Edukira zuzenean joan

Forma eta figurazioa. Blake-Purnell bildumako maisu-lanak

Sarrera

Forma eta figurazioa. Blake-Purnell Bildumako maisu-lanak

Badirudi helburu bi dauzkala bildumagileak bere lana egitean: artearen historiaren gutxi gorabehera zehaztutako zati baten ikuspegi ordenatu eta metodikoa eraikitzea, edo begirada asaldatua, ia arbitrarioa itxuraz, proposatzea.

Lehenengo alternatibak mundua hartu nahi du barnean, bilduma trinkoa, itxia eta, batzuetan, arau-emailea egiteko; bigarrenak mundu bat, pertsonala eta besterenduezina, sartu nahi du barruan, arte-historiek berretsitakoaren bestelakoa. Lehen bidea babelikoagoa da, eta bigarrena, aldiz, errebindikatiboagoa eta arriskutsuagoa da. Mel Blake eta Frank Purnell medikuak bigarren sailean daude.

Blakek eta Purnellek orain dela berrogei urte baino gehiago hasi zuten beren bilduma koherentzia-zentzu argi batekin; horrek markatu du, hain zuzen ere, beren gustu pertsonala eta figuraziora sentitzen duten joera. Harrezkero, Estatu Batuetako bildumagile horiek ehun lan baino gehiago bildu dituzte, urte hauetan guztietan artearen mundua kontrolatu duen arte abstraktua neurri handi batean alde batera utzita.

Blaken eta Purnellen nahia arte figuratiboko bilduma egitea izan arren, era askotako estilo indibidualak, kultura-ezagutza, gaiak, formatuak eta teknikak bildu dituzte bertan. Beren bilduman Latinoamerikako artisten lanak (Fernando Botero eta Claudio Bravo), Europako artistenak (Antonio López García eta Lucian Freud), eta Estatu Batuetako artistenak (Larry Rivers eta Vincent Desiderio) daude. Osotasunean, kontraste eta antzekotasun ugari erakusten dituzte, eta banan-banan hartzen baditugu, bakoitzaren ezaugarri espresiboak nabarmentzen dira. Beste alde batetik, ukaezinezko ospea daukaten artistek, Paul Delvaux edo René Magritte, esaterako, hain ezagunak ez diren beste batzuekin nahasten dira. Bildumako gai nagusiak giza figura, bodegoiak, eta mendebaldeko tradizio handia hartzen duten eta xx. mendeko artearekin lotzen diren lan narratiboak dira.

Blakek eta Purnellek beti erakutsi dituzte kezka eta interes ugari, eta horri esker daude bilduma honetan XX. mendeko figurazioaren korronteak eta genero nagusiak: surrealismoa, gerraosteko errealismo espainiarra, alegoria, fantasia eta fotoerrealismoa. Hala ere, hori ez da izan Blakek eta Purnellek ezarri dituzten ordena eta metodologian oinarritutako irizpide zorrotzen ondorioa; bildumagileok beren barne-eragin pertsonalen arabera osatu dute bilduma. Hori dela-eta, artearen historiak eta kritikak berretsi dituzten korronte artistiko nagusietatik aldendu eta beste alderdi batzuetan sakontzen du bildumak.

60ko hamarkadan, Blakek eta Purnellek artista gazteak aurkitzeko eta laguntzeko nahia agertu zuten; hain zuzen ere, urte hauetan guztietan erakutsi dute joera hori. Horrela, gero errealismoaren figurak izango ziren artisten lanen bilduma handia eraiki zuten. Adibidez, Espainiako Antonio López García eta Txileko Claudio Bravoren lanek berehala liluratu zituzten Blake eta Purnell. López Garcíaren betiko eta misterioz betetako gizatasunaren oroitzapenengatik, eta Bravoren lanak kalitate sentsualengatik eta adierazpenerako teknikarengatik. López García abiapuntutzat hartuta, bildumagileek Espainiako Eskola Errealista aurkitu zuten. Hain zuzen ere, bildumak eskola horretakoak diren Carmen Laffón-en, Lucio Muñoz-en eta Isabel Quintanilla-ren lanak dauzka.

Blaken eta Purnellen ahalegin sendoa begirada zehatz bati, gustu pertsonal bati leial izatea zen; erakusketa honen ahalegina, ostera, abstrakzioz eta abangoardiez beteriko mende honetako artearen historiaren beste alde batzuk jendaurrean jartzea izan da.

Ardura Arloa

Guggenheim Bilbao Museoa