Edukira zuzenean joan

The Otolith Group: O Horizontea

Santiniketaneko ikasketak (Gu baino mende bat lehenago II), 2018

Info gehiago

Atalak

The Otolith Group: O Horizontea

Guggenheim Bilbao Museoko Film & Video aretoaren erakusketa-programak etengabeko konpromisoa hartua du mugimendudun irudiarekin lotutako praktika artistikoekin, eta arte bisualen, film-instalazioen eta arte garaikidearen arteko harreman emankorra aztertzen du bere zentzurik zabalenean.

2002az geroztik, The Otolith Group taldeak —Anjalika Sagar (Londres, 1968) eta Kodwo Eshun (Londres, 1966)— filmak, soinuzko obrak, instalazioak, erakusketak eta testuak egin ditu ikerlan zabalean, pentsamendu deskolonialean eta adiskidetasun transkulturalean oinarrituta. Gorputzari orientatzea, oreka mantentzea nahiz azelerazioa eta kokapena igartzea ahalbidetzen dion egitura sentsoriala da barne-belarria, eta bertan sortzen dira animalia ornodunen kasuan otolitoak, kare-koskor txiki batzuk. Hortik hartu du taldeak izena, askotariko dimentsioetan jarduteko duen asmoa alegorikoki aditzera emateko.

Erakusketa honen muina O Horizontea film-instalazioa da. Obrak Santiniketan herrian (Mendebaldeko Bengala, India) dagoen Visva Bharati eskola jasotzen du iruditan: ingurumenarekin konpromisoa hartua duen arte-erakunde moderno bat, Literaturako Nobel Saridun Rabindranath Tagore idazle, hezitzaile eta erreformista sozialak 1921ean sortua. India independentziarantz eta eraldaketa kulturalerantz gidatzerakoan, gure orainaldi globalizatuaren gakoetako batzuk aurreratu zituen Tagorek, besteak beste, ingurumenaren zaintza, erradikaltasun nazionalisten eta erlijiosoen mehatxua nahiz belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia. Filmak Tagoreren ikuspegiaren iraunkortasunari behatzen dio, eta hark 1896an idatzi zuen poema batekin hasten da; bertan idazleak udaberriaren iritsierari eta beren inguruan loratzen den naturari buruz galde egiten die etorkizuneko irakurleei (“hemendik ehun urtera”). O Horizontea lanak elkartruke bat eszenaratzea du helburu, non ikusleak Tagorek planteatutako galdera poetikoari —etorkizunetik zer ekarpen jaso ote daitekeen— erantzuten baition.

Erregistro-sekuentzia jori batean, filmak campusean eta bertako dantza, saio eta erritualetan zehar eramaten gaitu, barnealdean eta aire zabalean egiten diren eskoletan zehar. Mikrofonoek Kabirrek idatzitako kantu mistikoak, poesia epikoak, hizketaldiak nahiz jolasak jaso dituzte; kamerak, aldiz, animalien begiradak eta landarediaren sakontasuna, isilean behatuta. Tagoreren ikuspegia beti dago presente Visva Bharatiren sorreraren giltzarri gisa; arteak eta artisautza batzen diren lekua da, lurrarekin estu lotuta. Poetak inguruetako eremuetatik lurra ekarrita lurzorua indarberritzeko egindako ahaleginak —bai kulturaren bai nekazaritzaren arloan— orain den lur emankor eta bizitasun handiko hori bihurtu zuen Santiniketan denboraren poderioz. Transformazio horren fase erabakigarri bat lurzoruaren goiko geruzan gertatzen da —bertan hostoak, belarra, fruta eta animalia-hondarrak deskonposatzen dira—, agronomoek “O horizontea” deituriko horretan, eta proiektu filmikoak hortik hartu du izenburua. The Otolith Groupentzat, hain espazio hauskor eta dinamiko horren oinarri poetikoa eta politikoa funtsezko elementua da, ez bakarrik Tagoreren ethosean, baita norabide ekologikoa eta kosmopolitikoa hartu duen pentsamendu garaikidearen garapenean ere.

BESTE ATALAK

The Otolith Group: O Horizontea

The Otolith Group: O Horizontea, Atala, 2022

Info gehiago

Santiniketaneko ikasketak (Gu baino mende bat lehenago II), 2018

The Otolith Group: O Horizontea, Atala, 2022

Info gehiago

Vydia Sagar

The Otolith Group: O Horizontea, Atala, 2022

Info gehiago