Edukira zuzenean joan

Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea

hezkuntza-edukia

Ikurrak eta objetuak

Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-guneak diseinatzen ditu eta erakusketen osagarri diren jarduerak antolatzen ditu, bai aretoetan, bai online, ikusgai dauden artelanak hobeto balioesten laguntzeko.

Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea erakusketari buruzko atal honek 1960ko hamarkadako kontsumo-kulturara bideratzen du gure begirada, testuinguru historiko eta sozial horri erantzun baitzioten pop artista estatubatuarrek beren lanen bidez.

Gaur egun, gure kontsumo ohiturek planetarengan duten eraginari buruzko kontzientzia handiagoa dugu, eta kontsumo arduratsuagoa lortzeko joera berriak sustatzen ditugu ingelesez 5 R-en araua deritzonari jarraituz: refuse (beharrezkoa ez dena erosteari uko egitea), reduce (murriztea), reuse (berrerabiltzea), repurpose (berreskuratzea) eta recycle (birziklatzea).

Hemen ikusi ahalko duzue nola erakusketako zenbait artistak printzipio horien arabera lan egin duten, eta haien lanaren funtsezko kontzeptu batzuk ere ezagutu ahal izango dituzue.

Gure erosketa-ohiturek bilakaera nabarmena izan dute 1960ko hamarkadaz geroztik. Gaur egun, online erostea produktuak eskuratzeko modu orokortu eta praktikoa bada ere, ez da kontuan hartzen hainbeste bilgarri erabiltzeak ingurumenean duen eragina. Kartoiak karbono-aztarna sortzen du bere bizi-zikloaren fase bakoitzean, fabrikazio-prozesutik hasi eta erositakoa etxean jasotzen dugun arte.

Karbono-aztarna murrizten nabarmen lagunduko lukete, besteak beste, fabrikazio-prozesu ekologikoagoak ezartzeak, kontsumo-ohitura arduratsuak indartzeak beharrezkoak ez diren bilgarriak murrizte aldera, lehendik ditugun gauzak zaintzeak eta dagoeneko nahi ez duguna zaborretara behar bezala botatzeak.