Edukira zuzenean joan

William Kentridge: 7 atal Georges Mélièsentzat, Ilargirako bidaia eta Eguna gauaren ordez

Film & Bideo

William Kentridge: 7 atal Georges Mélièsentzat, Ilargirako bidaia eta Eguna gauaren ordez 

Ongi etorri William Kentridge: 7 atal Georges Mélièsentzat, Ilargirako bidaia eta Eguna gauaren ordez instalaziora. Bederatzi pantailatan egindako instalazio honek, bere osotasunean hartuta, Kentridgek bere ibilbidean egindako ikerketaren sintesia aurkezten digu, hain zuzen ere, irudien artista eta artisaua izateak esan nahi duenaren inguruan egindako ikerketaren sintesia.

William Kentridge bere animazioko film labur bereziengatik da ezaguna nazioartean, izan ere, bere lan horiek koreografiaren eta marrazkiaren arteko elkargunean kokatzen dira, inskripzioaren eta ezabatzearen artean, keinu fisikoaren eta teknologia zinematografikoaren artean. Johannesburgon jaio zen Kentridge 1955. urtean, eta gaur egun ere Hegoafrikan bizi da eta bertan egiten du lan. Bere gurasoak apartheidaren kontra borrokan jardun zuten abokatuak izan ziren, eta bera ere aktibista izan zen gaztaroan. Gerora ere eutsi egin dio Hegoafrikan bizitzearen zailtasunak islatzen dituzten artelanak sortzeko konpromisoari. Agerian jartzen dituen errealitate horiek apartheid-garaikoak zein arrazaren araberako segregazio-sistema politiko hura ezeztatu ondorengoak izaten dira, eta bi ikuspuntutatik jorratzen ditu, nola zapalduen ikuspegitik, hala berak gizon zuri eta judua den aldetik bizi izandako esperientziatik.

Lau hamarkadatan zehar, luze eta zabal esploratu ditu Kentridgek marrazki bizidunak, ikusmintzaira eta material ugari erabilita egin ere; hala nola ikatz-ziriz egindako marrazkiak, metala, eskultura, txotxongiloak, antzerkia, eszenografia, ehunak, collagea eta idazketa, horietako batzuk aipatzearren. Bere lanak gizakiaren existentziaz dihardu, izate horren dimentsio praktiko eta etikoa kontuan hartuta, eta sentiberatasun politikoz bizitzeko modutzat hartzen du artea. Bere ekoizpena pertsonala eta unibertsala da era berean, tragikoa eta ludikoa, eta gure garaian funtsezkoak diren gai filosofikoen eragin nabarmena du. Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieraz geroztik, Kentridgek mundu osoan erakutsi ditu bere lanak: museoetan, lehen mailako erakundeetan, antzoki lirikoetan, kontzertu-aretoetan zein eremu publiko nabarmenetan, esate baterako, Tiber ibaiaren ertzean, Erroman.

Hiru lanez osatutako multzo honetan, Kentridgek Georges Méliès zinemagile eta berritzaile frantsesa dakar gogora, baita hark ilusionismo-efektuak erabilita egin zituen esperimentu burutsuak ere. XX. mendearen hasieran, zinemaren hastapenetan, alegia, hainbat teknikatan izan zen Méliès aitzindaria; esaterako, alderantzizko mugimenduan, animazioan, etenetan eta itzaltzeetan, eta horiez guztiez baliatu zen ordura arte ikusi gabeak ziren magia-ikuskizun zinematografikoak sortzeko.

Kentridgeren instalazioa zuri-beltzeko filmazioz osatuta dago, eta bateratu egiten ditu irudi errealak eta berak ohikoa duen stop motion marrazketa teknika; azken horren bitartez, marrazki handiak egiten ditu ikatz-ziriaz baliaturik, eta kameraren aurrean jartzen; ondoren, ezabatu egiten ditu, atal jakin batzuk berriro marrazteko helburuarekin. Prozesu hori errepikatzean lortzen duen animazio-irudi bakoitzak aurreko bertsioen zirrimarrak ditu, eta horrek gogoeta sakon bat egitera bultzatzen gaitu: irudien sorrera eta desagertzea ez ote dira elkarrengandik bereizi ezineko uneak? 7 atal Georges Mélièsentzat lanean Kentridge bera ikusten dugu, bere estudioan lanean edo bere marrazki bizidunen batekin interakzioan. Autorretratu oniriko bat da emaitza; bertan, estudioak agertoki kosmikoaren funtzioa betetzen du, eta artistaren eguneroko kezkak ikusteko aukera ematen digu.

Eguna gauaren ordez piezak, aldiz, Mélièsek zuri-beltzeko negatibo zinematografikoak inbertituz egin zituen esperimentuetara eramaten gaitu. Kasu honetan, Kentridgek bere apartamentuko inurri-inbasio bat filmatu zuen, inurriek artistak berak jarritako azukre-bideari jarraitzen ziotela; gero, zinta negatiboan inprimatu zuen, eta horrela, izarrez betetako galaxia baten gau-efektua sortu zuen.

Ilargirako bidaia lana, berriz, omenaldi bat da, Mélièsen 1902ko izen bereko maisulanari egindakoa. Piezak Philip Miller-ek konposatutako jatorrizko soinu-banda du, eta Kentridge erakusten du bere estudioan, noraezean, bere sorkuntza-ikuspegia hezurmamitu nahian. Eguneroko hainbat objektu ageri dira, baina oso modu irudimentsuan eraldatuta daude; esaterako, kafeontzi batek kohete baten antzera zeharkatzen du espazioa, eta artistak, lupatzat hartutako kikara batekin begiratuz, artelanaren barne-bizitza ikusten du estudioko hormetan. Halaber, Kentridgek alderantzizko argazkiaren baliabidea erabiltzen du hainbat marrazki-orrik, sorginkeriaz bezala, bere eskuetara hegan egin dezaten. Esperientzia bisual zentzugabea eta, aldi berean, sakona sortzen du horrela.