Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
Morandi eta natura hilaren tradizioa
Espazioa eta materia: Chardin eta Morandi
Atalak
Morandi: Incamminato berri bat
- Izenburua:
- Morandi: Incamminato berri bat
- Erakusketa:
- Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
- Gaiak:
- Bildumagintza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Boloniako Eskola | Italia | Roberto Longhi
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa
- Aipatutako artistak:
- Morandi, Giorgio
Roberto Longhi arte-historialaria 1934an Boloniako unibertsitatean irakasten hasi zenean, ikasgai orokor bat diseinatu zuen Boloniako Eskolako historiari buruz, Erdi Arotik une hartara arte. Hurrengo urtean, historia hori argitaratu zuen Momenti della pittura Bolognese izenburupean. Bertan zioenez, Boloniako pinturaren ezaugarri nagusia naturalismoaren interpretazio berehalakoa eta espresiboa da. Longhiren historiaren arabera, arte boloniarraren “heroiak” hiru Carracci anaiak izan ziren: Agostino, Annibale eta Ludovico. Carraccitarrak, XVI. mendearen amaieran eta XVII. mendearen hasieran lanean jardun ziren margolari barrokoak, ezarritako tradizio artistikoetan oinarritutako pintura-estilo moderno baten buru izan ziren. Modu esanguratsuan, Giorgio Morandi-rekin amaitu zuen Longhik bere analisia, eta incamminato (bideratu) berri baten gisara deskribatu zuen haren lana: bide batean aurrera egiten ari denaren obra gisa. Era berean, Longhik nabarmendu zuen Morandik iragana ikertu zuela pintura modernoaren “lehortasun guztiz problematikoaren” barrena bere bidea aurkitzeko.
Margolariak ez zuen sekula jaioterriko artea modu esplizituan goraipatu. Alabaina, aurrekari barrokoak eta ondorengo beste eragin batzuk gertutik aztertu zituen. Seicento boloniarrak eguneroko bizitzan jartzen zuen arreta, eta haren alderdirik xumeenak irudikatzen zituen; hala, funtsezkoa gertatu zen genero-pintura Italian gara zedin, XVI. eta XVIII. mendeen artean. Morandiren lana, ordea, ez litzateke genero-pintura gisa sailkatu behar, elementu pintoreskoak ezabatzen baitzituen haren irudietatik, objektuak berak hobeto ulertzeko saiakeran; hala ere, esan liteke artistak italiar genero-pinturaren tradizioari erantzun ziola, eguneroko eszenak irudikatzen dituelako. Boloniako eta Italiako iparraldeko artistek Morandiren pinturan izan zuten paper garrantzitsuaren adierazgarri da hori. Areto honetan, bere bilduma pertsonaleko artelanen hautaketa bat dago ikusgai.