Edukira zuzenean joan

Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea

hezkuntza-edukia

Oskar Kokoschka. Artista polifazetikoa

Oskar Kokoschka (1886–1980) margolariari eskainitako erakusketa honi buruzko Didaktikak sortzailearen irudi polifazetikoaren zenbait alderdi azaltzen ditu, Kokoschka behatzaile, errebelde, margolari, artista “degeneratu”, irakasle, humanista eta sozialki konprometitutako pertsona gisa aurkezten duten testu, irudi eta aipuen bidez. Irakurgai dagoen aipuetako bakoitzak ezaugarri horietako batekin du lotura, eta dagokion ezaugarriaren gris kolore beraz dago adierazita. Gune honetan ikusgai dagoen ikus-entzunezkoan, Kokoschkak bere lehen obren funtsezko alderdi batzuk azaltzen ditu, Grezia klasikoari zion mirespenaz hitz egiten du eta bere Begiradaren Eskolaren ikuspegi didaktikoa azaltzen du. Bestalde, haren bizitzan eraginik handiena izan zuten liburuetako batzuk, hala nola Comeniusen Orbis Sensualium Pictus eta Homeroren Iliada, kontsultagai daude, baita Kokoschkaren autobiografia —Mein Leben (Nire bizitza)— eta erakusketaren katalogoa ere.

BEHATZAILEA

Kokoschka haurra zelarik, aitak Orbis Sensualium Pictus liburua oparitu zion, Jan Amos Komenský pedagogoak 1658an idatzia. Egileak, Comenius izenez ezaguna bera, fede handia zuen hezkuntzaren gaitasun eraldatzailean, eta liburu haren ikuspegi pedagogiko eta bisualak arrasto sakona utzi zuen artistarengan. Handik aurrera, Kokoschkak ezagutzaren bilaketa izan zuen helburu bizitzan eta lanean. Irudiaren bidezko mundo ulerkerak eragin handia izan zuen urte batzuk geroago haren pentsamendu politikoan ere.

ERREBELDEA

XIX. mendearen amaiera eta XX. mende hasiera bueltan, Kokoschkak Jugendstil edo Vienako modernismoaren berezko apaindura-estiloa baztertu eta giza irudiaren errepresentazio gordinaren aldeko hautua egin zuen. Gainera, bere testuetan ere, gai eztabaidagarriak plazaratu zituen, hala nola tabu sexualak. Horrek guztiak Vienako gizarte kontserbadorea aztoratu zuen. Hala, prentsatik jaso zituen kritika gogorren kontrako protesta gisa, ilea larru-arras moztu zuen Kokoschkak, preso baten itxura hartuta.

MARGOLARIA

Bere erretratuetan, bere modeloen barne-izaera transmititzea bilatzen zuen Kokoschkak, haiekiko antzekotasun fisikoa lortzea baino gehiago. Horretarako, margotu bitartean, hizketan jarduten zuen haiekin, eta beren zereginekin jarraitzen uzten zien, haien barnekoa azalera atera zedin. Erika Tietze-Conrat-ek, Kokoschkaren lehen modeloetako batek, gogoratu zuen bezala, artistak lan egiteko modu berezia zuen: mihisea belaunen gainean hartu, eta pintzelarekin margotzen hasten zen, ondoren atzamarrekin, eta, batzuetan, azazkalekin marratzen zuen gainaldea.

“ARTISTA DEGENERATUA”

1937an, nazien propaganda-ekimenak Arte degeneratua izeneko erakusketa ibiltaria antolatu zuen Munichen. Izan ere, erregimenak hala kalifikatzen zuen estilo ofizialetik aldentzen ziren artisten sorkuntza-lana. Kokoschkaren koadro batzuk erakusketa horretan sartu zituzten, hala nola Autoerretratua bi aldetatik (1923) izenekoa, gaixo mentalek egiten dituzten lanen parekotzat hartua izan zena.

Kokoschka Pragan zegoen orduan, eta “Artista degeneratu” baten autorretratua (1937, 209 aretoan ikusgai) margotuz erantzun zion erakusketari. Mihisean, atzean ageri diren ehiztariak eta oreinak ihesa eta jazarpena irudikatzen dute.

IRAKASLEA

1953an, Kokoschkak Begiradaren Eskola sortu zuen Salzburgon, gazteei erakusteko mundu modernoko errealitatea hautemateko modu bakarra behaketa baliatzea dela. Haren irakaskuntza-metodoak ez zetozen bat arte-hezkuntza tradizionalarekin: aurrez aurre margotzeko pintura-eskoletan, mugimenduan zeuden modeloak pintatzen zituzten, ez geldi zeudenak, eta akuarelaren erabilera bultzatzen zen, nahiz eta teknika zaila izan. Gaur egun, Kokoschkaren ondare horrek Salzburgoko Arte Ederren Udako Nazioarteko Akademian dirau bizirik.

HUMANISTA

Bi mundu-gerra bizi ondoren, Kokoschkak bere ideia humanistak adierazteko beharra sentitu zuen. Antzinate klasikoa garrantzi handiko erreferentea izan zen haren azken margolanetan eta idatzietan. Abstrakzioa gailentzen ari zen eta teknologiaren nagusitasuna gero eta nabarmenagoa zen une batean, giza irudia ardatz zuten greziar mitoak irudikatuz bideratu zuen Kokoschkak gizartea hezteko bere ahalegina. Artistak gizartearen eta gizabanakoaren paradigmatzat zeukan Grezia; horregatik, antzinateko objektu ugari bildu zituen bizitza osoan zehar.

GIZARTEAREKIKO KONPROMETITUA

1935ean, Pragan erbesteraturik, Kokoschkak Tomáš G. Masaryken erretratua margotu zuen. Artistaren arabera, berak ere bazituen ideal batzuk pertsonifikatzen zituen Txekiar Errepublikako presidente ohiak, hala nola balio humanistetan oinarrituko etikaren eta askatasunaren ideia sendo bat. Urte batzuk geroago, Kokoschkak Txekiar Errepublikako gerra-umezurtzentzat eman zituen erretratu harekin lortutako irabaziak. Haur zaurgarriak ere protagonista izan ziren haren hainbat obratan. Horren adibide dugu, esaterako, Lagundu euskal haurrak! (1937), Gernikako bonbardaketaren kariaz egindako