Edukira zuzenean joan

Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1920–1945

hezkuntza-edukia

Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1920–1945

Erakusketa honetarako diseinatutako In Focus proiektuak Joan Miróren ibilbide zabaleko mugarri nabarmenenetako batzuk jasotzen ditu. Artistak lengoaia bisual berezia garatu zuen bere bizitzan zehar, eta etengabeko esperimentazioan hezurmamitu zuen hainbat bitarteko baliatuz: pintura, eskultura, marrazkia, zeramika, eszenografia zein tapizgintza, besteak beste. Gune honetan jasotako ikusentzunezkoan ikus daiteke hori guztia. Paloma Chamorro kazetariak Joan Miróri bere 85. urtebetetzearen aitzakian Trazos (1978) saiorako egin zion elkarrizketaren pasarteak biltzen ditu ikus-entzunezkoak.

Era berean, Man Rayren jatorrizko hiru argazki ere nabarmentzen dira gune honetan. Zirkulu surrealistarekin zuen loturaren harira egileak Joan Miróri eginiko erretratuak dira hirurak.

1893

Joan Miró Bartzelonan jaio zen.

1907

Bartzelonako Merkataritza Eskolan eta Industria-arteen eta Arte Ederren Goi Eskolan (La Lonja) egin zituen ikasketak, aldi berean.

1911

Familiak Tarragonako Mont-roig herrian zuen masiara joan zen gaixotasun baten ondoren.

1912

Francesc Galí margolariaren arteeskolan jarraitu zuen ikasketekin. Haren irakaskuntza-metodoek eragin handia izan zuten artista gaztearengan.

1920

Parisera lehen bidaia. Han egindako egonaldiak Mont-roigeko udaldiekin tartekatu zituen Mirók, eta Mont-roigen paisaiak margotu zituen batez ere. Diru aldetik garai zaila izan zen.

1922

Zirkulu surrealistako artista, idazle eta poetekin hartu-emanean hasi zen. Haien artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, André Breton, Max Jacob eta André Masson.

1930

Tradizioarekin apurtzeko zeukan egitasmoarekin jarraitu zuen eta esperimentazio-etapa bati ekin zion askotariko teknikak eta materialak erabiliz.

1936

Gerra Zibila lehertu zen espainiar estatuan. Miró Parisen geratu zen.

1937

Segalaria (nekazari katalana matxinadan) horma-irudi handia egin zuen (gaur egun desagertua), Parisko Nazioarteko Erakusketan espainiar Errepublikak izan zuen pabiloirako.

1939

Normandiako Varengeville-sur-Mer herrian hartu zuen babes Mirók, eta Konstelazioak sail entzutetsua lantzeari ekin zion.

1940

Normandia bonbardatu zuten, eta Mirók Palma Mallorcakoan hartu zuen babes.

1941

New Yorkeko Museum of Modern Art museoan erakutsi zituen bere lanak. Haren obrak oso harrera ona izan zuen AEBn. Mirók apenas margotu zuen 1941 eta 1944 artean, baina paper gaineko lanen ekoizpen oparoari ekin zion urte horietan. 

1944

Zeramikako hainbat lan egin zituen Josep Llorens i Artigasekin elkarlanean.

1947

Horma-irudi bat egin zuen Harvardeko Unibertsitaterako. Ondoren, beste hainbat enkargu ere egin zituen, esaterako Cincinnatiko Terrace Plaza Hotelerako eta UNESCOren Parisko egoitzarako.

1950

Mallorcan finkatu zen behin betiko. Josep Lluís Sertek diseinatu zion tailer berrian formatu handiko obrak margotu ahal izan zituen, eta teknikak eta materialak berritzeko urte batzuk lehenago abiatutako bideari jarraitu ahal izan zion.

1966

Hainbat ensanblaje egin zituen askotariko objektuetatik abiatuta, eta brontzezko eskulturak sortu zituen horiekin.

1978

Teatre de La Claca konpainiaren Mori el Merma ikuskizunerako dekoratua eta jantziak egin zituen.

1983

Joan Miró Palma Mallorcakoan hil zen.