Edukira zuzenean joan

Metahaven. Kaosaren teoria

Film & Bideo

Metahaven: Kaosaren teoria

Izenburua:
Metahaven: Kaosaren teoria
Erakusketa:
Metahaven. Kaosaren teoria
Gaiak:
Emakumea artean | Haurrak | Konposizioa | Sinbologia | Paisaia | Hiri-eszenak | Ehungintza | Herbehereak | Amsterdam | Emozioa | Enpatia
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Metahaven,

2007az geroztik, Herbehereetako Metahaven kolektibo artistikoak nazioarteko aintzatespena izan du arte bisualen, diseinuaren, zinemaren eta literaturaren arteko mugei aurre eginez sortu dituen lanei esker. Vinca Kruk eta Daniel van der Velden dira Metahavenen sortzaileak, eta haien proiektuek barne hartzen dituzte zinema, idazketa, diseinu grafikoa, ehun-gaien diseinua, poesia, narrazioa eta instalazioa. Haien lanek aztergai dituzte, besteak beste, botere-modu garaikideak, teknologiaren inplikazio etikoak, giza komunikazioa, propaganda, bai eta identitatearen eta errealitatearen eraikuntza ere.

Guggenheim Bilbao Museoak atsegin handiz aurkezten du Metahavenek 2021ean sortutako Kaosaren teoria film-instalazioa. Lana ohikoa duenaz bestelako konfigurazio batean ekarria da oraingo honetan; izan ere, harekin batera artelan- eta objektu-aukeraketa bat ere jarri da ikusgai, filmaren irismen material eta sinbolikoa areagotzeko asmoz. Kaosaren teoria titulua izen bereko teoria matematikoari egindako erreferentzia poetikoa da. Teoria horrek ezartzen duenez, sistema konplexuen itxurazko arbitrariotasunetik haratago, badira patroi aurresangarriak eta antolaketa-interkonexioak.

Kaosaren teoria obran, Metahavenek giza harremanak lantzen ditu haurtzaroaren eta gurasotasunaren ikuspegitik abiatuta. Filmak “X” izeneko neskato baten eta “Y/Z” deituriko emakume baten arteko interakzioak erakusten ditu, beren bizipenen konplexutasunei aurre eginez doazen heinean garatuak. X ausarta eta izukaitza da, eta lotura harrigarriak egiten ditu gauzen eta aurkikuntzen artean. Y/Z, ordea, bere pentsamendu eta emozioetan murgildurik dagoela dirudi, baita X zaintzen ari denean ere. Bien arteko elkarrizketak oihartzun poetikoak ditu —batzuetan enigmatikoak—, eta hitz-joko burutsuz beterik dago hartu-eman hori. 

Haurrek fikzioak irudikatzeko eta beren munduak sortzeko duten gaitasun geldiezina da, hain zuzen ere, Kaosaren teoria honen ardatza. Fantasia horien potentziala ere jorratzen du lanak, gaitasuna baitute helduen mundu etsiarekiko zubiak eraiki eta belaunaldien arteko zauriak sendatzeko. Filmaren tonu poetikoak eta kontakizunaren linealtasunik ezak kontraste nabarmena egiten dute informazioaren teknologiek eta zinema komertzialak duten bitartasunarekin; izan ere, azken horietan datuak, istorioak eta mezuak modu sinplifikatu eta partzialean interpretatu ohi dira.

 

Mezu argiak eta zuzenak eman beharrean, filmak zalantzan jartzen du fikzioen eraikuntzaren eta desinformazioaren arteko identifikazioa, fantasiaren eta gezurraren artekoa, eta ondorioztatze errazak saihesten ditu. Protagonistari beltxarga beltz saldo bat agertu zaio ametsetan, eta gertaera horrek berebiziko garrantzia du Kaosaren teoria piezaren poetikan. Izan ere, Mendebaldeko kulturan, beltxarga beltzak gertagaitza denaren zeinu dira, eta hegazti horiek saldoan ikusteak, taldean ikusteak, paradoxa bat adierazten du. Metahavenen arabera, “fikzioa, bere horretan, ez da zerbait faltsua; ez dago egiari edo baieztapen egiaztagarriei kontrajarririk. Berez, narrazio-modu bat da, munduak sortzeko modu bat”.

Pieza geruza ezberdinetan egituratuta dago, eta horiek eratzeko baliatutako lengoaia filmikoaren bidez, Metahavenek aurre egiten die zinema narratiboan irudiak eta soinuak izan ohi dituzten jarraitutasun-konbentzioei. Kaosaren teoriak uztartu egiten ditu, batetik, bai kalitate zinematografikoarekin filmatutako metrajea, bai artistek bideokamera zahar batekin grabatutako formatu karratuko pasarteak, eta, bestetik, stop motion animazioa. Kontakizunean motibo berri bat agertzen den bakoitzean, haren ertzak kolorez markoztatuta ageri dira, bideokonferentzia batean bezala. Lanak azpitituluak eta soinu-paisaia aztoragarri bat ere baditu. Elementu horiek guztiak elkartu egiten dira sorkuntza filmiko poetiko eta ez-lineal bat lortzeko. Pieza Amsterdam kanpoaldean filmaturik dago oso-osorik, artisten bizilekutik gertu; azpiegituraz jositako ingurune horrek kutsu mugatzailea ematen dio paisaiari, eta horrek talka egiten du elkarrizketaren poetika irekiarekin.

Film-instalazioa, gainera, ez da pelikularen muga espazialen baitan amaitzen: areto nagusian dagoen ehundutako obra handia ere barne hartzen du. Piezaren ehundurak filmean ageri diren sentimendu eta motiboetako batzuk gogorarazten ditu, eta erabiltzeko eta kontaktu fisikorako espazio bat eskaintzen die bisitariei. Era berean, datu eta bektore grafikoak dauzka, garraio publikoan ohikoak diren (eta filmean bertan aipatzen diren) tapizeria-motiboen tankerako kolore-kode batekin eta ehundura trinko batekin nahastuta.

Azkenik, oihalezko piezen aukeraketa bat dago gelaurrean ikusgai. Pieza horiek lan zinematografikoaren dokumentu gisa funtzionatzen dute, edo “film baten fotograma” gisa, artistek dioten bezala. Hala, Kaosaren teoria lanaren osagarri gisa aurkezten dira 2023 eta 2024 bitartean egindako zenbait sailetako oihalak, hau da, brodatu digitalez apaindutako txandal-txaketak, plastikozko poltsak eta oihal- edo lanpas-laginak gogorarazten dituzten tapiz txikiak. Pieza horiek “entropia-transferentzia” izeneko fenomeno bat iradokitzen dute; hegazti-saldoak edo animalia-taldeak bezalako ausazko multzo konplexuak koordinatzea ahalbidetzen duen fenomenoa, alegia. Ikusgai dago, orobat, Istorioetan elkarbizitzan izeneko triptikoa, ehunez eta bideoz osatua. Beste behin ere, elkarren ondoan jarrita ageri dira irudi abstraktuak dituen pasaia baten ikuspegi onirikoa eta elefanteen sinboloak. Eraikuntza bisualaren bidez, Metahaven kolektiboko artistek gonbita luzatzen digute enpatia eta mendekotasunaren aitortza bereizgarri dituen etorkizun bat ikusteko, osotasun emozionala ziurgabetasunari aurre egiteko tresna baliotsu duen mundu bat begiztatzeko.