Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
Morandi eta natura hilaren tradizioa
Atalak
Atzera begirakoa: Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
- Izenburua:
- Atzera begirakoa: Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
- Erakusketa:
- Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
- Gaiak:
- Artearen historia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Natura hila | Boloniako Eskola | Espainiako Urrezko Aroa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa | Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Chardin, Jean-Baptiste-Siméon | Morandi, Giorgio
XX. mendeko natura hilen margolaririk berritzaileenetako bat izan zen Giorgio Morandi (1890–1964), eta haren lana ez da sailkatzen erreza. Botila, pitxer eta kaxekin osatutako bere konposizio enigmatikoek ikusleak xarmatzen jarraitzen dute, haien sinpletasun engainagarriarekin eta errealitatearen irudikapen subjektiboarekin.
Italiako Bolonia jaioterrian bizi izan zen Morandi bere bizitza osoan zehar, eta udak Grizzanako mendietan igaro zituen, Emilia-Romagna eskualdean. Bere logela-estudioan bizi eta bertan egin zuen lan; leku berezia zen, natura hil baten itxura zuena bere horretan, eta bertan, bere objekturik kuttunenez inguratua zegoen artista. Artistak behin eta berriro konfiguratzen zituen, modu apur bat desberdinetan, eta etxeko objektu arruntak irudikatzeak eskaintzen dituen aukera amaigabeetan jartzen zuen arreta.
Morandik Bolonia nekez utzi bazuen ere, denbora-bidaiari trebea zen. Artearen historiako ikasle saiatua izanik, askotariko iturrietara jo zuen bere arte-ikasketetan. Atzera begira erakusketak Morandiren lanaren alderdi jakin bat aztertzen du: nolako eragina izan zuen Antzinako Maisuen pinturak haren ekoizpenean. 1920ko eta 1960ko hamarkaden artean egin zituen natura hilak analizatuz, erakusketak loturak ezartzen ditu obra horien eta margolari italiarrak miresten eta aztertzen zituen artisten obren artean. Ikerketa horrek agerian ipintzen dituen mekanismoak, eragin edo jabekuntzarekin baino, lotuagoak daude Morandik haren aurretik egon ziren artistekiko zituen hautazko parekotasunekin.
Atzera begira erakusketak hiru aurrekari ditu aztergai, bakoitza Europako herrialde batekoa, eta XIX. mende aurreko erreferentzia premodernistetan jartzen du arreta: XVII. mendeko espainiar pintura eta natura hilen tradizioa; XVI. mende amaiera eta XVIII. mende hasiera arteko Boloniako margolariak; eta, azkenik, XVIII. mendeko Jean-Baptiste Siméon Chardin frantziar artista handiaren natura hilaketa genero-pinturak. Izan ere, Espainiako Urrezko Mendeko dramatismoz, seicento italiarreko naturalismoz, eta Chardinek eguneroko objektuen mundura ekarri zuen intimitatez busti zituen Morandik pitxer, botila eta kaxen irudiak.