Edukira zuzenean joan

Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik

[Pertsonaiak]

Info gehiago

Iruzkinak

[Iradokizunak]

Lynette Yiadom-Boakyeren margolanek istorio bat irudikatzeko gonbita egiten diote ikusleari. Artistak asmaturiko irudiak mundu pribatuetan bizi dira, eta mundu horiek ez daude pertsonaien begiradak, jantziek edo inguruak zehaztuta, baina bizitako esperientziak, oroitzapenak eta sentimenduak ekartzen dituzte gogora. Pintura bakoitzaren atmosfera eraikitzeko, artistak arreta bizia eskaintzen die koloreei, keinuei eta aurpegi-adierazpenei. 
Haren koadroetako irudiak nahita dira zailak garai edo kultura jakin batean kokatzeko. Ez dago espazio- edo denbora-testuinguru jakin bat iradoki dezakeen jantzirik edo objekturik —oinetakoak, adibidez—. Haren pertsonaietako batzuek osagarri anakronikoak dituzte, hala nola lumazko lepokoak, beharbada Europako nobleziaren erretratu-tradizioari, arlekin-mozorroei edo zirkuko artistei erreferentzia eginez. Barnealdeko eszenetan ere ez da arkitektura- eta dekorazio-xehetasunik ageri. Askotan animaliak agertzen dira margolanetan —basatiak normalean, baina batzuetan etxekoak ere bai—, beti gizonezko pertsonaien ondoan agertu ere. 
Artistaren lan gehienek kolore-paleta beroa dute, eta tonu lurkarak izaten dituzte nagusi, hala nola kolore arreak, okre laranja-horixkak, berde ilunak eta sepia kolorea. Sarritan, beste tonalitate biziago batzuk ere izaten dituzte, kontrastea, bolumena eta testura sortzeko, eta sentimendua ematen diete koadroei. Oraintsuago, artista ikatz-ziriarekin hasi da lanean, eta argi-ilunen arteko kontraste nabarmenagoa eskaintzen du lan bakoitzean. Beste gonbidapen bat da, nor eta zer erretratatzen ari den aztertzeko. 
Artistak bere koadroei jartzen dizkien izenburuek iradoki egiten dute, ez dute obra deskribatzen. Yiadom-Boakyek “beste pintzelkada bat” direla esaten du, obraren funtsezko parte bat, nahiz eta obra bera argitu ez. Irudiak, berriz, ezagunak eta enigmatikoak dira aldi berean. Yiadom-Boakyek konposizio gisa deskribatu izan ditu bere lanak: pintatzen duen pertsonaia bakoitzak bere pentsamenduak eta esperientziak proiektatzen ditu, eta baliteke —edo ez— artistak horiek agerian jarri nahi izatea. Publikoak bat egin dezake obrekin, eta nork bere kontakizuna eraiki. 
Artista plastikoa izateaz gainera, Yiadom-Boakye idazlea ere bada. Bere erakusketen katalogoetan, prosazko kontakizun laburrak zein poemak argitaratu ohi ditu. Haren ustean, artea eta idazketa diziplina independenteak dira, baina elkarri lotuta daude.
“Margotu ezin dudanari buruz idazten dut, eta idatzi ezin dudanari buruz margotzen dut”. 
Obren izenburu enigmatikoek ez digute margolanak ulertzeko gida gisa balio; aitzitik, irudiak xehetasun handiagoz ikustera gonbidatzen gaituzte, sortzen dituzten erantzunik gabeko galderei erantzuten saiatzera. “Sentimenduaren bidez pentsatzea”: horrelaxe deskribatu du artistak bere sormen-prozesua. Hezur-haragizko pertsona jakinak leial irudikatu beharrak eragiten duen kezkarik gabe, artista aske murgil daiteke pinturaren munduan eta koadro bakoitzaren eduki emozionalean. 

BESTE ATALAK

[Pertsonaiak]

Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik, Iruzkina, 2023

Info gehiago

[Iradokizunak]

Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik, Iruzkina, 2023

Info gehiago