Edukira zuzenean joan

Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi

hezkuntza-edukia

Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi

Izenburua:
Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi
Erakusketa:
Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi
Gaiak:
Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Erakusketak | Natura | Italia
Mugimendu artistikoak:
Arte Povera
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Anselmo, Giovanni

Didaktika proiektuaren baitan, Museoak jarduerak antolatzen, online edukiak sortzen eta hezkuntza-guneak diseinatzen ditu erakusketen osagarri gisa, publikoari artelanak balioesten laguntzeko tresnak eta baliabideak eskaintzea helburu. Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi erakusketaren Didaktikak artistaren ikuspegi kontzeptualaren inguruko funtsezko nozioak eskaintzen ditu, eta mundua gobernatzen duten energiak eta prozesuak aurkezten ditu. Sarrera-testuaren ondoan irakur daitekeen aipuak Giovanni Anselmoren (1934–2023) pentsamoldea azaltzen du; eta egilea bera ere badago ikusgai pantaila batean, Tortsioa (Torsione) obra lantzen 1970ean. Hezkuntza-gune honetan aurkeztutako testuen eta elementuen helburua artistak, bere ibilbidean zehar, energia eta prozesu ikusezinen inguruan behin eta berriro adierazi zituen kezkak ulertzen eta ikusarazten laguntzea da: Orientazioa, Grabitatea, Eraldaketa, Denbora eta Espazioa, erakusketa osatzen duten lanetan islatutako gaiak dira denak ere. Materialak hautatzean eta haiek modu berezian aurkeztean, Anselmok zera bilatzen zuen, gu ohartzen ez bagara ere, inguruan dauzkagun edo gugan eragina duten indarrez eta prozesuez jabetzera bultzatzea. Azkenik, korridore honen bukaeran dagoen ikus-entzunezkoak Arte Povera. Appunti per la storia dokumentalaren pasarteak jasotzen ditu, Arte Povera —gerraosteko Italiako mugimendu artistiko garrantzitsuenetako bat— bultzatu zuten funtsezko hainbat eragile kulturalen testigantzak biltzen dituena. Gune horretan erakusketaren katalogoa ere badago kontsultagai.

“Nire lanak beti izan du ikus-eremua zabaltzeko joera, esperientzia artistikoa, artelana bera, erakustareto barrura ez mugatzekoa, baizik eta kanpoko munduarekin, hau da, egunerokoan bizi dugun munduarekin lotzekoa”. —Giovanni Anselmo

1965eko abuztuaren 16an, Giovanni Anselmo Stromboli sumendira igo zen. Eguna argitzen hasi zelarik, konturatu zen bere itzala desagertu egin zela airean disolbatuta. Esperientzia horrek eragin sakona izan zuen artistarengan, eta harrezkero, energia ikertzeko modu gisa erabili zuen bere sortze-lana.

1960ko hamarkadaren erdialdean, pinturaren eta eskulturaren konbentzioak bai eta paisaiaren irudikapen tradizionala zalantzan jartzeari ekin zion Anselmok. Hala, lan irekiak proposatu zituen, inguruan ditugun energiak eta unibertsoa gobernatzen duten indarrak eta dinamikak modu aktibo eta hautemangarrian aurkezteko.