Edukira zuzenean joan

Frank Lloyd Wright

Sarrera

Frank Lloyd Wright

Izenburua:
Frank Lloyd Wright
Erakusketa:
Frank Lloyd Wright
Gaiak:
Gizakia | Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta hezkuntza | Sorkuntza artistikoa | Argia | Espazioa | Materiala | Ingurunea eta natura
Mugimendu artistikoak:
Arkitektura organikoa
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Arkitektura | Grabatua
Aipatutako artistak:
Lloyd Wright, Frank

Frank Lloyd Wrightek diseinatu zuen New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum entzutetsua zabaldu zenetik berrogeita hamar urte igaro direla, Guggenheim Bilbao Museoak Frank Lloyd Wright erakusketa aurkezten du, arkitekto ospetsuaren lan berritzaile eta poetikoa omentzen duena.

Wrightek arkitektura berritu zuen batez ere. Ibilbide emankorraren 72 urteetan hainbat lorpen izan zituen eta horietatik bereziki aipatzekoa da espazioa beste modu batean, zeharo ezberdinean, definitu zuela. Arkitekturan hasi zenean mundua errotik eraldatzen ari zen eta etengabe hazten zebilen, teknologiaren, zientziaren eta gizartearen garapenak bide zirela. Hala ere, laster ohartu zen Wright aldaketa horien ondorioz arkitekturak irtenbide berriak eskaini behar zituela, garai hartako bizitzan gai adierazgarria izateari eutsi ziezaion. Hortaz, eraikin erabilgarriak, erosoak eta itxura atseginekoak egiteari ekin zion, eta erronka horri aurre egiteko modua, bere hitzetan, hauxe izan zen: eraikinak “barnetik kanpora” sortzea. Bizi garen guneak berriro taxutu zituen eguneroko bizitzaren eredu fisikoak islatzeko eta are gehiago, eredu horiek hobetzeko: espazio dinamikoarekin konpromisoa hartu zuen. Izan ere, zeregin hori hartu zuen barneko eta kanpoko guneen arteko banaketa deuseztatu nahi zuelako. Mendebaldeko arkitektura tradizionala, hau da, angelu zuzeneko irudiena, berriro itxuratu zuen: eraikinen kanpoko ertzen euskarriak kendu, hegal-habeak gehitu eta itxitura-horma zurrunen ordez euste-manparak jarri zituen, manparak hainbat modutan erabil zitezkeelako; ondorioz, sortzen zituen eraikinetan zeudenak babestuak, eta ez giltzapetuak, sentitzen ziren.

Wrightek benetan sinesten zuen espazioak gure bizitza aldatu eta aberastu zezakeela eta hori aintzat hartuta aukeratu ditugu erakusketa honetako proiektuak: bizilekuak, gizarte-etxeak, gobernuaren eraikinak, egoitza erlijiosoak, hala nola inoiz eraiki ez ziren hiri-egitura erraldoiak. Horiek guztiek espazio-arazoei irtenbidea emateko oso modu berezia azaltzen dute eta XXI. mendean irtenbide horiek berriro hausnartzea merezi du. Artxiboetako marrazkiak eta grabatuak erakusgai daude, baita hiru dimentsiotako maketak ere; horien bidez eta hainbat proiektu adibide, aztertzen da espazio erabilgarriaren barruko mekanikak, kanpoko itxurari dagokionez, nola funtzionatzen duen. Hautatutako lanek aditzera ematen dute Wrightek garrantzia handia ematen ziola haren garaiko diseinuari eta gainera, arkitekturak, orainaldiko eta etorkizuneko tresna gisa, bizi-kalitatea hobe dezakeela.

Gakoak

Frank Lloyd Wrighten arkitektura nabaria da bizi-kalitatea hobetzen duelako: haren garaiari, eraikitze-lekuari, bertan bizi diren pertsonei, hurbiltzen direnei eta erabiltzen dituztenei egokitzen zaizkien eraikinak egin zituen. Horrez gain, materialak modu berri batean erabili zituen eta eraikinak inguruarekin eta naturarekin batu zituen.

Egiazki sinesten zuen hezkuntzaren garrantzian eta arkitektura-eskola bat sortu zuen bere etxean, Taliesin-en (Spring Green, Wisconsin) eta unibertsitate-hiri bat Scottsdale-n, Arizonan.

Wright izan zen arkitektura organikoaren adierazle nagusia. Arkitektura mota horretan ez dute banatutako espaziorik erabiltzen eta sortzen dituzten eraikinak kanporantz zabaltzen dira estalki lauen eta terrazen bidez, argi natural asko dute eta inguruarekin bat egiten dute.