Edukira zuzenean joan

Juan Muñoz. Atzera begirakoa

Sarrera

Juan Muñoz. Atzera begirakoa

Madrilen, 1984an, pareta baten kontra jarria zegoen eta goialdean balkoi bat zuen eskailera kiribil txikia aurkeztu zuen Juan Muñoz-ek (Madril, 1953–Ibiza, 2001) bakarka egindako bere aurrenetako erakusketetako batean. Obra horri buruz hauxe esan zuen artistak: “oroitzen dut pieza hori izan zela halako nortasun-sentsazioa eragin zidan lehena”. Bere ibilbide artistikoan arkitektura-elementu hori maiz errepikatuko zen, eta hogei urte baino gehiago igaro direnean, iraulita dagoen eskailera kiribil txiki batek hasiera emango dio Muñozi nazioartean eskainitako atzera begirako erakusketa garrantzitsuenari. 80 artelan baino gehiago aurkeztuko dira, erakusgarri egon ez diren obrak barne: eskulturak, instalazioak, marrazkiak, irratiko obrak eta idatziak.

Hogei bat urtetan, Juan Muñozek bere hizkuntza berezia landu eta narratibotasun handiko corpusa sortu zuen, mendebaldeko kulturaren historiatik jasotako erreferentzia ugari biltzen zituena. Bere obra guztiek gonbidatzen dute ikuslea eurekin erlazionatzera, bakardade- eta introspekzio-sentsazio nabarmena sorraraziz. Ikusten dena ez da itxuraz ematen duena: balkoi hutsetatik begiradak hartzen duen espazioetan gertatzen dena antzeman daiteke; helmugarik ez duten eskudelek mina eta egonezina ere eragiten dute indarkeriarekin lotutako elementuak barne hartzean —labanak, adibidez—; Barrokoaren oihartzunak zoru optikoetan geratzen dira agerian: Borromini-ren arkitekturarekin jolasten du Erromako Palazzo Spada gisako eraikin adierazgarrietan, eta espazio horietatik dabilen pertsonaia kokatzen eta eszenarazten du, bertan ekin dezan; airean esekitako irudiek Edgar Degas-en trapezista gogora ekartzen digute; pertsonaia-taldeek, berriz, Luigi Pirandello-ren Maschere nude (Maskara biluziak) antzerkiaren moduan, elkarri begiratzen diote. Ahots mutu horiek guztiak soinuak ahoskatzen saiatzen dira eta zurrumurru gorra sortuko dute erakusketan barrena.

Tate Modern-ek eta Guggenheim Bilbao Museoak elkarlanean antolatu dute erakusketa eta Bilboko aurkezpenean artistaren tamaina handiko obra ezagunak egongo dira, adibidez, Solasaldi-eszena (Conversation Piece, 1994), Hamahiru bata besteari barre egiten (Thirteen Laughing at Each Other, 2001) edo Errailetik irtetea (Derailment, 2000–01). Instalazioaren diseinua Gehry-ren espazio arkitektoniko bereziekin elkartzeko propio asmatua da eta horregatik da, hain zuzen ere, erakusketa hain berezia; areto bakoitza istorio etengabe baten kapitulu bati dagokio eta istorioan bertan gure asalduren isla antzeman dezakegu barne-hausnarketan dabiltzan irudiei begiratzen diegunean.

Gakoak

Erakusketa hau Juan Muñoz artista espainiarrari nazioartean eskainitako atzera begirako erakusketarik garrantzitsuena da. Bertan, eskulturak, instalazioak, marrazkiak, irratiko obrak eta idatziak izango dira.

Mendebaldeko kulturaren historiatik jasotako erreferentzia ugari biltzen dituzte obrek eta ikuslea eurekin erlazionatzera gonbidatzen dute, bakardade- eta introspekzio-sentsazio nabarmena sorraraziz.