Martha Jungwirth
Objektuak eta pertsonak
Atalak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Martha Jungwirth
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Lan-prozesua | Lerroa | Mugimendua | Marrazkigintza | Austria | Viena | Édouard Manet | Francisco de Goya | Emozioa | Subjektibotasuna | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea | Espresionismo Abstraktua
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Jungwirth, Martha
Martha Jungwirth (Viena, 1940) artistarentzat, bere gorputzak sorkuntza-prozesuan daukan inplikazioa jasotzen duen egunkari moduko bat da artea. Jungwirthen ustez, marrazki eta pintura bakoitza bere izaeraren luzapen dinamikoa da, non lerroz eta orbanez osatutako egitura adimendunak sortzen baitira, mugimenduek eta emozioek bultzatuta. Haren lana jariakortasunean, gardentasunean eta irekitasunean zentratzen da, eta handitasun-irrika orotatik aldentzen da landu gabe, zentsuratu gabe eta apaindu gabe dagoen hori arakatu nahian.
Jungwirthen obra, beraz, oroimena eta irudikapena elkarrekin solastatzen diren eremu batean kokatzen da. Artistak pertzepzio guztiz pertsonalak islatzen dituzten forma plastiko bihurtzen ditu bere bizipenak. Iturri gisa balio diona iradokitzen duten keinu-formen eta emozioz beteriko koloreen bidez, Jungwirthen margolanek kategorizazio estilistiko sinpleetatik harago doan leku bat hartzen dute, abstrakzioaren eta figurazio sotilaren artean kulunka. Haren espektro artistikoaren baitan, koadroetako batzuk pintzelkada ugariz hornituta daude, eta beste batzuk, berriz, trazuen urritasunagatik nabarmentzen dira. Horren emaitza zera da, abstrakzioaren eta mundu fisikoaren irudikapenaren artean dagoen tentsioaren esplorazioa.
Jungwirthen lehen lanek erraietakoa eta subjektiboa denari buruzko ikuspegi berezia erakusten dute, espresionismo abstraktuaren eta emozioz betetako tasun gordinaren arteko fusioa; uztarketa horretatik abiatuta garatu du artistak bere estetika aparta. Jungwirthen ekoizpenean etengabeko eboluzioa nabari da, eta artistak askotariko gaiak lantzen ditu, izan autorretratu introspektiboak, paisaiak edo are gaur egungo gertaera globalak (Australiak 2019–20an pairatu zituen suteak, adibidez).
Erakusketa honetan 70 lan daude ikusgai, Jungwirthen lehen marrazkiekin hasi —figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugen arakatze-ariketak— eta Francisco de Goya eta Édouard Manet inspiraziotzat dituzten azken margolan sailekin buka. Erakusketa gaika antolatuta dago, eta askotariko piezak aurkezten ditu: marrazkiak, akuarelak, olio-pinturak eta euskarri desberdinetan —nola diren eskuz egindako papera, kontu-liburuak, kartoi mehea eta abar— osatutako artista-liburuak. Ezohiko material horiek zoriaren aldagaia sartzen dute sortze-prozesuan, eta bat-batekotasuna eta dinamismoa sustatzen dituzte. Jungwirthek bere adierazpen artistikoaren mugak behin eta berriz gainditzeko eta zabaltzeko baliatzen dituen ikerketa tematikoak eta berrikuntza plastikoak ezinbestean baldintzatzen dute artearen munduan lortu duen toki berezia.