Edukira zuzenean joan

Clemente

Atalak

Clemente

Francesco Clementeri buruzko atzera begirako erakusketa hau, museo batean Clementeren lan osoa ikusgai egongo den lehenbiziko aldia duzue, eta artista honen azken 25 urteko ibilbidea laburbiltzen du. Clemente Napolin (Italia) jaio zen 1952an eta 1970eko hamarkadaz geroztik, obra aberatsa, konplexua eta era askotakoa sortu du. Giza gorputzaz egiten dituen erretratu adierazkorrak eta material tradizionalez egiten duen erabilerak, 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970ko hamarkadan zehar indarrean zegoen estetika kontzeptualetik baztertu zuten artista hau. Bidaiari nekaezina, Clementek bere ikonografian geroz eta gai desberdin gehiago jorratzen joan da, Italiara, Indiara eta New Yorkera nahiz Amerikako hego-sartaldera eta Karibera egin dituen bidaietan ezagutu dituen kultur tradizio eta eredu estilistiko anitzak inspirazio-iturritzat hartuz.

1970ean Erromara joan zen bizitzera, arkitektura ikastera. Pil-pilean zegoen orduan Italiako giroa, 1968 ondorengo urte haietan, gizartea eraldatuko zuten matxinada sozialen eraginez. Garai hartako lagun eta babesleen artean Alighiero Boetti eta Luigi Ontani, edota Joseph Beuys eta Cy Twombly izan zituen. 1973az geroztik Clemente Indiara joan da urtero, izan ere, Indiako ondare mistikoa eta bertako arte garaikidea jarraibidetzat hartu ditu. 1980ko Veneziako Bienalean, nazioarteko arreta erakarri zuen Clementeren ikonografia eklektiko bereziak, eta espresionismorako itzulera bultzatu zuen.

1981an, New York hiriko aniztasun etniko eta kulturalak erakarrita, hara joan zen bizitzera familiarekin batera. Han bere lan-esparrua zabaltzeari ekin zion berehala: formatu handiko bere lehen olio-pinturak sortu zituen eta lankidetza-proiektu askotan jardun zuen. Lankidetza hauen baitan, hainbat pintura-sorta landu zituen Jean-Michel Basquiat-ekin eta Andy Warholekin batera; eta Robert Creeley-ren, Allen Ginsberg-en eta John Wieners-en olerkietarako irudiak egin zituen, besteak beste. Bere karreran zehar Clementek modu askotako artelanak sortu ditu hainbat teknika landuz: olio-pintura, akuarela, tinta, pastela, freskoa eta eskultura, esate baterako.