Edukira zuzenean joan

Martha Jungwirth

katalogoa

nire baitako tximua

Martha Jungwirth

Izenburua:
nire baitako tximua
Egilea:
Martha Jungwirth
Argitalpena:
Bilbao: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2024
Neurriak:
24 x 29 cm
Orrialdeak:
176
ISBN:
978-84-95216-98-4
Lege gordailua:
BI 574-2024
Erakusketa:
Martha Jungwirth
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta literatura | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Austria | Viena | Poesia
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Jungwirth, Martha

nire baitako tximuaren metodoa:

antzinako burmuinetara itzultzea, zera sentsomotorrera

ahozko lengoaiaren aurrekora

irudimenaren aurrekora

memoriaren aurrekora

objektuen penetrantziaren aurrekora

lerroek ihespuntuan bat egiten duten zera euklidearraren aurrekora

margotzean ez pentsatzea.

 

asimilazioaren1 sarea ireki, horren poro guztiak busti,

bainugelako belaki bat: irudi jariakor eta arinen mundu bizkorra nahiz

memoriaren piltzarrak harrapatu.

 

lengoaia piktoriko bat asmatzen dut, indarrean den errealitate zurrunaren

baliokidea, hautematearen soberakina den % 20 horren baliokidea,

kantoien kontra ez jotzeko aski, objektu gutxi batzuk ezagutzeko beste:

déjà-vua, hirugarren hilabeteko irribarrea; eta gainerakoa baztertu.

nire errealitate piktorikoa pasioz betetzen da, gorputzari, mugimendu

dinamikoari lotutako lengoaia da. orban eta trazu koloretsuak harremanen

sarean, berezkotasun bat-batekoz, neurgaitzak itsumustuan, ekintza-esparru

errepikaezina. barne-irudiak azaleratzen dira, baita murgiltzen

ere, oraingo hautemateak motrizitatea kontrolatzen du, mugimendua

sortzen duten orbanak eta koloreak kontrolatzen ditu, sistema koherente

bat bere baitan, zeinak ez baitu bat egiten inposatutako errealitatearekin.

ez da ageriko pintura.

begiratzea eta margotzea disoziaturik daude, begia eta eskua asinkronoak

dira. gorputzak orbanak egozten ditu, azalera bertikalen gainean aldi

berean eginak.

nire pintura niri lotuta dago, uneari, esku malguari, begi zoliari, zango-joko

trebeari, kontrolik gabe jariatzeari, denbora- eta otordu-unitateari, une

zoriontsuari, ez da lengoaia lotesle bat, ez da trogloditak zirkulatzen ari

direnean talkak saihesteko trafiko-seinale bat, ez da sinboloa, ez du ezer

esan nahi, ez dago horren atzean asmatu beharreko konbentziorik.

asoziala da, xede bat bere horretan, hausnarketak nahasi gabeko fluxu

bat, beso-zangoen maniobra abil bat, une egokian eten egiten dena.

maiz hondoratzearen praktika. ezusteko gertakaria eragin, berehala

identifikatu, aurrera egiteko elementu gisa erabili.

 

orbanen konstelazioak zabalik utzi, baztertu eta erabili, zentratu eta

okertu, prozesu piktorikoa agerian jarri, ukiturik ez, arriskuak errezeten

ordez. non finito.

 

apaindurarik gabe margotu nahi dut, nahas-mahas.

narrastien erreflexura jo nahi dut

garun-enborrera

“acte gratuit” delakora

rem loaren aurrekora, “monotremaren lobulu tenporal” delakoetan2,

ekintzazkoa eta pasiozkoa da nire margolaritza: espazio dinamiko bat.

irudia itzal arin bat da, sormenaren elektroenzefalograma bat, baldin eta

inguratzen gaituen olatu uhinkarien ozeanoan murgiltzea lortzen badugu.

non proteo zaharrak bostera arte zenbatzen duen.

moztu, bidali eta irabazi aurrekora.

arauen aurrekora

niaren tolesturaren aurrekora

non egoa baita mundua, eta alderantziz, non zerak margotzen baitu,

s(ub)k(ontzienteak), sistema linbikoak.

metafisikarik ez

doktrinarik ez

okultismorik ez

xamanik ez

filosofiarik ez

eskemarik ez

orban bat da orban bat da orban bat, adimentsua

edo ergela, eta kito.

 

asimilazioa: ikuspuntu biologiko batetik, asimilazioa da organismo

baten eskemetan —burutuak edo garatzeko bidean daudenak— kanpoko

elementuak sartzea3.

 

sentsomotorra: adimenaren lehen etapa, alderdi sentsoriala eta

motrizitatea elkartu egiten dira goi-mailan, adimen praktikoa.

 

ageriko pintura: pintura mota horretan, objektuak halako moduan

margotzen dira non erraz ezagut daitezkeen, errealitateari buruzko arau

ohikoen arabera.

 

niaren tolestura: hala deitzen diot pentsamendu primitiboa amaitzen

den momentuari, zazpi urte ingururekin gertatzen den momentuari, non

irakasleak hasten diren buruan arauak txertatzen eta ipuinak uxatzen.

 

Testu hau protokolle aldizkarian argitaratu zen lehen aldiz, 1988an4.

 

 

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L. eta Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

 

1. Alfred Schmeller, “Joyce Vater unser oder Freßt euren Professor!”, hemen: protokolle

1985/1, 136. or.

2. Jonathan Winson, Auf dem Boden der Träume: Die Biologie des Unbewussten, Basilea,

1986, 247–49. or.

3. Ikus Jean Piaget, Nachahmung, Spiel und Traum, Stuttgart, 1975, 344. or.

4. Martha Jungwirth, “der affe in mir”, hemen: protokolle 1988/1, 81–82. or.