Edukira zuzenean joan

William Kentridge: 7 atal Georges Mélièsentzat, Ilargirako bidaia eta Eguna gauaren ordez

Atalak

7 atal Georges Mélièsentzat

Guggenheim Bilbao Museoaren Film & Video programak mugimendudun irudiari lotutako arte-praktikak dakarzkigu, eta arte bisualen, film-instalazioen eta, oro har, kultura garaikidearen arteko harreman kritikoa aztertzen du.

William Kentridge (Johannesburg, Hegoafrika, 1955) funtsezkoa da zinemaren eta bideoinstalazioaren azken urteotako historian, eta askotariko hizkuntza estetikoak uztartzen ditu bere obran; besteak beste, marrazkia, zinema, koreografia, eskuz egindako animazioa edo eszenografia. Kentridgeren lanean zuri-beltza da nagusi, eta hala, haren obrak ikatz-ziria, grafitoa edo tinta bezalako bitarteko plastikoekin eta haiek zuzentzeko gailuekin (trapua, borragoma, ura) lotzen du pelikula zinematografikoaren testura tradizionala, keinu grafikoaren eta hura ezabatzearen arteko harreman emotibo eta bereizezina aztertuz.

Erakusketa honetako bederatzi pantailen bidez, Kentridgek Georges Méliès zinematografia modernoaren jeinu sortzaileari eta aitzindariari hel egiten dio; halaber, artistaren autorretratu oniriko bat sortzen du, eta estudioa mikrokosmos gisa aurkezten. Kentridgeren irudia aktore, modelo, sortzaile eta behatzaile moduan agertzen zaigu aldi berean; haren eguneroko jarduna, aldiz, argumenturik gabeko drama bat da, asaldura- eta malenkonia-une anbibalentez betea. Erakusketak 7 atal Georges Mélièsentzat (2003) filmazio-multzotik hartzen du izena, eta artistaren eguneroko jarduera atergabea aztertzen du, benetako nahiz ametsezko entitate gizatiar eta ez-gizatiarrekiko interakzio betiere aldakorra.

Eguna gauaren ordez, 2003an sortua baita ere, argazki-negatiboetan beltza zuri bihurtzearen prozesura daraman tropo bat da, eta artistaren etxean gertatutako inurri-inbasio bat erakusten du. Azukre-lorratz bati jarraikiz, inurriak sakabanatu egiten dira, eta berriro bildu, eta obraren ustekabeko laguntzaile bihurtzen dira. Filma negatiboan inprimatuta dago, eta izar-hodei baten itxura hartzen duten irudiak erakusten ditu. Ilargirako bidaia (2003) lanarekin, Kentridgek omenaldi inplizitua egiten dio Mélièsen 1902ko maisulan homonimoari. Pieza hori da instalazioan soinua duen bakarra, eta espazio osoa nabarmenki betetzen du Philip Miller-en jatorrizko musikarekin; bitartean, irudietan, ematen du Kentridgeren ekintzek estudioko hainbat objektu itxuraldatzen dituztela bata bestearen atzetik.