Edukira zuzenean joan

Eskuak adierazpide: Buhl Bildumako argazkiak

Sarrera

Eskuak adierazpide: Buhl Bildumako argazkiak

1993ko urrian Henry M. Buhl-ek Georgia O’Keeffe-ren eskuen argazki bat erosi zuen, Alfred Stieglitz-ek egina. Argazki hark bere bilduma pribatuari hasiera eman zion. Orain, milatik gora irudi ditu bilduta, argazkilaririk gailenenek eta hain ezagunak ez diren artistek eta artista sortu berriek egindakoak. Eskuen gai horretan arreta jarriz, Buhlek inguratzea lortu dituen irudiek, argazkilaritzaren historia jasotzeaz gain, hasi 1840an William Henry Fox Talbot-ek egindako argazki fotogenikoaren negatibotik eta 2002an Cornelia Parker-ek sortutako polaroid-serieak ere tartean direla, hainbat praktika aditzera ematen dituzte, horien artean argazkilaritza zientifikoa, kazetaritzakoa edo artistikoa, betiere gaur egungo argazkilaritzan enfasi berezia jarriz.

Buhl Bilduman eskuen inguruko gaiak argazkilaritzaren beraren izaera aztertzen du eta agerian uzten ditu argazkien bildumei dagozkien alderdi berezi batzuk. Gaika eta kategoria historikoen arabera sailkatuta, erakusketak 160 iruditik gora aurkezten ditu, 150 bat artistek eginak. Irudi-sorta handi honek eskuek argazkietarako gai gisa duten protagonismoa erakusten digu, neurri batean teknika honek zati, xehetasun eta mugimendu iragankorrak atzemateko eskaintzen dituen aukerengatik.

Eskuak adierazpide: Buhl Bildumako argazkiak erakusketan jasotako irudietako asko pertsonaren irudikapen metonimiko gisa agertzen diren eskuen erretratuak dira. Subjektua identifikatzen denean, artista, antzezlea edo atleta bada ere, erretratuek modeloak duen lanbidearen izaera eta bere ospearen arrazoia agerian uzten dutela ematen du. Antzezleen eta dantzarien erretratuak ohiko keinu nabarmenekin agertzen dira; gizabanako anonimoen keinu espresiboak eguneroko bizitzaren irudikapen poetikoetan erakusten dira; eta kazetaritzako argazkien irudiek karismadun politikoek erabili ohi dituzten keinu erretorikoak islatzen dituzte. Argazki dokumental horietan eskuek esanahi jakin bat dute argi eta garbi, esanahia garrantzi handiagoa duen testuinguruaren osagai besterik ez bada ere.

Erakusketak obra abstraktuak eta manipulatuak ere aztertzen ditu, hogeiko hamarkadaren eta berrogeita hamarrekoaren bitartekoak, eta horietan eskuak zatikatuta agertzen dira, fetitxe modura. Obra horietako asko abangoardiako mugimendu artistikoen testuinguruan sortu ziren, besteak beste Konstruktibismoaren, Surrealismoaren eta Bauhausen barruan, edo mugimendu haien eraginpean. Teknika honekin egindako esperimentazioak hainbat fotograma eskaintzen dizkigu, zuzenean aurkeztutako esku errealak nahiz eskuak adierazkortasunez deseraiki eta birmoldatzen dituzten fotomuntaiak.

Buhl Bildumako argazki asko azken 25 urteetako arteari dagozkio. Obra horiek gehienak kontzeptualak dira eta eskalan eta kolorearen tratamenduan bereizten dira aurreko argazkietatik. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, artista kontzeptual eta performance artista ugari argazkilaritzaz baliatu ziren beren gorputzaren eta ingurunearen arteko elkarrekintza dokumentatzeko eta bizitzaren eta eguneroko esperientziaren irudikapen zuzena sortzeko. Geroagoko argazkiek arriskuarekiko eta groteskoarekiko zaletasuna aditzera ematen digute, artistek gorputzaren eta, normalean, beren gorputzaren irudikapenetan performancearen keinuak barneratu ahala.

Eskuak adierazpide erakusketan bildutako obra garaikideen beste alderdia hauxe da, hizkuntza iruditan aditzera emateko erakutsitako interesa, laurogeiko hamarkadatik sumatzen hasia. Obra horietan eskuen keinuak hedabideetatik jasotzeak eta eskuen irudiak eta testuak elkarren ondoan ipintzeak laurogeita hamarreko hamarkadako irudien sarrera osatzen dute, irudi kontzeptualak izanik nagusiki.