Edukira zuzenean joan

Metahaven. Kaosaren teoria

Atalak

Metahaven: Kaosaren teoria

Izenburua:
Metahaven: Kaosaren teoria
Erakusketa:
Metahaven. Kaosaren teoria
Gaiak:
Artea eta denbora | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Paisaia | Hiri-eszenak | Ehungintza | Emozioa | Sentimenduak | Zinema
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Bideoartea
Aipatutako artistak:
Metahaven,

Guggenheim Bilbao Museoaren Film & Video erakusketa programa mugimendudun irudiarekin lotutako praktika artistiko garaikideei eskainia da.

Amsterdamen bizi diren Vinca Kruk eta Daniel van der Velden artistek 2007an sortutako Metahaven kolektibo ezagunak artearen, zinemaren eta diseinuaren arteko mugak lausotzen dituzten lanak egiten ditu. Egungo diziplinarteko praktiken aitzindaritzat hartzen da Metahaven, izan ere, askotariko baliabideak jorratzen ditu, besteak beste, mugimendudun irudia, diseinu grafikoa, erabiltzaile-interfazeak, ehungintza eta diskurtso teorikoa.

Kolektiboak berriki egin duen Kaosaren teoria (2021) pieza zinematografikoa 25 minutuko ikus-entzunezko poema liluragarria da. X (Valentina Di Mondo) eta Y/Z (Georgina Dávid) pertsonaien arteko elkarrizketa du ardatz, eta, bertan, bata bestearekin hartu-emanean bizitzeak dakartzan zailtasunei eta ñabardura sentimentalei aurre egiten diete gogoetatsu bi pertsonaiek. Elkarrekin jolasean edo oinez dabiltzala, haien arteko elkarrizketa aldatuz doa hiri-periferiako eremu irekietan barrena, ikastetxeko atean edo are leku intimoagoetan —igogailu batean, gela batean—. Leku horiei guztiei halako kutsu alegorikoa eta onirikoa darie. X pertsonaiak beltxarga beltzekin —hau da, gertagaitza denaren enblema bizidunarekin— izandako ametsaren irudikapenak areagotu egiten du ametsetako giro hori, eta beste horrenbeste egiten du taula gisa nahiz ohe gisa ageri den eguzki-panelak ere. Jolasaren arintasuna denbora existentzialari eta grabitateari buruzko eztabaidekin tartekatuz, Kaosaren teoria piezak kontakizun ez-lineal gisa dihardu, eta zalantzan jartzen ditu ahotsaren eta pentsamenduaren arteko mugak, leku errealen eta alegiazko guneen artekoak. Amatasunak, ahizpatasunak eta haurtzaroak berezko dituzten emozio-sorta aldakorrak aztertzen ditu. Filma Amsterdam kanpoaldean grabatuta dago, eta bertan ageri den paisaia zehatzak talka egiten du piezaren poetika irekiarekin. Erakusketa-aretoan jartzerakoan artilezko alfonbra handi bat gehitu zaio instalazioari, bisitariek modu materialean izan dezaten interakzioa filmak jasotzen dituen motibo eta testurekin.

Obra zinematografikoarekin batera, Metahaveneko artistentzat fotogramen baliokide diren hainbat ehun-lan daude ikusgai. Kaosaren teoria piezaren osagarri diren lanok gelaurrean daude kokatuta; ehundutako objektu horiek azken urteetan sortuak dira, eta era askotako brodatu digital konplexuak ageri dituzte, kiroljaken, plastikozko poltsen eta autobusetako eserlekuen tapizetan egindako pieza txikien gainean eginak. Istorioetan elkarbizitzan (2022) izeneko bideo- eta ehun-lanaren triptikoa ere badago bertan. Paisaia onirikoen, hegazti-murmurioen, interfazeen eta geografiaren justaposizio horretan, gure ziurtasunak zalantzan jartzera, eta enpatiak, nortasun jariakorrak eta interdependentziak definitutako etorkizuna irudikatzera gonbidatzen gaituzte artistek.