Edukira zuzenean joan

Anselm Kiefer

Atalak

Anselm Kiefer

Solairu honetako aretoetan sailetan banatzen da Anselm Kiefer erakusketa. Sail hauetan obrak taldekatuak agertzen dira artistak ikertutako gai, oroitzapen edo ideia jakin baten inguruan, edo inspirazio-iturritzat hartutako literatura-, poesia- edo musika-lanen inguruan —Martin Heidegger-en eta Friedrich Nietzsche-ren filosofiatik hasi eta Ingeborg Bachmann-en, Paul Celan-en eta Jean Genet-en idatzi eta Richard Wagner-en musikaraino—. Lotura horien bitartez, naturarekin, zientziarekin, erlijioarekin eta historiarekin zerikusia duten gaiak aztertzen ditu Kieferrek.

Ikusgai dauden lanen artean Khlebnikoventzat (2004) dago, Velimir Khlebnikov (1855–1922) poeta errusiar futuristari eta irudimentsuari eskainitako pintura-sorta. Pintura hauetan Kieferrek poeta haren uste sendoa aztertu du, hau da, itsas armaden arteko gatazkek sorrarazitako hondamendiak 317 urte betetzen diren bakoitzeko gertatzen direlako ustea, eta ontzidi bat erreproduzitu du, gerraontzi, bataila eta militar ospetsuak aipatzen dituzten idatziak ondoan dituztela. Bestalde, zientzia eta halabeharra beste serie baten gai nagusiak dira. Serie honetarako Sawai Jai Singh II (1688–1743) maharaja indiarrak, matematikari eta astronomo gailenak, Jaipurren, Kieferrek Indian bisitatu zuen hirian, izartegia behatzeko eraiki zuen behatokian inspiratu zen. Lan hauetan konstelazioak agertzen dira, neurketarako tresnak, adibidez eguzki-erlojuak, sakabanatuak erakusten dituztenak.

Gainera, erakusketak azpimarratu egiten ditu Kieferrek historia ataltzearen inguruan egin izan dituen azterlanak. Ideia hori arkitektura arkaikoaren eta antzinako hondakinen adierazpen piktorikoaren arteko elkarrizketan zertu du Bakarrik haizearekin, denborarekin eta soinuarekin (1997) obran —obra honen titulua Ingeborg Bachmann poeta austriarraren Erbestea olerkiaren estrofa batetik hartu du—. Bestalde, erortzeko zorian dauden zementuzko eskailerek espiritualtasuna lortzeko gizakiak egiten dituen bilaketak Kieferri eragindako jakinmina aditzera ematen digute.

Kieferren obran erlijioen nahasketa agerian geratzen da Chevirat Ha-Kelim lan multzo monumental zirraragarrian. Hasiera batean Parisko La Salpêtrière ospitale psikiatrikoaren kaperarako sortu zituen. Obra hauek Kabalaren erreferentziak biltzen dituzte, hebreerazko testuen interpretazio esoterikoan oinarritzen diren ikasbide mistikoak, alegia.

Iraultzaren emakumeak eta Antzinatearen emakumeak obretan bi aldi historiko desberdinetan jaso ditu Kieferrek emakumearen identitatea eta esperientzia. Lehena berunezko oheen instalazioa da, eta bertan Frantziako Iraultzaren heroi handiak gogora ekartzen dizkigu. Bigarrenean batere ohikoak ez diren materialak erabili ditu, esate baterako, beruna —malenkoniarekin eta Saturnorekin lotzen dena—, adarrak eta alanbreak, teknika artistiko tradizionaletatik nahita urrundu nahian.