Edukira zuzenean joan

Eskuak adierazpide: Buhl Bildumako argazkiak

TAG_Tirudiak_VALUE
Izenburua:
Eskuak adierazpide: Buhl Bildumako argazkiak
Data:
2005ko azaroak 25 - 2006ko martxoak 22
Komisariotza:
Jennifer Blessing
Erakusketa mota:
Taldekoa
Gaiak:
Eskuak | Argazkigintza | Bildumagintza | Artearen historia | Esperimentazio artistikoa | Erretratua eta autorretratua | Henry M. Buhl
Erakusketa birtuala:
https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/eskuak-adierazpide-buhl-bildumako-argazkiak

Eskuak adierazpide: Buhl Bildumako argazkiak erakusketak 170 argazki inguruko aukeraketa bildu zuen. Argazki horiek eskuek argazkietarako gai gisa duten protagonismoa eman zuten aditzera, hein handi batean, baliabide honek zati, xehetasun eta mugimendu iragankorrak atzemateko eskaintzen dituen aukerengatik.

Argazkiak Henry M. Buhl filantropo ezagunaren bilduma zabalekoak izan ziren. Buhl inbertsio-brokerra izan zen 30 urtez, baina jarduera profesional hori utzi eta New Yorkeko SoHo hartu zuen bizileku argazkigintzan jarduteko.

Henry M. Bulhek arte-erakunde askotan hartzen du parte. New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-eko Argazkigintza-Batzordeko kide da, eta bere izena daraman Fundazioak argazkigintza-bikaintasunaren beka eskaintzen du bi urtean behin. Gainera, Henry Buhlek publikoaren gorengo aitorpena jaso du Partnership erakundeko sortzaile eta buru gisa hartu duen gizarte-konpromisoagatik. Erakunde hau baztertuak gizartean integratzen aritzen da lanbide-heziketako programa arrakastatsu baten bidez.

Erakusketa honetako argazkietan eskuen presentzia literalki agertzen zen batetik, adibidez erretratuaren testuinguruan, eta modu figuratiboan bestetik, irudi dokumentaletatik ateratako keinuetan. Erakusketak argazkigintzaren historia osoa barne hartu zuenez, argazkigintza-praktiken ikuspegi osoa aurkeztu zuen, argazkigintza zientifikoa, kazetaritzakoa eta artistikoa barne, eta enfasi berezia jarri zuen gaur egungo artisten argazkigintzan.

Argazki-aukeraketa zegoen irizpide kronologikoen arabera sailkatuta, kategoria historikoen eta gai-arloen arabera baizik, eta Museoko hirugarren solairuko hiru areto klasikoetan ikusi ahal izan zen. Erakusketak, besteak beste, artista garrantzitsu hauen artelanak jaso zituen: Janine Antoni, Diane Arbus, Richard Avedon, Robert Capa, Henri Cartier-Bresson, Robert Doisneau, William Eggleston, Walker Evans, Nan Goldin, Andreas Gursky, Dorothea Lange, Annie Leibovitz, Robert Mapplethorpe, László Moholy-Nagy, Nadar, Shirin Neshat, Gabriel Orozco, Man Ray, August Sander eta Cindy Sherman.

1993ko urrian Henry M. Buhlek Georgia O’Keeffe-ren eskuen argazki bat erosi zuen, Alfred Stieglitz-ek egina. Argazki hark bere bilduma pribatuari hasiera eman zion. Orain, milatik gora irudi ditu bilduta, argazkilaririk gailenenek eta hain ezagunak ez diren artistek eta artista hasiberriek egindakoak. Eskuen gai horretan arreta jarriz, Buhlek inguratzea lortu dituen irudiek, argazkilaritzaren historia jasotzeaz gain, hasi 1840an William Henry Fox Talbot-ek egindako argazki fotogenikoaren negatibotik eta 2002an Cornelia Parker-ek sortutako polaroid-serieak ere tartean direla, hainbat praktika aditzera ematen dituzte, horien artean argazkilaritza zientifikoa, kazetaritzakoa edo artistikoa, betiere gaur egungo argazkilaritzan enfasi berezia jarriz.

Buhl Bilduman eskuen inguruko gaiak argazkilaritzaren beraren izaera aztertzen du eta agerian uzten ditu argazkien bildumei dagozkien alderdi berezi batzuk. Gaika eta kategoria historikoen arabera sailkatuta, erakusketak 160 iruditik gora aurkezten ditu, 150 bat artistek eginak. Irudi-sorta handi honek eskuek argazkietarako gai gisa duten protagonismoa erakutsi zigun, neurri batean teknika honek zati, xehetasun eta mugimendu iragankorrak atzemateko eskaintzen dituen aukerengatik.

Eskuak adierazpide: Buhl Bildumako argazkiak erakusketan jasotako irudietako asko pertsonaren irudikapen metonimiko gisa agertzen diren eskuen erretratuak izan ziren. Subjektua identifikatzen denean, artista, antzezlea edo atleta bada ere, erretratuek modeloaren lanbidearen izaera eta bere ospearen arrazoia agerian uzten dutela ematen du. Antzezleen eta dantzarien erretratuak ohiko keinu nabarmenekin agertzen dira; gizabanako anonimoen keinu espresiboak eguneroko bizitzaren irudikapen poetikoetan erakusten dira; eta kazetaritzako argazkien irudiek karismadun politikoek erabili ohi dituzten keinu erretorikoak islatzen dituzte. Argazki dokumental horietan eskuek esanahi jakin bat dute argi eta garbi, esanahia garrantzi handiagoko testuinguruaren osagai besterik ez bada ere.

Erakusketak obra abstraktuak eta manipulatuak ere aztertu zituen, 1920ko eta 1950eko hamarkaden bitartekoak, eta horietan eskuak zatikatuta agertzen dira, fetitxe modura. Obra horietako asko abangoardiako mugimendu artistikoen testuinguruan sortu ziren, besteak beste Konstruktibismoaren, Surrealismoaren eta Bauhausen barruan, edo mugimendu haien eraginpean. Teknika honekin egindako esperimentazioak hainbat fotograma eskaintzen dizkigu, zuzenean aurkeztutako esku errealak nahiz eskuak adierazkortasunez deseraiki eta birmoldatzen dituzten fotomuntaiak.

Buhl Bildumako argazki asko azken 25 urteetako arteari dagozkio. Obra horiek gehienak kontzeptualak dira eta eskalan eta kolorearen tratamenduan bereizten dira aurreko argazkietatik. 1970eko hamarkadan, artista kontzeptual eta performance artista ugari argazkilaritzaz baliatu ziren beren gorputzaren eta ingurunearen arteko elkarrekintza dokumentatzeko eta bizitzaren eta eguneroko esperientziaren irudikapen zuzena sortzeko. Geroagoko argazkiek arriskuarekiko eta groteskoarekiko zaletasuna aditzera ematen digute, artistek gorputzaren eta, normalean, beren gorputzaren irudikapenetan performancearen keinuak barneratu ahala.

Eskuak adierazpide erakusketan bildutako obra garaikideen beste alderdia hauxe izan zen: hizkuntza iruditan aditzera emateko erakutsitako interesa, 1980ko hamarkadatik sumatzen zena. Obra horietan eskuen keinuak hedabideetatik jasotzeak eta eskuen irudiak eta testuak elkarren ondoan ipintzeak 1990eko hamarkadako irudien sarrera osatu zuten, non irudi kontzeptualak nagusi ziren.