hezkuntza-edukia
in situ: Igshaan Adams, sorkuntza-prozesua
- Izenburua:
- in situ: Igshaan Adams, sorkuntza-prozesua
- Erakusketa:
- in situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa
- Gaiak:
- Generoa eta sexualitatea | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Lan-prozesua | Mugimendua | Lankidetza artistikoa | Dantzariak | Hegoafrika | Apartheid | Arrazakeria | Komunitatea | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Adams, Igshaan
Honako gune hau Igshaan Adams (Hegoafrika, 1982) artistak in situ erakusketa-ziklorako berariaz egin duen Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa (2026) artelan-multzo berriaren sorkuntza-prozesu konplexuari eskainita dago.
Adamsen praktika artistikoa sakon errotuta dago artistaren beraren historian, eta aspaldidanik izan ditu inspirazio-iturri gorputzek atzean uzten dituzten arrastoak —otoitz-alfonbretan, etxeetako linoliozko zoruetan, espazio irekietatik pasatzean marrazten diren bidezidor edo “desira-lerroetan”—, baita Hego Afrikako herri indigenen gorteatze-dantzak eta horiek egitean oinek altxatzen dituzten hauts-hodeiak ere. In situ zikloaren aurkezpen honetan, artistak barruko zauriak artatu eta sendatzeko bide gisa jorratzen ditu dantza eta mugimendua.
Instalazio honetako piezak Atenasen sortuak dira, NEON izeneko irabazi-asmorik gabeko erakundean. Bertan, dantzari hegoafrikarrak —O’okiep hiriko (Hegoafrika) Garage Dance Ensembleko kide bat barne— eta dantzari greziarrak batu ziren zuzeneko erritmo- eta musika-doinuekin inprobisatutako mugimendu-saio bat egiteko. Emanaldi horren bideoa ikus daiteke pareko horman dagoen txarteleko QR kodea eskaneatuta.
Tintaz bustitako linoleo-xaflaz estalitako zorua dantzarien oinen mugimenduak jasoz joan zen, aztarna kolektibo abstraktu bat osatzeraino. Inpresio horiek tapiz abstraktu erraldoiak egiteko txantiloi gisa erabili zituzten gero —hemen ikusgai dagoena kasu—, eta identitatearekin, arrazarekin eta generoarekin lotutako gaiak jorratzen ditu Adamsek tapiz horien bidez.
208 aretoan ikusgai dauden lanak Adamsen estudioko kideekin eta Lurmutur Hiriko bere komunitateko jendearekin elkarlanean eginak dira. Tapizok ehundu eta brodatzeko material arruntak erabili dituzte: kotoizko haria; poliester eta polipropilenozko soka; plastikozko, egurrezko, beirazko, metalezko, harrizko eta maskorrezko aleak; kotoizko eta zetazko oihalak; mohair artilea; poliesterrezko eta belusezko zintak; eta tigre-buztan erako alanbrea; baita denboraren poderioz zahartzen eta hondatzen joango diren materialak ere. Azalera ezin landuagoak ez ezik, pieza horiek sendabidearen eta erreparazioaren metaforak ere badira, eta bizipen pertsonal zein kolektiboak uztartzen dituzte, artistarenak berarenak barne.