Edukira zuzenean joan

Max Beckmann: urmargoak eta pastelak

hezkuntza-edukia

Max Beckmann. Biografia

Izenburua:
Max Beckmann. Biografia
Erakusketa:
Max Beckmann: urmargoak eta pastelak
Gaiak:
Ibilbide artistikoa | Erbestea | Bigarren Mundu Gerra | Lehen Mundu Gerra | AEB | Alemania
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa | Objektibotasun Berria
Aipatutako artistak:
Beckmann, Max

Max Beckmann (1884-1950)

1884: Max Beckmann Leipzigen jaio zen otsailaren 12an.

1898: Kontserbatzen den aurreneko lanean, Diamantezko mendia (Diamantberg) gouachean, Beckmann betikotasunaren nozioa arakatzen hasia zela antzematen da jadanik.

1899: Apunteen koaderno bat erabiltzen hasi zen, ia etengabe osatzen jarraituko zuena. Lehenengo koadernoak pertsonen estudioak biltzen ditu batez ere, gehienak koloreztatuak.

Garai hartakoa da bere autorretratu ugarietatik lehena.

1900: Beckmann Weimarreko Grossherzogliche Kunstschule arte eskolan sartu zen. Bertan, Otto Rasch eta Frithjof Smith izan zituen irakasle.

1903: Eskola utzi ondoren, Beckmann Parisa joan zen eta hilabete batzuk egon zen han bizitzen.

1904 1904/05eko udan: Gazteak itsaso ondoan (Jungue Männer am Meer) pintatzen hasi zen. Pintura horrek agerian uzten du Paul Cézanne-ren eta Edvard Munch-en eragina. Koadroa Weimarreko Grossherzogliche Museum-ek eskuratu zuen. Villa Romana beka eman zioten, Florentzian egonaldi bat egitea berarekin zekarrena.

1906: Beckmann Minna Tube-rekin ezkondu zen eta Parisa joan ziren eztei bidaian.

1907: Abuztuan, bikotea Berlin ingurura joan zen bizitzera, Hermsdorfera, Minnak diseinatu zuen etxera.

1908: Haien seme Peter jaio zen, gerora mediku izango zena (1990ean hil zen).

Beckmannek gertutik parte hartu zuen Berlingo Sezession taldean.

1912: J.B. Neumann ezagutu zuen. Artistaren lan grafikoaren herena baino gehiago argitaratu zuen hark Berlinen eta bere lehenengo merkataria izan zen AEBn.

1913: Bakarkako lehenengo erakusketa handia egin zuen Berlingo Kunstsalon Paul Cassirer aretoan, eta urte hartan Beckmanni buruzko lehenengo monografia agertu zen haren editorialean, Hans Kaiserrek idatzia.

1914: Gerra hasi zenean Beckmann boluntario joan zen konboi batean ekialdeko frontera, eta abenduan Flandeserantz abiatu zen. Bertan zela, erizain gisa lan egin zuen kanpainako hainbat ospitaletan 1915eko uztailera arte.

1915: Gerrako bizipenak hainbat eta hainbat marrazkitan eta emazteari bidaltzen zizkion eskutitz ugarietan adierazi zituen. Emaztea, bitartean, operako soprano gisa ari zen emanaldiak ematen Alemanian eta, 1918az geroztik, Grazen. Abuztutik urrira Estrasburgora bidali zuten Beckmann. Han, depresio batek jota egon zen frontean bizitako esperientzien ondorioz, eta lizentziatu egin zuten. Beckmannen Briefe im Kriege [gerrako gutunak] Kunst & Künstler aldizkarian argitaratu zituzten.

Urritik aurrera Frankfurt am Mainen bizi zen; hasieran, Ugi eta Fridel Battenberg-en etxean hartu zuten, Schweizer kalean, eta lagunaren tailerrean aritu zen han lanean.

1918: Beckmannen dotrina artistikoa, Schöpferische Konfession [Sorkuntzako aitorpena] argitaratu zuten. Urte hartan bertan Gaua (Die Nacht) pintatu zuen, bere pintura estilo berriaren funtsezko lana.

