Edukira zuzenean joan

Andy Warhol. Itzalak

Iruzkinak

Itzalak (Shadows), 1978-79

Guggenheim Bilbao Museoak Itzalak (Shadows) erakutsi nahi dizue, pop artea hobekien adierazi duenetako artista baten, Andy Warhol-en, artelan itzela. Warhol Pittsburghen jaio zen, Estatu Batuetan, eta 1950eko hamarkadan New Yorkeko Vogue eta Harper’s Bazaar aldizkarietan, besteak beste, ilustratzaile-lanetan hasi zen. Hiri horretan hasi zen, gainera, publizitate, komiki eta eguneroko irudiei buruzko lanak ekoizten eta, horretarako, inspirazioa supermerkatuetako apaletatik atera zuen; horren adibide dira zopa-laten serie ospetsua eta ekoizpen industrialeko salgaien beste irudikapen batzuk. Warholek arte-diziplina ugari landu zituen, tartean direla pintura, zinema, argazkilaritza eta musika.

Warhol liluratuta zegoen masen kulturak berezko duen serieko ekoizpenarekin, eta hori erabakigarria zaigu begien aurrean luzatzen den artelan itzel honen kontzeptua ulertzeko. Erakusketa hau New Yorkeko Dia Art Foundation-ek antolatu du, lehen Lone Star Foundation deitutakoak. Fundazio horrek aginduz eskatu zion Warholi Itzalak lana egin zezan hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran. Lehen aldiz jarri da artelana erakusgai Euskal Herrian eta estatuan, New Yorkeko Heiner Friedrich Galleryn 1979an lehenengoz aurkeztu zutenetik. Orduan, Warholek berak esan zuenez, bere itzalen seriea inaugurazio-festarako “disko-dekorazio” moduan erabili zen. Tokirik ez zegoenez, Truman Capotek eta inauguraziora bertaratutako beste famatu ugarik, 83 panel baino ezin izan zituzten ikusi; hemen, baina, 37 urte geroago, Guggenheim Bilbao Museoak badu serie osorako behar beste edukiera, eta paretako 130 metro hartzen dituzten 102 serigrafia-irudiak ditugu.

Itzalak asmatzeko, Warholek alde batera utzi zuen kultura-pertsonaien eta kontsumo-produktu ezagunen errepikapena, aurretiaz bere sorkuntza-lanek bereizgarri izan zutena. Adierazpen abstraktuari buruzko atariko ikerketa batzuk egin ondoren, artelana formatu handian egiteko erabaki erradikala hartu zuen, eta artelana hainbat zatitan bereizitako pintura bakartzat jo zuen. Bere tamaina itzela dela eta, Itzalak bere inguruari iraunkorki lotutako sorkuntza-lana da, azkenean erakusten den pieza-kopurua erakusketa-espazioaren neurriaren baitan dagoelako. Marko gabeko irudiak elkarren aldamenean eta ausaz jarrita daude.

Warholek bi argazki abstrakturen diseinu positibo eta negatibo banatan oinarritu zuen seriea eta, gero, txandaka erreproduzitu zituen mihise monokromoetan, kolore hauek erabiliz: alberjinia, berde horixka, karmin gorria, horia, urdin iluna eta zuria. Koloreaz aparte, itzal misteriotsuak berdinak dirudite, baina errepikapenari esker, desberdintasunak antzeman ditzakegu ehunduran, distiran eta bereizmenean. Gainera, mihisearen gainazalari arretaz erreparatuz gero, ohartuko gara pintzelkada lodiak daudela.

Bata bestearen segidan ikusita, irudiok zinema-efektua ematen dute, mugimendu-sentsazio bat eraginez, pelikula bateko fotogramak balira bezala. Tarteka argiguneak eta alde ilunen trantsizio oso leunak antzeman daitezke, eta horrek aditzera ematen du Warholek eta Manhattango Factoryko lankideek, 102 serigrafia-irudiak sortzeko, zazpi edo zortzi pantaila desberdin erabili zituztela. Serigrafian, “pantaila” esaten zaio marko baten gainean estu zabaldutako ehun sareari. Sare horretatik, tintari azpiko paperera libre iragazteko modua ematen zaionean, inprimatutako irudia eratzen da. Inprimatu aurretik aplikatutako pintura akrilikotik dator Warholen kolore-aukerak ezagun dituen kolore biziak eta alaiak: 102 gainazalak esponja-mopa batez pintatu zituzten eskuaren keinua eta keinuaren adierazkortasuna azaleratzeko.

Itzalak ez da inondik ere masan ekoitzitako artelan bat. Panel bakoitza parerik gabeko, eskuz egindako elementua da. Itzalak artelanean, Warholek 102 mihise artelan bakar bat bihurtu zituen eta, hartara, irudi-errepikapenari esker, adibidez, bere Marilyn-ekin eta zopa-latekin, lortutako fama berretsi zuen. Warhol parerik gabeko sortzailea zen benetan. Batzuek maite duten artista da; beste batzuek, berriz, gorroto. Irmo sinetsita zegoen, gainera, bere itzalen serieak kritika txarrak hartuko zituela. Berak zioenez, ohituta zegoen.

Andy Warholen artelanek bereizgarri dituzten ezinbesteko ideia batzuk erakusketa honetako Didaktikan ezagut ditzakezu. Gainera, aukera ederra izango duzu argiekin eta itzalekin esperimentatzeko, artistak landutako gaiari lotuz.