Edukira zuzenean joan

Metahaven. Kaosaren teoria

TAG_Tirudiak_VALUE
Izenburua:
Metahaven. Kaosaren teoria
Data:
2024ko otsailak 22 - 2024ko ekainak 9
Komisariotza:
Manuel Cirauqui
Erakusketa mota:
Banakakoa
Gaiak:
Artea eta paisaia | Eragin artistikoa | Mugimendua | Sinbologia | Hiri-eszenak | Herbehereak | Amsterdam | Poesia | Emozioa
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Erakusketa birtuala:
https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/metahaven-kaosaren-teoria

Metahaven izenarekin ezagutzen da Herbehereetan bizi diren Vinca Kruk eta Daniel van der Velden artistek osatzen duten biko ospetsua. 2007an sortako kolektibo horren lanek artearen, zinemaren eta diseinuaren arteko mugak gainditzen dituzte. Metahaven itzal handiko forma-sortzailetzat jotzen da kultura kritiko eta post-digital garaikidearen eremuan, askotariko baliabideak jorratzen baititu, besteak beste, mugimendudun irudia, museografia, grafismoa eta diskurtso teorikoa.

Kolektiboak sortutako pieza zinematografiko berrienetako bat ikus-entzunezko poema hunkigarri bat da: Kaosaren teoria (Chaos Theory, 2021). Bi pertsonaiaren arteko elkarrizketa du ardatz, X (Valentina Di Mondo) eta Y/Z (Georgina Dávid/Lucie de Bréchard), zeinek gogoetatsu aurre egiten baitiete mundu garaikideari eta bertan ematen diren elkarri lotutako gertakarien fluxuei. Kaosaren teoria lengoaia narratibo konbentzionaletatik eta informazioaren teknologiaren logika bitarretatik urruntzen da, eta, beraz, kontakizun ez-lineala da, fikzioen eta gertaeren, errealitateen eta amets partekatuen arteko zatiketei aurre egiten diena. Amsterdamen kanpoaldean filmatu zen, eta pelikularen paisaia definitua ez dator bat ametsetako eszenekin eta gidoiaren izaera ireki eta poetikoarekin. Halaber, obra instalatzean jarraitutako planteamendu berriak pantailaren muga fisikoak hausten ditu Museoko areto nagusian barrena hedatzen den ehunezko pieza baten bidez. Ehundutako materialek istorioan agertzen diren objektuen eta patroi bisualen berri ematen dute, datu-puntuei eta bektore grafikoei erreferentzia eginez. Garraio publikoetan erabili ohi diren tapizerien testura eta koloreak gogorarazten dituen ehundura trinko batean egiten dute bat guztiek.

Halaber, Metahavenen bideo-instalazioa gelaurrean ikusgai jarritako pieza brodatu eta objektu ugarirekin ere badago lotuta; hain zuzen ere, proiektu filmikoaren dokumentu eta fotograma gisa ulertzen dira horiek guztiak. Horrenbestez, Kaosaren teoria ez dago bere horretan aurkeztuta, Geziak (Arrows, 2020) eta Kimuak (Blossoms, 2021) sailetako piezekin baizik —formatu txikiko tapizak eta plastikozko poltsen eta kirol-jaken gainean egindako brodatuak-—, baita Istorioetan elkarbizitzan (Living Together in Stories, 2022) izeneko bideo- eta ehun-triptikoarekin ere. Paisaia onirikoak, abstrakzio grafikoak eta mundu organikoko sinboloak elkarren ondoan jarrita, artistek jakintzat ematen duguna berrikustera eta enpatiak, identitate jariakorrek eta interdependentziak definitutako etorkizuna irudikatzera gonbidatzen gaituzte.