Edukira zuzenean joan

in situ: Mark Leckey. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean

in situ: Mark Leckey izeneko erakusketa

Info gehiago

Iruzkinak

[Sortze-prozesua]

Erakusketako Hezkuntza-edukia atalak Leckeyren sortze-prozesuan sakontzen du, erreferentzia bisual eta musikalen bidez. Pieza hauek lagungarriak dira Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean lana ulertzeko.

Lehenik eta behin, instalazio hau inspiratu zuen pinturaren erreprodukzio bat erakusten da, Sassetta margolariari egotziriko Itsaso ondoko hiria lanarena. Obra hori Errenazimentu-garaian geometria eta perspektiba erabiltzen hasi aurreko etapa batekoa da. Sassettak artean garatu gabe zeuzkan baliabide horiek, eta hiri baten ikuspegi intuitiboagoa eskaintzen du, baita mistikoagoa ere. Leckeyk tradiziotik hartzen du Erdi Aroko hiriaren ikuspegi aldakor hori; haren bidez sortzen du hiri haietako atmosfera digitala eta haren bidez hausnartzen du, berebat, gure begiratzeko moduek izan duten bilakaerari buruz.

Sassettaren pinturaren erreprodukzioan, ikusleek ezagutuko dituzte Leckeyren instalazioan ageri diren zenbait motibo. Artista garaikideak hizkuntza bisual berri batera ekarri du XV. mendeko konposizio hori: hiru dimentsioko elementuz, soinu-maiztasunez eta espazioko proiekzioz osaturiko lengoaia batera, hain zuzen ere. Nostalgia bilatzen ez duen interpretazio honetan, Erdi Aroko hiriaren logikak durundatu egiten du aro digitaleko gainkarga sentsorial bete-betean.

Hemen ageri diren materialak Leckeyren praktikan inplizitua den pentsamoldearen parte dira. Irudiak behatzea, ikertzea eta ekoiztea, artistaren aburuz, haien boterea ulertzeko moduak dira, denboran proiektatzeko duten gaitasuna konprenitzeko erak. Halaber, musika erabakigarria da Leckeyren obran; hasieran, kulturara iristeko bitarteko gisa balio izan zion, eta funtsezko eginkizuna izan zuen bere prestakuntza estetiko eta emozionalean. Artegintzarako funtsezko baldintzatzat hartzen du musika. Espazio honetan, bada playlist bat ere, Leckeyk berak aukeratutako abestiekin. 

Era berean, Leckeyk baliabide garaikideak erabiliz eginiko ikonografia historikoaren berrinterpretazioari jarrai diezaiokegu, Erdi Aroko metafisikaren eta mistizismo teknologiko modernoaren arteko loturari, alegia. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean obrak iraganaren eta etorkizunaren, gizakiaren eta makinaren, sakratuaren eta digitalaren arteko lotura irekien eremuan kokatzen gaitu. Leckeyren hiria ez da leku bat, baizik eta pertzepzio-egoera bat. Eta, han, historiak arnasa hartzen du berriz ere, une batez, bere berreraikuntzak eginiko argiaren azpian.

BESTE ATALAK

in situ: Mark Leckey izeneko erakusketa

in situ: Mark Leckey. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean, Iruzkina, 2025

Info gehiago

[Sortze-prozesua]

in situ: Mark Leckey. Eta hantxe zegoen hiria bere bikaintasunean, Iruzkina, 2025

Info gehiago