Edukira zuzenean joan

Steve McQueen: 66-76-26

Iruzkinak

Steve McQueen: 66–76–26

Ongi etorri Steve McQueen: 66–76–26 erakusketara. Bertan 66–76–26 duzu gozagai, Steve McQueen artista, zinemagile eta gidoilariak Guggenheim Bilbao Museoarako bereziki prestaturiko instalazioa. Erakusketa hau Occident etxearen babesari esker izan da posible.

McQueenek zinema, instalazioa eta eskultura uztartzen ditu bere jardun artistikoan. Beretzat, erakusketa-gunea ez da edukiontzi hutsa; bizi egin behar da. Azken urteotan, artistaren lana kontu ukiezinetara bideratuz joan da: soinua erabiltzen hasi da lanerako material gisa, baina baita espazioa artikulatzeko eta gure bizipen sentsorial eta emozionala baldintzatzeko tresna gisa ere.

Artistak berak azaldu duenez, norbere buruaren gaineko kontzientzia areagotzen duen esperientzia batean murgildu nahi ditu bisitariak: aretoan duten presentzia fisikoaz, espazioan barna mugitzeko moduaz eta are beren arnasketaz jabetzera bultzatu nahi ditu. Sortzaileak gorputzaren eta espazioaren arteko topaketari eskaintzen dion arretak dimentsio eskultorikoa ematen dio haren arteari.

Wild is the Wind abestia da instalazioaren abiapuntua. 66–76–26 izenburuak denboran zehar funtsezkoak diren hiru une biltzen ditu; hau da, abestiaren historia eta McQueenek Guggenheim Bilbao Museorako sorturiko pieza lotzen du.

1966an, Nina Simonek Wild is the Wind kantuaren interpretazio ezagun bezain hunkigarria aurkeztu zuen. 1976an, David Bowiek abesti beraren beste bertsio bat grabatu zuen: Simoneri eta haren interpretazioak eragin zion zirrarari eginiko omenaldi bat, Bowiek berak adierazi zuenez. Eta, 2026an, berriz, bi bertsioak elkarturik ageri dira areto honetan, McQueenek haietatik abiatuta sortu duen obra berriari esker.

Izenburuak, beraz, erresonantzia eta elkarrizketa sotilez osaturiko kate bat iradokitzen du: hamarkadaz hamarkada luzatzen den kate bat. Hasiera batean abesti bat zena, McQueenek murgiltze-esperientzia bilakatu du memoriaren, ahotsaren eta soinuaren bidez forma emanda. Helburua bisitariak soinu-ingurunean erabat murgilaraztea da; hortaz, poliki-poliki mugitu aretoan barrena, zentzumenak erne jarrita. Sartu aurretik, horman duzu irakurgai maitasuna, desioa eta zaurgarritasuna darion abestiaren letra itzulita.

Lan honetan, soinua da obraren materia, baita espazioari forma ematen dion tresna ere. Instalazioa entzun eta zeharkatu ahala, ohartuko zara soinuak eraldatu egin dezakeela denboraz eta espazioaz duzun pertzepzioa. Eta ahotsa, presentzia ez ezik, gure bizipen emozionala artikulatzen duen elementu ere bihurtzen da.