Edukira zuzenean joan

Irudiak mugimenduan. Guggenheim museoetako bildumako gaur egungo argazkiak eta bideoak

Sarrera

Irudiak mugimenduan: Guggenheim Museoetako Bildumako gaur egungo argazkiak eta bideoak

Irudiak mugimenduan erakusketa Guggenheim Museoen Bilduma Iraunkorreko artelanek osatzen dute batik bat, eta zineman, bideoan eta argazkigintzan gaur egun lanean ari diren artistek erabiltzen dituzten ikuspegi anitzetan oinarritzen da. Arte garaikidean oso hedatua dago erreprodukzio-baliabideen erabilera eta hedapen horren historia laburra bezain konplexua da. Izan ere, hirurogeiko hamarkadan eta hirurogeita hamarrekoan hasi zen zabaltzen, kultura bisualak paradigma-aldaketa bat izan zuenean, hau da, argazkiak eta mugimenduzko irudiak entretenimendu- edo dokumentazio-tresna soilak izateari utzi ziotenean eta erabat kritikoak eta artean balio handikoak ziren tresna bilakatu zirenean. Bereziki, baliabide horiek performanceak eta antzeko ekitaldiak erregistratzeko, sistema kontzeptualak irudikatzeko edo berez errepresentazioaren ustezko objektibotasuna zalantzan jartzeko erabili zituzten.

Hirurogeita hamarreko hamarkadako praktika artistiko erradikalenetan, argazkiak, zinemak eta bideoak izan zuten nabaritasuna eguneroko errepresentazio-forma guztietan izan zuten hedapen handiak eragin zuen: telebistan, publizitatean, zineman eta fotoperiodismoan, alegia. Artistek artelan berezia eta bakarra zalantzan jartzeko erabili zituzten baliabide horiek, baita kategoria estetiko tradizionalei desafio egiteko ere. Hamarkada horren bukaeran, artista asko argazkigintzaz baliatu ziren argazkiaren errepresentazioa bera zalantzan jartzeko eta original bakar baten nozioan oinarritutako sistema artistikoa azpikoz gora jartzeko. Praktika horiek neurri handi batean laurogeiko hamarkadako arte postmodernoa definitu zuten eta laurogeita hamarreko hamarkadan utzi zuten ondareak batik bat argazkiaren fantasiarekin, irudien eraikuntzarekin eta narrazio zinematografikoarekin gozatzeko askatasuna ekarri zuen ondorioz. Oraingo artistek askatasunez manipulatzen dituzte mundu enpirikoaz egiten dituzten errepresentazioak edo erabat berriak diren kosmologiak asmatzen dituzte. Gaiak sistema kontzeptualen bidez lantzen dituzte edo teknika digitalak erabiltzen dituzte irudiak aldarazteko. Batzuek zuzenean esku hartzen dute ingurunean, inguruan duten mundua sotilki aldaraziz, beste batzuek kameraren objektiborako eszenatoki arkitektonikoak eraikitzen dituzten bitartean.

Irudiak mugimenduan erakusketa gaien arabera antolatua dago kategoria desberdinetan, ikusleari forma artistiko garaikoenak definitu dituzten sentsibilitate desberdinak ulertu eta bereizteko moduak proposatuz. Erakusketa kolektibo gehienetan gertatzen den bezala, kategoriak subjektiboak izan ohi dira eta artista bakoitzaren asmoa baino gehiago erakusketa asmatu duenaren ikuspegia adierazten dute. Obra batzuk kategoria batekoak baino gehiagokoak izan badaitezke ere, erakusketa ondoko sekzio hauetan banatu da: “Begi enpirikoa”, “Performancea eta gorputza”, “Historia, memoria eta identitatea”, “Irudi eraikia” eta “Fantasia narratiboa”.

