- Izenburua:
- in situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa
- Data:
- 2026ko maiatzak 5 - 2026ko azaroak 1
- Komisariotza:
- Lekha Hileman
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Artisautza | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Lankidetza artistikoa | Ehungintza | Hegoafrika | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Erakusketa birtuala:
- https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/in-situ-igshaan-adams-hautsa-harrotzen-gorputzaren-artxiboa
Igshaan Adams (Lurmutur Hiria, 1982) artistaren diziplina anitzeko lanak gai pertsonalak eta politikoak uztartzen ditu materialaren, keinuaren eta formaren bitartez. Adamsek Bonteheuwel-en igaro zuen haurtzaroa —apartheidak ezarritako muga fisikoek baldintzatutako auzune segregatu batean—, eta orduko bizipenak inspirazio-iturri hartuta, soka, bihiak eta alanbrea bezalako material xumeak erabiltzen ditu konposizio konplexuen bidez arrazaren, erlijioaren, sexualitatearen eta memoriaren arteko loturak aztertzeko. Bere lanak intimitatea eta deserrotzea ere ematen ditu aditzera, etxeetako linoleozko zoru estanpatuek ezaugarri dituzten motibo geometrikoak abstrakziora eramanda.
Lanik berrienetan, Adamsek bere ikerketa-esparrua zabaldu du mugimendua eta haren arrastoa ere arakatu ahal izateko. Hego Afrikako Ipar Lurmutur probintzian dagoen O’okiep hiriko —hau da, amaren aldeko familiaren sorlekuko— Garage Dance Ensemblerekin aurrera eramaten ari den lankidetzari esker, ehungintzaren eta dantzaren arteko elkarrizketa berri bati bide eman ahal izan dio artistak. Dantzariekin tailerrak eginez, Adamsek prozesu bat asmatu du: gorputzak linoleo margotuen gainean jarritako mihiseen gainetik mugitu ahala, mihiseok askapen- eta konexio-keinu kolektiboak erregistratzen dituzte “dantza-arrastoak” sortuta. Dantza-saio bat baino gehiagotan gainjarriz joan diren arrastoak dira: topaketa partekatuen zantzuak eta “aztarna psikiko metatu eta sedimentatuak askatzeko” saialdien arrastoak, artistaren hitzetan.
Erakusketa honetan aurkeztutako lanek 2024an Atenasen egindako performanceetan dute jatorria, non dantzari hego afrikarrak dantzari greziarrekin lankidetzan aritu baitziren lehenengoz. Emanaldi haietatik ateratako monotipoetatik abiatuta, eskala handian ehundutako tapiz-sail bat sortu du Adamsek, eta piezak espazioan esekita daude, ikusleak haien inguruan eta haien artean mugitu ahal izateko. Lanetako batzuk ehuna kanporantz okertzen duten kakoetatik daude zintzilik, tapizaren bi aldeak agerian dituztela; beste batzuk, berriz, ehundutako “hodei” txikiekin batera ageri dira, nonbaitetik askatu eta airean hara-hona dabiltzan kolore- eta mugimendu-txatalak balira bezala.
Ludikoa bezain solemnea den instalazio honek mamitu egiten ditu indar ikusezinak —oroimena, erritmoa, enpatia—, eta erreparaziorako praktika korporal eta komunitario gisa proposatzen du ehungintza.