Gerran bizitako esperientzia gainditzeko prozesu horretan sortu zituen grabatu karpeta hauek: Aurpegiak (Gesichter) 1918, Infernua (Die Hölle) 1919, Gaua hirian (Stadtnacht) 1920, Urteko azoka (Jahrmarkt) 1921 eta Bidaia Berlinetik (Berliner Reise) 1922.

1924: Vienan, Beckmannek Mathilde (1904an jaioa) ezagutu zuen, Municheko August von Kaulbach pintorearen alaba gazteena.

1925: Uztailean Minna Beckmann-Tuberengandik banandu zen, geroztik oso lagun onak izango baziren ere.

Irailean Mathilde von Kaulbachekin ezkondu zen Munichen, artistak Quappi (1986an hila) deitzen ziolarik maitekor, eta Italiara joan ziren eztei bidaian.

Urritik aurrera irakasle kargua lortu zuen Frankfurteko Städelschule eskolan.

Kontratu bat egin zuen J.B. Neumannekin, hari aldizka koadroak saltzeko.

1926: Beckmannek New Yorken egin zuen lehenengo erakusketa J.B. Neumannen galerian izan zen.

1927: Beckmannen “Der Künstler im Staat” [Artista Estatuaren barruan] artikulua argitaratu zen.

Momentu hartatik aurrera nabarmen gehitu zituen paper gaineko koloretako lanak, eta pastel eta akuarela ugari sortu zituen hogeita hamarreko hamarkadaren bukaerara arte.

Udan Italiara joan zen, Riminira hain zuzen.

1928: Bakarkako erakusketa handia egin zuen Mannheimeko Kunsthalle-n. Beckmannek ospe handieneko garaia izan zuen Alemanian.

1929: Frankfurteko hiriak ohorezko sari nagusia eman zion. Proffesor izendatu zuten Berlingo Städelschulen.

1931: Bakarkako lehenengo erakusketa egin zuen Parisen, Galerie de la Renaissance-n. Frantziako prentsak “Picasso germanique” deitu zion.

1932: Max Beckmann aretoa sortu zuten Berlingo Galeria Nazionalean.

1933: Hitler kantziler izendatu ondoren, Städelschule eskolan zuen kargutik kendu zuten Beckmann eta Berlina joan zen, hiri handiaren anonimatuan trabarik gabe lan egin ahal izango zuelakoan.

Stephan Lackner idazle eta konpositorearen lagun egin zen.

1934: Lacknerrek Neba-arrebak (Geschwister) eskuratu zuen, Beckmannek aldaketa txiki batzuekin akuarelara eraman zuena.

Zandvoortera eta Parisa joan zen.

Urte hartan eta ondorengoetan Holandako eta Bavariako paisaien akuarela sorta batzuk egin zituen.

1935: Ohlstadtera eta Zandvoortera joan zen.

Karl Buchholz arte-merkatariarekin eta bere kolaboratzaile Curt Valentine-kin elkarraldiak izan zituen.

1937: Munichen izan zen Entartete Kunst (Arte degeneratua) erakusketan, Max Beckmannen zortzi obra gutxienez egon ziren ikusgai. Agintari nazionalsozialistek Beckmannen 600 bat obra konfiskatu zituzten Alemaniako museoak arpilatu eta gero. Hitlerrek Alemaniako Artearen Erakusketa Nagusiaren inaugurazioari buruz irratian eman zuen mintzaldiaren ondoren, hurrengo egunean, Beckmannek Amsterdamera emigratu zuen eta harrez gero ez zen inoiz Alemaniara bueltatu.

1938: Uztailean, Beckmannek “Über meine Malerei” (Nire pinturari buruz) hitzaldia eman zuen Londresko New Burlington Galleries aretoetan, 20th Century German Art (XX. mendeko arte alemana) erakusketa zela eta, Entartete Kunst (Arte degeneratua) erakusketaren erantzun gisa antolatutakoa.