Begi enpirikoa

Hirurogeita hamarreko hamarkadako argazkigintza kontzeptuala neurri handi batean argazkigintza dokumentalaren itxura neutrala berdintzen aritu zen, estetikaren eremuan jarritako arreta informazio-sistemen izaera despertsonalizatzailera aldatzeko saioan. Kontzeptu hori berenganatzean, oraingo artistek askatasunez manipulatzen dituzte mundu enpirikoari buruz egiten dituzten errepresentazioak. Olafur Eliasson-ek, Elger Esser-ek, Rika Noguchi-k eta Diana Thater-ek aurrez ezarritako sistema kontzeptualen bidez lantzen dituzte beren gaiak (sarritan paisaia naturala). Natura behatzeaz gain, artista batzuek, adibidez Andreas Gursky-k, Candida Höfer-ek eta Thomas Struth-ek hiri-ingurunea eta espazio publikoarekin eta pribatuarekin duen lotura askaezina dokumentatzen dihardute. Artista horiek arkitektura enpresarialaren estetikan, urbanizazioen eraikuntzan, nazioarteko turismoaren nozioan eta paisaia industrialean oinarritzen dira. Gurskyk eta Jörg Sasse-k teknika digitalak erabiltzen dituzte eguneroko espazioen irudiak aldarazteko, esate baterako supermerkatuenak edo industria-guneenak. Beste batzuek, adibidez Gabriel Orozco-k eta Thomas Flechtner-ek zuzenean esku hartzen dute ingurunean, bertako osagaiak sotilki aldaraziz. Duela gutxiko bideo-instalazio batean, Francis Alÿs-ek bere zuzendaritzapean ehunka boluntariok Peruko mendi bat mugitzea lortzen zutela agerian uzten du.

Argazkigintzaren historian, erretratuak garrantzi handia du, nia irudikatzeko modu gisa edo besteak dokumentatzeko. Gaur egungo artista askok, esaterako Nan Goldin-ek, Catherine Opie-k eta Wolfgang Tillmans-ek erretratuaren konbentzioak erabiltzen dituzte beren komunitate bereziak erregistratzeko, sarritan kultura orokorrak ezikusia egin dien azpikulturei forma bisuala emanez. Beste artista batzuk, adibidez Rineke Dijkstra, erretratu tipologikoaren tradizioaz baliatzen dira eta erabiltzen dituzten modeloak beren lanbidearen edo egoeraren arabera aukeratzen dituzte, mundu guztiko hondartzetako bainulari-seriearen kasuan bezala. Thomas Ruff-ek erretratuaren forma generikoenetako bat erabiltzen du —nortasun-agiriko edo pasaporteko argazkia— giza aurpegien irudi monumentalak sortzeko. Bideoaren eremuan, Douglas Gordon-ek kultuko pertsonaien errepresentazio zinematografikoa aztertzen du, Hollywoodeko film luzeen zatiak manipulatuz.

Performancea eta gorputza

Hirurogei eta hamarreko hamarkadaren hasieran jardunean zeuden artista askok beren gorputza erabili zuten obraren gaia izateko eta adierazpide modura. Forma artistikoen —pintura, marrazkia eta eskultura— hierarkia tradizionalari eta objektu ukigarrien salerosketan diharduen artearen merkatuari uko eginez, artistak performanceaz baliatzen hasi ziren hori guztia hausteko praktika gisa. Artista feministentzat, gorputzarekin egindako arteak ezarritako kanonei desafio egiteko eta euren subjektibotasuna agerian uzteko bidea eskaintzen zuen. Beste batzuentzat, performancea edo body arta (gorputzaren artea) —halaxe eman zen ezagutzera— pertzepzioa, iragankortasuna, prozesua eta jokabidea arakatzeko modua izan zen, hirurogeita hamarreko postminimalistentzat funtsezko printzipioak izanik guztiak. Performancearen iragankortasuna erakutsi eta dokumentatzeko baliabiderik egokienak argazkia, zinema eta bideoa ziren, artista jardunean hartu eta bere irudia betiko gorde baitzezaketen.

