Edukira zuzenean joan

Andy Warhol: A Factory

Atalak

Andy Warhol: A Factory

Izenburua:
Andy Warhol: A Factory
Erakusketa:
Andy Warhol: A Factory
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta komunikabideak | Sorkuntza artistikoa | Herri-kultura | Masa-kultura
Mugimendu artistikoak:
Pop Artea
Artelan motak:
Argazkia | Eskultura | Ikus-entzunezkoa | Obra grafikoa | Pintura | Serigrafia
Aipatutako artistak:
Warhol, Andy

Andy Warhol: A Factory izeneko erakusketa, Andy Warholen (1928–1987) —XX. mendeko artistarik ezagunena ziurrenik— diziplina anitzeko ekoizpenean zeharreko ibilbidea dugu. Gerraosteko Ameriketako kulturaren iturrien inguruko ikuspegi nagusia zabaldu asmoz, Warholi buruzko erakusketa panoramiko honetan, haren funtsezko lanak aurkezten dizkizuegu —pintura, eskultura eta beste bitarteko batzuetan egindakoak—, berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik, orduantxe hasi baitzen Warhol diseinatzaile grafiko lanean, laurogeiko hamarkadaren amaiera arte, Warhol bera irudi erregistratu bihurtua zeneko garaira arte alegia.

Warholek, bururatu dakizkigun kultura bisualeko irudi guztiak jorratu zituen, eta, hala, arte-ondare itzela utzi zigun. Haren lan ezagunenak hirurogeiko hamarkadako pop estiloko serigrafiak dira. Lanotan, Estatu Batuetako eguneroko bizitzari buruz hedabideetan zabaldutako irudiak edo Hollywood-eko idoloak irudikatzen ditu. Hala ere, beste esparru askotan ere ekarpen handiak egin zituen Warholek, zinema, argazkigintza, bideoa eta telebista bezalako alorrak jorratu baitzituen, eta hainbat liburu argitaratu zituen halaber, Interview aldizkariarekin batera. Etorkizun-sen handia erakutsiz, Warholen ekoizpen oparoak erronka berria ekarri zuen arte-diziplinen ohiko hierarkiara, masarentzako produktuak elitearentzako artea bihurtu baitzuen eta alderantziz.

Warholek ukaezineko eragina izan du mendebaldeko kulturan, artea ulertzeko modua errotik aldatu baitu, hutsala dena ikono-kategoriara goratuz, eta gure garaiko kulturan eduki sinboliko handia duten banakako irudiekiko interesa erakutsiz. Gaur egungo gizarteko irudi adierazgarrienak aukeratu eta irudikatzeko erakutsitako zorroztasunari esker, betiereko oihartzuna eskuratu du Warholen lanak.

Andy Warhol: A Factory erakusketa, Solomon R. Guggenheim eta Kunstmuseum Wolfsburg museoek antolatu dute elkarlanean.