New Yorken zuen galerian Curt Valentinek Beckmannen bakarkako erakusketa antolatu zuen.

1939: Ekainera arte Parisen izan zen; hiri horretan geratzeko asmotan zebilen baina ezin izan zuen II. Mundu Gerra hasi zelako. Bestalde, AEBra emigratzeko aukera guztiak galdu zituen, Art Institute of Chicago-k hara joateko eskatu bazion ere, besteren artean Mies van der Rohe bera tartean sartuta egon zelarik gai horretan.

Vienako arte-merkatari eta Beckmannen lagun Käthe von Porada-k artistaren akuarelak eta gouacheak erakutsi zituen bere etxean.

1940: Alemaniak Herbehereak inbaditu zituen.

1941: Frankfurteko enpresaburu Georg Hartmannek Apokalipsia [Done Joanen agerkundea] irudiztatzeko eskatu zion Beckmanni

1943/44: Georg Hartmannek Goetheren Fausto obraren bigarren zatia irudiz hornitzeko eskatu zion Beckmanni; 143 marrazki egin zituen lumaz eta tintaz.

1945: Erakusketa bat izan zuen Amsterdameko Rijksmuseum-en, eta bertako fondoetarako 1941eko Max eta Quappi Beckmannen erretratu bikoitza (Doppelbildnis Max und Quappi Beckmann) pintura eskuratu zuten.

1946: Zailtasun batzuen ondoren, Beckmannek “Non enemy” estatusa lortu zuen abuztuan, eta Holandatik ez erbesteratzea lortu zuen horrela.

Berlin, Darmstadt, Hanburgo eta Municheko unibertsitateek, eta 1950ean Frankfurtekoak ere, irakasle karguak eskaini zizkioten, hark ez zituen onartu, ordea.

Eguna eta ametsa (Day and Dream) lanarekin, Curt Valentinek eskatuta, bere azken sail grafiko handia sortu zuen; Beckmannek berak koloreztatu zituen karpeta haietatik bost.

1947: Perry T. Rathbone, St. Louiseko City Art Museum-en zuzendaria, bisitan joan zitzaion tailerrera eta hiriko unibertsitatearen gonbitearen berri eman zion

Abuztuaren amaieran, Max eta Quappi Beckmann New Yorkera joan ziren itsasontziz.

Urrian, Beckmannek irakasle kargua hartu zuen Washingtoneko Unibertsitatearen arte eskolan, St. Louisen.

1948: Bakarkako lehenengo erakusketa handia egin zuen City Art Museum-en, St. Louisen, ondoren Detroiten, Los Angelesen, San Franciscon eta Cambridgen (Massachusetts) ikusi ahal izan zena. Columbiako Stephen’s College-ren gonbitea jaso zuen, eta bertan Quappik lehen aldiz irakurri zuen jendaurrean Max Beckmannen Drei Briefe an eine Malerin (Pintore bati zuzendutako hiru gutun) idatzia.

Udan, hiru hilabeteko egonaldia egin zuten Amsterdamen eta bertan zuten etxea desmuntatu zuten.

1949: Saltoki handi batzuen jabe zen Morton D. May-ren lagun egin ziren. Beckmannen lanen bilduma handiena egin zuen hark, artistaren garai guztietako obrez osatua.

Irailetik aurrera, Beckmannek irakasle kargua onartu zuen New Yorkeko Brooklyn Art School-en.

1950: Ekainean St. Louisera itzuli zen, Washingtoneko Unibertsitatera, Honoris Causa Doktore izendatu zutelako.

Beckmann bikoteak Kalifornian igaro zituen oporrak. Abuztuaren erdialdera arte irakasle kargua bete zuen Mill’s College-n, Oaklanden (Kalifornia). Abuztuaren amaieratik aurrera, Brooklyn Art School-en zuen lanaz gain, Beckmannek eskolak ematen zituen New Yorkeko American Art School erakunde pribatuan.

Abenduaren 27an, etxetik Metropolitan Museum-erako bidean, Max Beckmann bihotz-gelditzearen ondorioz hil zen.