Oraingo performanceak, esate baterako Janine Antoni-k eta Patty Chang-ek egiten dituztenak, gorputzean eta gorputzarekin zerikusia duten gaietan oinarritzen dira, adibidez erresistentzian, sexualitatean eta genero-desberdintasunetan. Laurogeiko hamarkadan hasitako HIESaren epidemiak eta munduan antzematen zen gero eta biolentzia handiagoak eraginda, oraingo performance batzuk elegia tristeak dira argi eta garbi, praktika horretan aitzindari den Marina Abramović-en duela gutxiko lanean agerian geratzen den bezala. Performanceen beste adibide batzuek, esaterako Ann Hamilton-en bideoek, eskala intimo batean irudikatutako gorputz-atalenak, gorputz-esperientziaren alderdi sentsorialak arakatzen dituzte.

Historia, memoria eta identitatea

Laurogeita hamarreko hamarkadan, artista ugari orientazio sexualari, arraza-identitateari eta etniari dagokienez errepresentazioak tradizioz “desberdina” edo “bestelakoa” dena ulertu izan duen modua aztertzen hasi ziren, eta horrela kontzientzia kulturalaren atalase berria ireki zuten. Ezarritako sistemaren errepresioa jasan zuten horien, beren eskubideak ukatu zizkieten horien ahotsak bildu zituen ikerketarako eremu zabal horrek; haien subjektibotasuna intolerantzia, homofobia eta zorroztasun soziala direla medio mehatxatuta daukaten guztienak. Historikoki, sistema hegemonikoek kontrako indar bat, beren “beste” kulturala —sarritan sistemaren barruan dagoena— identifikatu eta horri eutsi izan diote sistema “beste” horri kontrajarrita definitzeko, eta bere kohesioa eta boterea babestu ahal izateko.

“Beste” kulturalak forma anitzak hartzen ditu: Hego Afrikako apartheid erregimenean, beltzak ziren bestea; mendebaldeko gizarte demokratikoetan, sarritan homosexualak izan ohi dira. Gero eta kultura globalizatuagoarekin batera, “besteari” buruzko ikerketa horrek ahots anitzen eta historia anitzen existentziari buruzko kontzientzia berria ekarri du mundura. Artista askok beren kulturen identitatea eta historia eraikitzen duten errepresentazio-sistemak ulertzen jardun dute: William Kentridge-ren apartheiden hondamenei buruzko animaziozko film poetikoetatik hasi eta Michal Rovner-en ekialde ertaineko herrialdeei eta beren muga problematikoei buruzko argazki abstraktu eta bideoetaraino. Robert Mapplethorpe-ren irudi erotikoei buruz argazkietan egiten duen hausnarketan Glenn Ligon “beltzaren” eta “homosexualaren” eraikuntzan oinarritzen den bitartean, Iñigo Manglano-Ovallek identitatearen nozioa arakatzen du DNAren mapa genetikoen argazkien bitartez. Telebistako iragarki enigmatikoen seriean, Stan Douglas-ek hedabideek homogeneotasun-irizpideen arabera beren ikusentzuleak sailkatzen dituzten modua aztertzen du. Eta Kara Walker-ek Iparramerikako esklabotzaren historiara begiratzen du atzera siluetak eta irudi proiektatuak konbinatuz arrazen estereotipoak arakatzeko.

