaz. Lan hau osatzen duten mihisetan Warholek abstrakzioaren inguruan aurretik egindako saiakerak laburbildu zituen. Artelan hau guztiz iraultzailea izan zen bere garaian; formatua bera, adibidez, guztiz ezohikoa zen: Warholek zati asko dituen pintura gisa sortu zuen eta erakusgai jartzen diren mihise kopurua erakusten den espazioaren araberakoa da. Adibidez, erakutsi zuten lehen aldian 83 mihise baino ez ziren zintzilikatu bata bestearen ondoan eta lurretik nahiko gertu (30 cm-ko altueran), artistak bidalitako laguntzaileek erabakitako hurrenkeran.

Guggenheim Bilbao Museoan artelana osatzen duten 102 mihiseak ikusgai dira. Horietan begi bistakoa da Warholek erabiltzen zuen kolore-paleta bizia eta distiratsua. Mihiseetako hondoa margotzeko esponjazko mopa erabili zuen eta horrek utzitako kolpeek eta isuriek artistaren keinuak azpimarratzen dituzte pintura-planoan. Itzalak egiteko zazpi edo zortzi serigrafia-pantaila erabili zituen eta hori erraz antzeman daiteke formen gune ilunetan eskala ezberdintasun txikiak gertatu direlako eta argi-puntuak ausaz agertzen direlako batzuetan. Aretoko paretetan “itzal” horien inprimaketa positiboa eta negatiboa txandaka agertzen dira.

Errepikakorra badirudi ere, Warholen “metodo mekanikoari” begiratuz gero, ohartuko gara artistaren eskua nabarmena dela. Interesgarria da azpimarratzea Itzalak lanaren ezaugarri garrantzitsu hau: ezin da inolaz ere erreproduzitu itxuraz seriean ekoiztutakoa den artelan hau. Horrek zalantzan jartzen du Warholen “plagioaren” estetika eta haren proiektua oinarrian piktorikoa dela agerian uzten du. Erreplika bat izan beharrean, Itzal bakoitza forma jakin bati dagokio, espazioa zehaztasun osoz betetzen duena eta behatzailearen begirada argirantz zuzentzen duena; argia baita serie honen gai nagusia. Warholek itzaletan jarri zuen arreta osoa, artelan honetan argia pizteko (kolore eztandak), eta honela artearen oinarrizko gaira bueltatu zen: hautematea.

Dia Art Foundation-ek antolatutako erakusketa.