in situ: Mark Leckey. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean
[Sortze-prozesua]
Iruzkinak
in situ: Mark Leckey izeneko erakusketa
- Izenburua:
- in situ: Mark Leckey izeneko erakusketa
- Erakusketa:
- in situ: Mark Leckey. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Artea eta teknologia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | Guggenheim Bilbao Museoa | Hiria | Ingalaterra
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Leckey, Mark
Mark Leckey Erresuma Batuko Birkenhead udalerrian jaio zen 1964an, eta memoriaren, teknologiaren eta kultura bisualaren arteko loturak aztertzen ditu bere lanean. Leckeyren ekoizpen artistikoan, iragana eta oraina ez dira entitate bereiziak, ezpada gainjarriak: elkar elikatzen dute eta etengabe dihardute trukean. Hala, historia ez da kapitulu itxi bat, baizik eta egungo tresnen eta lengoaien bidez berraktiba daitekeen artxibo bat.
Instalazioak Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean du izena, eta berariaz sortua da espazio honetarako. Obrak Erdi Aroko ikuspegi bat gogorarazi lezake, baina baita eszena digital garaikide bat ere. Sienako Sassetta artistari egotziriko margolan bat du inspirazio-iturri: Itsas bazterreko hiria, alegia. Koadro horretan, harresiz inguratutako kostaldeko herri bat ageri da, geometria errenazentistari oraindik ere uko egiten dion perspektiba batekin irudikatuta.
Bere instalazioan, Leckeyk ez du erreproduzitzen zuzenean Sassettaren obra, baizik eta hiru dimentsiotan uzten dio hedatzen Museoaren eremu arkitektonikoan. Espazioan gailentzen den eskultura teknologia digitalaren bidez sortua da. Inguruko hormetan proiekzioak irristatzen dira. Horri guztiari soinu-girotze iradokitzaile bat gehitzen zaio, eta, hari esker, aretoa organismo bizi moduko bat bihurtzen da. Espazioan mugitzen garen heinean, argiak eta soinuak aldatu egiten dute obrari buruz dugun pertzepzioa: itzalak mugitu egiten dira, formak desegin eta birkonfiguratu egiten dira, eta atmosfera ere aldatu egiten da denbora igaro ahala. Sassettaren iruditik hartua da ezegonkortasuna eta kontrola galtzea iradokitzen dituen sentsazio hori, baina erreferentzia zuzena egiten dio orainaren ziurgabetasunari.
Duela urte batzuetatik hona, Leckeyri interesa pizten dio bizigabetasuna biziarazteko gaitasunak, eta, bereziki, irudiek eta objektuek teknologiari esker bizia hartzeko moduak. Lan honetan, hausnarketa bihurtzen da munduaren Erdi Aroko ikuspegi baten eta egungo estetika digitalaren arteko elkarrizketa: historiak eta teknologiak geldirik edo ahaztuta dirudienari bizia emateko daukaten grinaren gaineko gogoeta, alegia.
Denboren eta formen arteko topaketa honen bidez, Leckeyk pentsatzera gonbidatzen gaitu: zer harreman dugun irudiekin, nola funtzionatzen duen memoriak eta zer-nola eragiten duen teknologiak gure mundu-esperientzian. Lanak ez du eskaintzen kontakizun bakar bat; aitzitik, oroitzapen pertsonalak, erreferentzia kulturalak eta oihartzun historikoak uztartzen dituen espazio bat irekitzen du.
Hori horrela, metafora eta galdera bihurtzen da La ciudad se alzaba en todo su esplendor/Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean lana. Lehenbiziko pintoreen ikuspegi argieginetara igortzen du, baina baita gure pantailen argi keinukarietara ere. Bion artean ageri da Leckeyren lana definitzen duen tentsioa: galdu denarekin berriz konektatzeko nahia, eta edozein irudi eta soinu iraganaren berreraikuntza izateari buruzko kontzientzia.