Irudi eraikia

Familia albumetik fotoperiodismora, argazkia errealitate objektiboaren islatzat hartu izan da. Hala eta guztiz ere, argazkiak fikzioa jasotzeko duen gaitasuna ere funtsezkoa izan da bere historian. Artista batzuek argazkia, zinema eta bideoa fantasiazko istorioak “dokumentatzeko” erabiltzen duten bitartean, beste batzuek aldiz errealitate ezberdinekin lotura bat duten gezurrezko egia ezberdinak jasotzeko erabiltzen dute baliabide hau. Artista horietako askok bultzada arkitektonikoak motibatuta lan egiten dute eta tamaina desberdinetako inguruneak eraikitzen dituzte, ingurune horien argazkiak egiteko asmo bakarrarekin. James Casebere-k miniaturazko etxeen eta hirien maketak eraikitzen dihardu hirurogei eta hamarreko hamarkadatik, bere kamerak jasotzen dituen etxe anonimoak sortuz. Azkenaldian egin dituen argazkiek instituzio batzuetako barrualdeko giro arrotza erakusten digute, esate baterako eroetxeetakoa, kartzeletakoa eta abar, miniaturan eginak baita ere. Antzera, Oliver Boberg-ek eskala txikiko egitura industrialak eraikitzen ditu bere argazkietarako. Thomas Demand-entzat prentsa da bere inspirazio-iturria, eta garrantzizko gertaerak sortu izan diren leku hutsalak birsortzen dituzten eskala errealeko inguruneak sortzen ditu, adibidez Bill Gates-ek unibertsitatean zuen gela edo Floridako botoen kontaketa egin zenekoa Iparramerikan polemika handia piztu zuten 2000ko lehendakaritzarako hauteskundeetan. Demandek mundutarra erabat baina, beren esanahi ezkutuagatik, aldi berean misteriotsua den modu batez irudikatzen ditu leku horiek argazkietan. Miles Coolidge-k ez ditu bere eszenak eraikitzen, leku “faltsuak” argazkietan irudikatu baizik, Safetyville adibidez, Kaliforniako iparraldean dagoen miniaturazko hiria; bertan haurrei oinezkoek bete beharreko trafiko-arauak irakasten dizkiete.

Fantasia narratiboa

Kontzeptuan oinarritutako arteak iraundako hamarkada batzuren ondoren, neurri handi batean argazkiaren erabilerari buruzko arauak eta konbentzioak zalantzan jartzen zituela kontuan izanik, laurogeita hamarreko hamarkadan beren lanean fantasia hutsa gehitzen zuten artisten belaunaldi bat sortu zen. Istorio bat, edo berez egitura narratiboa kontatzea, artista horientzat adierazpide bat da berez, beren ikonografia fotografiko eta zinematografiko berezia eraikitzeko lehengai berria eskaintzen diena. Horren ondorioz sortzen den obra eszena bat da edo artistak bere kamerarako asmatzen duen ingurune bat. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, argazki kontzeptualak neurri handi batean argazkigintza artistikoak erreportaje fotografikoarekiko zuen liluraren parodia egin zuen, bai eta fotoperiodismoa imitatuz lortu nahi zuen egiazkotasun kutsuarena. Hori, “zuzendariaren perspektiba” gisa izendatzen den jarrerarekin lortu zuten, hau da, argazkiak ateratzeko soilik eraikitzen zituzten eszenaratzeak erabiliz. Artista batzuek, adibidez Cindy Sherman-ek eta Laurie Simmons-ek, estrategia hori erabili zuten, baina eraikitzen zituzten irudiotan dokumentazio-estrategiei erreferentzia egin beharrean zinemagintzan oso ezagunak diren irudiei egiten zieten. Gaur egun, artistek askatasunez asmatzen dituzte beren kosmologiak, oso iturri anitzetatik elementuak hartuz, esate baterako errenazimenduko aldareetatik hasi eta bideo-jokoetaraino; kontu handiz prestatutako beren argazki, film eta bideoetan, Gregory Crewdson-ek, Anna Gaskell-ek, Pierre Huyghe-k, Mariko Mori-k, Shirin Neshat-ek, Pipilotti Rist-ek, Sam Taylor-Wood-ek eta Matthew Barney-k beren irudimenezko unibertsoa sortzen dute. 1994an, Matthew Barney bere Cremaster-Zikloan (Cremaster Cycle) lanean hasi zen, bost film luzek osatutako sistema estetiko burujabean, alegia. Film horiek sorkuntzaren prozesuak aztertzen dituzte eta eskultura, argazki eta marrazki batzuekin osatzen dira. Zikloa, Barneyk 2002an amaitu zuena, Irudiak mugimenduan aurkezpenaren testuinguruan erakusten da eta aldi berean 103B aretoan artistak leku horretarako propio sortu eta kokatutako instalazio batean proiektatzen da, baita Entzungelan ere larunbatero.